Badira opariak, eta opari ederrak. Azken
hauetako bat egin dit lagun batek. Liburuxka bat da, irarkolatik atera berria.
Ez dakit zenbat ordaindu behar den dendan formatu apaleko orrialde gutxiko honengatik.
Poemak ditu irakurgai; ziurrenik ez da garestia izango. Baina Jon Iñaki
Lasa eskuzabala izan da nire eskuetan bere azken ekarpen literarioa uztean.
Ikaragarri gozatu dut 58 olerkiekin.
Poema ederrak. Jon Iñakiren esku, buru eta bihotza ilaran jarri dira izkiriatzean,
bestela ezin da hain lerro gutxitan horrenbeste edertasun bildu. Hitz neurtuak,
egokiak, barne muinean eragin dardaragarria pizten dutenak. Hitzez hitz, ia-ia
hizkiz hizki- dastatzera gonbidatzen duten poema biziak.
Tere Irastorzaren hitzaurre bikainaren ondoren irakurlea Jon Iñakiren mundu izpiritual
magikoan sartzen da. Eta olerki eraikin sendo bezain miragarri batekin egiten
du topo, osaba Josemarirenganako afektibitate zintzoari jarraikiz Jon Iñakik
bere literaturarekin jaso duena, 78 orrialdetan. Eskerrik asko, adiskide.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina