BILATU

abuztua 26, 2013

OPORRETATIK DIBORTZIORA



Laurogeita hamasei urteko lagunak bigarren marianitoa eskatu du -ni ohiko ebaki deskafeinatuarekin nenbilen bitartean- eta eguneko albisteak aletzen segitu dugu, kafetegian eserita abuztuko eguerdietan ohi dugun bezala. 

Egunkaria beteta zetorren gaur, toki, herri eta nazioarteko mailako berriekin. Errepasoa eman diegu, besteak beste, Egiptoko Mubarak presidente ohia kartzelatik atera dela zioenari eta Siriako arma kimikoen eskandalu hipokritari. Nire adiskidea espainiar gerra "inzibilean" aritu izan zen -irabazleen aldean- eta asko daki taktika militarraz. Nik baino askoz gehiago, noski, Zamorako Montelarreinako miliziak ozta-ozta gainditu bainituen eta armada guztiak soberan ditut.

Baina gaurko albisterik mamitsuena eta agureak lehen lerrora ekarri nahi izan duena, oporren osteko dibortzio eskari kopuru altuari dagokiona izan da. Urtero irakurtzen dugun berri berdintsua genuen -estatistiken datuak gora behera- eta soziologo baten ikuspuntuarekin apainduta zegoen gaur ere egunkariko artikulua, adituaren ekarpenak ezer berririk eskaintzen ez bazuen ere. 

Senar-emaztearen arteko hausturaren balizko motibo bezala bikotearen  ohiko inkomunikazioa aipatu dut nik, nire oroit-biltegiko argudioa berreskuratuz. Oporraldiak bi kideen arteko asperkeria azalerazten duela gehitu dut, amankomuneko proiektuei heltzeko ezgaitasuna nagusitu egiten zaiela azpimarratuz. Horrekin gutxi izan banu bezala, oporrak haize eta esperientzia berriak dastatzeko aldi egokia dela azaldu diot nire kafe ebakiari azken aurreko zurrutada eman aurretik. Hori bai, generoaren arloa salbatuz, garbi utzi diot bi kideek abenturarako aukera berdinak eduki behar dituztela.

Adiskideak -baserri kulturan jaio, hazi eta hezitua- irribarretsu begiratu dit eta bere bizitza luzeko eskarmentutik bota du: “Ba, ken ditzatela oporrak! Matrimonioak salbatuko liratake-eta” Unetxo batez asaldatu egin naiz: CEOEko Rosell jaunak entzuten badio, agur betiko langileen "oporretarako pribilegio" horri. Ideia horrekin nenbilela deskafeinatua amaitu dut, kezkatuta.

Argazkiak: 

www.revista.peruanosenusa.net
www.hispanidad.com






abuztua 19, 2013

ERLIJIOAK ETA MILITARRAK



Ikaragarri itzela dugu erlijioaren izenean elkar hiltzea. Militarizazioaren garroek erlijioaren alde iluna astintzen dutenean garrasi erdiragarria ozen altxatzen da eta fusilek heriotza ekartzen dute giza taldera. Hori (nire) tesi  bat da, baina erlijioaren desbideraketak fusilak eskuan hartzera gonbidatzen duela idatz liteke ere. Eta bi bideek ondorio berdinera eramango gintuzkete: hondamendira.

Dei dezagun Egipto edo Belutxistan. Berdin dio. Erlijioaren gaineko neurriz kanpoko erabilpenak tragedia sorrarazi du beti, ekialde, mendebal, hego edota iparraldeko kolektibitateetan. Erlijioa gizakien inbentoa da eta horregatik grina guztien arragoa bihurtzen dira gizon emakumeok instrumentalizatzen ditugunean. Gerra santuak zein gurutzadak gizabanakoen ezintasunaren ezaugarri nabarienetakoak ditugu, eta ahalmenik ezak bortizkeriaren abiapuntua gertatu izan dira tximinoa bi oinen gainean ibiltzen hasi zen unetik, edo agian lehenagotik ere.

Irrazionalizazioak hondatu egiten du elkar bizitza, eta erlijioak militar izatezko  muturreko jokaerarekin nahasten direnean ekidin ezinekoa da gizarte eztanda, ez baitago ezer irrazionalagorik  jainkoaren hitza indarrez sartu nahi izatea eta, zer esanik ez, armen bitartez arrazoia ezarri gura izatea baino.

Erlijioak gizakion arteko kohesio gai bezala ikusten dut, elkarri zor zaion begirunetik proiektatua. Osterantzean arma higuingarria bilakatzen dira. Militarren gain, berriz, aldeko ezer gutxi esan dezaket. Baina ezin dut ahaztu pertsonen berezko jokaera arbuiagarriaren seme-alabak direla. Beraz, ia nork konpontzen duen korapilo tragikoa.

Argazkia: www.latercera.com

abuztua 12, 2013

HERIOTZAK ERE DESBERDINTZEN BIDE GAITU




Hegoaldean hiltzea iparraldean baino gauza "bixiagoa" zela uste nuen. Behintzat, literaturak, zineak eta baita antzerkiak ere lurralde epeletako heriotza kolore gehiagokoa izaten dela erakutsi digute maiz. Alaiagoa izan balitz bezala. 

Alde horretatik, Oraintsu BBVA Fundazioak kaleratutako ikerketa lan batean azaltzen denez heriotzak desberdintasunak markatzen ditu, azken arnasa ematen duenaren jatorriari begiratuz gero. Eta dirudienez hegoaldekoen heriotzak joera bihurriagoa azaltzen du. Halaxe izango da baldin eta zientzialariek horixe ondorioztatu badute euren datuetatik. Ni ez noa, behintzat, kontrakoa defendatzera. Baina... 

Espainiar estatuan diferentzia nabarmenak ematen bide dira heriotzaren arrazoia eta kopuruari dagokionez. Hego mendebaleko  lurraldeetan askoz datu ilunagoak jasotzen dira iparreko gehienetan baino. Gazteen arteko heriotza maila handiagoa da hegoan eta bihotzeko edota burmuineko infartuak maizago gertatzen dira; halaber, diabetesak eta hipertentsioak zendu gehiago uzten ditu lurralde beroagoetan. 

Heriotza-tasak diferentzien errealitatea utzi du ikerketak agerian. Heriotza-atlasa osatu dute ikerlariek milioika daturekin eta lanaren aurkezpenaren ondoko medioen titularrek hego eta iparraren arteko zulo iluna azpimarratu dute. Baina azalpenak morboarekin zerbitzatu dituztela esango nuke, ipar eta hegoaren tentsio sozial zein politikoa areagotzera alderatu izan balira bezala. Neurri batez, helburua lortu dutelakoan nago, zenbait medio digitalen zutabeetan jarraitu baitut albistearen tratamendua eta irakurleen iritziek, oro har, iparraldekoen "ohiko pribilegioak" haizatu eta jipoitu egiten zituzten, itsukeriatik. 

Argigarria izango litzateke, oraingo ikerketaren datuei desberdintasunaren arrazoien gaineko beste ikerketa sakon bat gehitzea. Behintzat, diot nik, inori mesederik egiten ez dion  behazun tragiko irrigarria ekidin ahal izango litzateke, eta desberdintasunak txikitzen lagun liezaioke txosten argigarriak. Sarritan ipar-hegoaren arteko diferentzia ez baita geografikoa, burukoa baino. Mentalitatekoa. Jarrerakoa. Bizitzari begirako erabakietakoa, hain justu.

Argazkia: Tere Anda