BILATU

uztaila 28, 2014

HITZEN ARRISKU ERLATIBOA



Nazionalismo hitzak gizarte amorfora bere konnotazio txarra bakarrik helarazten duelakoan nago. Giza-masak ez daki bereizten garia lastotik eta egundoko abilezia du edozein informazio digeritzeko, iturri jarioa nondik datorkion eta nork maneiatu duen pentsatzen hasteko bat ere gogorik gabe. 

Ohituta (eta nekatuta) gaude  nazionalismo kontzeptuaren esparrutik bere burua defendatu nahi denari adierazpen okerreko azalpenarekin kontraerasotzen zaiola ikusteaz.  Gehienetan, gainera, makro nazionalismo oro suntsitzailearen ahots gailuetatik botatako mezu apokaliptikoez apainduta zerbitzatzen zaigu erantzuna; edota internazionalismo zalantzagarri bezain  ulergaitz eta herrenaren pulpitutik. Tanto monta. 

Erabakitzeko eskubidea, berez, demokratikoa da, areago nazio herri batek aldarrikatzen duenean. Eta beraz, mota guztietako eragozpen eta langa makineriaz baliatuz, eskubide horren kontra diharduena demokraziaren ipurdian ostikada galanta ematen ari da, nahiz eta hitz ponpoxo eta arranditsuak erabil ditzakeen, estatu nazioaren lege engranajea antzugarriarekin batera, noski. 

Nazionalismo hitzaren mamia al da arriskutsua edo erabakitzeko eskubidea behin eta berriz ukatzen dutenen jarrera oldarkorra? Nazionalismo fatxaren eta saloiko inter-nazionalismoaren artean euskaldun askorena nahiago dut: pertsonen eta herrien borondateari aukera ematea defendagarria dela aldarrikatzen du-eta.

Argazkia: Tere Anda 

uztaila 21, 2014

WHAT A WONDERFUL WORLD?




Biziki atsegin dudan Louis Armstrongen abestia entzuten ari nintzen eta ezin nuen nire burutik ez-soseguaren sentsazioa uxatu. Eguneko albisteak nituen presente eta "Satchmo"ren hitzak errealitatearekin nekez egoki zitezkeelako egiaztapen mingotsak gainezkatzen ninduen, guztiz.

Israelek Gazan palestinarrekin buruturiko sarraskia ikusten ari nintzen alde batetik eta Armstrongek mundua ederra dela ikusarazi nahi zidan, behin eta berriz.
Ukraina eta Errusiaren arteko liskarren ondorioz eroraraziko hegazkinaren irudiak zekarzkidan telebistak  Orleans Berriko abeslariak bere mezu optimista helarazten zidan batera.

Zerbait ez zitzaidan koadratzen. Hainbeste odol eta burugabekeriaren aurrean  botere politikoak itsuarena egiten ari direnean ... mundua ederra dela baieztatzeak jokoz kanpo uzten ninduen. Eta hurrengo oporraldiaren esperoan gizarte zibilak ere beste norabait begiratzen duenean … esperantzari eutsi ote diezaiokegun zetorkidan burura. Benetan, ez nintzen eroso sentitzen.

Nola arraio iritsi gara gizon emakumeok hain krudelak izatera? Zerk eraman gaitu lagun hurkoari horrenbeste kalte eragitera? Nork gera lezake betiko berezko bortizkeriaren garra?

Orduan, galdera latzekin batera, Armstrongen  desio eta iragarpen tantez  zipriztinduriko abestiko azken notak aireratu ziren eta nigan gorputz hartu zuen beste behin itxaropen izpi txiki batek, lehen ere hamaika aldiz gertatu izan zaidan moduan:

I hear babies crying, I watch them grow.
They'll learn much more than I'll never know.
And I think to myself what a wonderful world!

Zaila, oso zaila jarri digu abeslari bikainak inoiz gure jokaera lazgarriari buelta emateko gai izango garela sinestea. Baina odol tanta bizi batekin segitzen dugun bitartean …

Argazkiak: Washington Post, El Universal

uztaila 14, 2014

JAVIER ARANBURU, BETI ARTE!

Aranburu, notak hartzen, Arrasateko Udal pleno aretoan, 1979.12.06

Bi maisu izan nituen  nire kazetaritza-ibilbideko hastapenetan. Lehena Luis Alberto Aranberri "Amatiño" Zeruko Argiako bere "Zenbat gara" sailaren bitartez eta bigarrena berriki hil den Javier Aranburu hondarribiarra. Javier teoriaren irakaslea izan zela esan nezake, eibartarrari ofizioko praktikaren ildo malkartsutik aurrera egitea zor diodan bitartean.

Aranburuk teoriaren ezkutuetatik bideratu ninduen Deia egunkariaren 1977ko aurreneko urratsetan, alde batetik lankideentzat eratu ohi ziren ikastarotxoetan eta, bestetik, nire eskabideei  espresuki eskainitako klase partikularretan. Oraindik  paper zaharren artean gordetzen ditut  apunte gisa Javierren zientzia ekarpen haiek. Jakina, berrogei urte luzeko eskarmentuan kazetari erreferente gehiago izan ditut baina hasiera lanbrotsu hartako bi argi dorreak aipatutakoak gertatu zitzaizkidan.


Javier Aranbururekin adiskidetasuna landu ahal izan nuen gero. Euskalgintzaren entramatuko toki askotan izan ginen kideak eta berarekiko nire miresmena azaldu nion sarritan. Pieza osoko gizakumea genuen, kazetari fin eta langilea.  Eskola zaharrekoa izan arren  kazetaritzaren eboluzio etengabera zegoen abonatua  hondarribiarra, osoko profesionaltasuna erakutsiz.

 Euskal kazetaritzaren historian leku nabarmena irabazi zuen berezko merituz Javier Aranburuk. Berarekin zerbait ikasi genuonoi dagokigu Javierren balioei aukera ematen segitzea, kazetaritzaren oinarrizko elementuak ahaztu ez daitezen. Kazetaritza berriko hainbat profesionalek duintasuna zer den ez dakitenean Javier Aranbururen ikasgaiak praktikara eraman beharrezkoagoak ditugu, profesioaren etika deontologikoan sinesten jarraitu ahal izateko. Beti arte, Xabier!


uztaila 07, 2014

KUTXABANK, ESPERANTZA ZAPUZTUA

Nire lehen harreman finantzeroa Aurrezki Kutxa batekin Unibertsitaterako diru-mailegu bat eskatu nuenean izan zen, 1966an. Ez dakit zenbat paper sinatu behar izan nuen Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa-rekin, artean "creditos al honor" esaten zieten haietako bat eskuratu ahal izateko. Urteko 35.000 ziren eta nor beraren ohorea gutxi zelako nonbait bermatzaile pare baten babesa ere aurkeztu behar genuen. Karrera amaitu ondoren itzuli behar zen diru osoa gehi interesak, gure ohorea garbi utziko bagenuen.

Hamarkadetan joera berezia izan dut aurrezki kutxetarako, euskaldun gehienon antzera, eta eroso sentitu naiz tratuan. Kutxen edozein bulegotara sartzean, bazirudien etxeko luzapen batean geundela, nolabait esatearren, sendiaren diruak toki seguru batean zeudela iruditzen zitzaigun eta. Eurena ez zen bankuren hoztasun tipikoa eta gure funtsen ohiko kudeatzailearengan konfiantza osoa jartzen genuen.

Kutxen arteko harreman laukiak ere sinpatia pizten zuen gure izpiritu ameslarian. Eta batuko balira, euskal kutxa bakar bat sorraraziz? Nafarroakoa ere sisteman genuen, Federazio famatu hartako kidea baitzen beste hiruekin batera. Zertara itxaroten dugu euskaldunon Kutxa bakarra jaioarazteko? 

Baina gauzak okertzen joan ziren gu askoren txundidurako. Hain erreza zirudien prozesua nola arraio desbidera zitekeen hainbeste? galdetzen genion gure buruari, ikusten ari ginena ezin sinetsiz. Itsukeria izan zitekeen arrazoi bakarra. Eta sektakeria. Edo alderdikeria, berdina dena.

Gero etorri zen Europa, edo hori esan zitzaigun behintzat gobernuko instantzietatik. Eta kapitalaren zerbitzupeko makineria birrintzaileak  ametsak debekatu zituen eta aurrezki erakunde haiek desegin zituzten. 

Eta adierazi zitzaigun banku pribatua sortu beharra zegoela. Noski, betiko munstro boteretsu eta higuingarriaren  ad maiorem gloriam … eta banaka batzuen irabazi partikularren hazkunderako. Eta izena ipini zioten: Kutxabank, gu askoren baitan amesgaiztorik txarrenetan ere irudikatu ezin genuen irudi merkantil okerrerazle bihurriarekin. Eta esan zitzaigun Kutxabankek euskal izpiritu ekintzaileari sostengu ematen segituko zuela.

Horregatik, ziurrenik, orain Athletici lagunduko dio hurrengo lau denboralditan. Eta puntu honetan, 1966ko ohoreko maileguak gogoratzen ditut. Tamalez, euskal Kutxei ohorea lapurtu dietela uste dut eta bere tokian duintasunik eza zabaldu dute, eskukada beteez.