BILATU

Raxoy etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Raxoy etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 18, 2015

DOAKO BARRETERAPIA



Barreterapia ei da, zenbait gaixotasunen sindrometik ateratzeko pertsonen baitan aplika daitekeen metodorik eragingarriena. Gure gizartean gero eta gehiago dira barne sintoma negatiboetatik aldentzeko asmoz barreterapiaren ingurura biltzen diren lagunak. Agian horrek esan nahi du gure gizartearen osasun egoera egunetik egunera okerragotzen ari zaigula, baina badaezpada ere oraingoan silogismoetatik kanpo geratuko naiz. Ez diot inori arrazoirik zerbitzatu nahi, tipo ezkortzat har nazan. 

Aitzitik, nik ere, barrearen onuraz konbentzituta, irakurleari pista batzuk eman nahi dizkiot. Debalde, gainera. Begira: zerrendatxo batean gaixotasunaren balizko zenbait kausa idatziko ditut, negarra sorrarazi beharrean irakurleari barregura eman behar diotenak. Zoaz poliki, lagun, eta ikusiko duzu zein ondorio goxoa duen barreak. Erreza da. 

A.- Jorge Fernandez espainiar Barne Ministroak esan berri du guardia zibilak ez direla EAEtik sekulan joango. (Arnasa hartu soseguz eta ekin barreari)

B.- Raxoyren iritziz ustelkeria ez da bere alderdiaren arazo estrukturala. (Arnasa ... )

C.- Obamak mila dolar baino gutxiago dauka bere kontu korrontean (Arnasa ...)

D.- Franciscok esan du Mahmud Abbas palestinarra bakearen aingerua dela (Arnasa ...)

E.- Esperanza Agirre eta Cifuentesek otoitz egiten diote San Isidrori, enplegua sor dezan (Arnasa ...)

F.- (Irakurri gaurko egunkariko titularrak eta nahikoa duzu zure zerrenda propioa egiteko)



http://www.fentmuntanyaiformacio.es

apirila 20, 2015

RATO CONNECTION

Inork uste al du azken atxiloketak adierazten duela espainiar justizia bere betebeharrarekin konplitzen ari dena? Espainiako gobernutik eta bere sokako medio batzuetatik lapurra komisaldegiratzearen ostean azaldu zaigunaren arabera, justizia denentzat berdina dela frogatu da. Tontotzat hartzen gaituzte. 

Rato Connection dei genezakeenarekin ez da ezer egiaztatu espainiar justiziaren ontasunaz; hori bai, txorizo batzuk inguratuta senti daitezen balio izan du operazio polizialak, epaile eta fiskalaren onespenarekin gauzatua. Justizia operazioaren muturra zein lapikotan egosi den ezagutuko balitz arrastotxoren bat eduki genezake justiziaren helmenari buruz. Baina Raxoyren ezkutuko hautes-plangintza makiavelikoa non amaitzen den jakiterik ez denez gero, auskalo zein inguru teatralean eszenifikatzen ari den oraingo pieza tragiko-dramatikoa. 

Eskularru zuriko zenbait lapurtzar inguruari kezka pittin batekin begiratzen ari zaizkiola egia izan daiteke, batez ere euren harrokeria kirasdunean zaurituta sentitzen direlako, ukiezinezko nolakotasun magikoa bat-batean erori zaienez gero. Baina lehen bezain lapur galantak izaten segituko dute - berezko izaeran baitoa karakteristika hori, DNAko xehetasunen baten antzera- eta etxean lasai asko geratuko zaizkigu, ostutakoa itzuli gabe eta ziega saihestua.
 
Rato - bere estiloko aurreko (eta oraindik aterako diren) gaizkile guztiak bezalatsu- ongarritu dituen sistema politiko eta sozial itsu eta gormutuaren ondorioa da. Horregatik, justiziak bere betekizunarekin konpli dezan hankaz gora jarri beharko litzateke sistema hori sostengatu duen eskema, esfera politiko eta judiziala bestelakotuz. Hau da, Raxoy-Gonzalez-Aznar-Sanchez eta estilo bertsuko piztien egitura zeharo erauzi behar da gure artetik, gizartea berpiztuko bada. Osterantzean Rato eta enparauek euren autokonplazientziatik begiratuko digute, iseka eginez

http://www.fentmuntanyaiformacio.es 




iraila 16, 2013

BURUJABETZA KULTURALIK EZEAN…



Igaro zen Diadako katalanen kale-erakuspena eta aitortu behar dut egun hartan inbidiak gainezka egin zidala. Jardunaldi arrakastatsuak oihartzuna izan du mundu osoan, publizitate kanpainarik ausartuenak erdietsiko ez zituen mailetara iritsiz eta Katalunia mapan kokatu da ostera, nazio bezala eta estatu propio baten aldarrikatzaile konprometitu  gisa. Nola ez sentitu inbidiarik espektakulu horren aurrean?

Raxoyk eta, oro har, "Espainia bata eta zatiezina"k katalanen subiranotasuneko prozesuari ipiniko dizkioten era guztietako eragozpenak handiak izango diren arren, Kataluniako Gobernuaren eta hango alderdi politiko ia gehienen ekimenez kale erakuspen magistralean azaldutako indarra hortxe dago eta burujabetzaren aldeko karreran mugarri dezente gainditu dituzte, atzera egiterik nekez izango duena.

Guk, bitartean, noraezean segitzen dugu, labirintoan galduta bagenbiltza bezala. Euskaldunak ez gaude prestatuta  jauzi kualitatiboa emateko. Mende erdi bat alperrik galdu dugu geure burua definitu gabe eta oraindik ez daukagu garbi zer garen eta nora nahi dugun joan. Gauza jakina da Franco jeneralak beldur gehiago ziela katalanei euskaldunoi baino. Ez, hain zuzen, gehiago direlako - hori egia  bada ere- baizik eta ziur zegoelako balizko arriskua guk gure arteko liskar antzuetan ezabatuko geniela.  Ez zebilen oker diktadorea.

Egungo baldintza objektiboei erreparatuz,  euskaldunon burujabetza politikorako lasterketa galduta daukagu abiapuntutik  atera baino lehen. Areago: oraingoz bederen, norgehiagoketarako dortsalak ere ez zaizkigu  banatuko. Eta egiaztapen samin horren ondoan beste baieztapen batek arriskutan jartzen du etsipenari aurre egiteko nire ahalmena: burujabetza kulturalik ezean jai du Euskal Herriak. Ad calendas graecas?



Argazkia: wikipedia