Jolas dezagun igarle izatera eta eman
diezaiogun aukera gure irudimenari. Zer gertatuko ote urriaren lehenean?
Garai batean jai izaten genuen hamargarren
hilabetearen aurreneko egunean, diktadoreari egiten baitzitzaion men, hain egun
seinalatu horretan, baina 1936koan, Francok bere burua estatu buru izendatu
zuen eta. Nork esango zion galiziarrari laurogeita bat urte geroago bere
Espainia "una, grande y libre" hain zatitu, jipoitu eta kateatua
egongo zela?
Gauza da datorren igandean kataluniarrak,
teorian behintzat, boza ematera joango direla eta inortxok ez daki urek nondik
joko duten. Seguru dagoen bakarra da ur lohiak dakartzala errekak eta balizko
uholdeak kalte asko egingo dituela, isuri alde batean eta bestean.
Historiak hamaika adibiderekin erakutsi duen moduan, naturak beti altxatu du
burua hondamendiaren ostean. Gehiago ala gutxiago kostako zitzaion baina
azkenean garaile atera da gizon emakumeok ezarri ohi dizkiogun penalitateetatik.
Francok ere uste zuen bere legatua ukiezina zela eta okertu egin zen.
Argazkia: eitb