Apple konpainiak mila milioi mordo bat euro aurreztu
zituen iaz zergak AEBetan ordaindu beharrean Irlandan egiteagatik. Kontuan izan
ez garela hirugarren munduko lurraldez hitz egiten ari! Eredugarria, bai jauna.
Hiritar arrunta ahoa bete hortz geratzen da - naiz-
horren gisako albisteak irakurtzean. Eta horren adabaki xehe gisa Merkelek
diosku, Europar Batasunean urteko bilioi bat euro galtzen dela iruzur fiskala
tarteko. Barkatuko dit kantzilerrak baina ezin dut konprenitu horrenbeste
desproposito. Iruzurra izurrite bihurtu da.
Makineria funtzionarial ikaragarria daukagu Bruselan.
Auskalo zenbat kostatzen zaigun Belgika eta Luxenburgoko hiriburuetan gure
ekimen zalantzagarriak eraikitako egitura erraldoitzarra! Eta zertarako? Europar
Batasuna, beste ezertarako bokaziorik ez duenez gero, ekonomia azpiegitura
ordenatzeko antolatua bada, nola demontre egon daiteke legeria egoki bakar eta
oro jagolerik gabe? Galderak ez dira gutxi, eta erantzunek ez dute iluntasuna
argitzen, interes gehiegi baita tartean.
Europako goi politikoen uneko aieneetan sinesmen gutxi
jartzen dut, bakoitzaren ohiko joko ezleialei erreparatuz. Horregatik,
normalena litzateke balizko lege-koordinazioak eragozpen ugarirekin talka
egitea. Eta artifiziozko suak piztuko dizkigute despistatzearren. Izan ere,
nork jarriko die lepoan lazoa, eskuak multinazionalek lotuta dituzten
estatuei? Eta gurera estrapolatuz, nola nahi dugu aurrera joan
iruzurraren kontra, baldin eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datu fiskalak konpartitzeko
arazorik bada? Eredugarria, baietz!