BILATU

otsaila 27, 2011

ELIZKIZUNAK LAIKOEN ESKU

Versión en español.

Arrasateko Garagartzako San Migel elizaraino hurbildu naiz gaur goizean. Lekuko izan nahi nuen, herriko eliz-batzordeak hartutako erabaki baten ondorioan: apaizik ezean, auzoetako elizkizunak burutzea gero eta konplikatuagoa denez gero, igandeetako ofizioak laikoen esku geratzen ari dira.

Lagunak ditudan Arantza Ezkurrak eta Joxe Eugenio Otaduyk lehen aldiz hartu dute ardura osoa elizkizunean. Eta nota altuarekin gainditu dute erronka. Gaurkoan Joxe Eugeniok zuzendu du zeremonia, baina hurrengoan Arantzak hartuko du lema. Lauzpabost arrasatear bikote dira dagoeneko elizaz eliza ari direnak.

Honetaraino albistea. Eta horrek hausnarketa txiki bat merezi duelakoan nago. Eliza egunetik egunera gorriagoak ikusten ari da, berrikuntzarako gaitasunik ezean erabat galduta. Eta gainera, badirudi ardatz berdinaren inguruan bueltaka ari dela, gero eta uzkurrago, gero eta zaharkituago. Elizari bere leihoak irekitzeko premia gainezkatzen ari zaio, eta gure tenpluetatik osteratxo bat egitea besterik ez da egin behar, diskurtso monokorde eta anakronikoek zein mesede gutxi egiten dioten ikusteko.

Bi mila urte pasatxo iraun duen erakundea egundoko krisi sakonean erori zen iragan mendeko erdialdera eta egoerak ez du hobera egin, ezta horretarako borondaterik ote duen erakutsi ere, txarrena dena. Oinarriko kristauok penaz begiratzen diogu, multiesklerosiak jota burua jaiki ezinik dabilen elizari. Datorren urtean mende erdi bat izango da, II Batikano Kontzilioa ireki zela, eta haize freskoa ekar zezakeela zirudien gertaera hari frenorik astunena jartzen saiatu dira, Juan XXIIIz geroztik izan diren gainerako goi eliz-agintarien aldetik. Oraindik orain, dagokigun gotzainak etsipenezko sutzarrera egur gehiago bota zuen, “mugitzen dena, infernura!” adierazi nahi izan balu bezala.

Egia esan –eta bekatu larriren antza har dezakeen arren- kristautasun humanistaren bideetatik ibiltzeko ez dut eliza ofizialaren beharrik. Tenplurik egokiena nork bere baitan eraiki dezakeena delakoan nago, lagun hurkoarenganako begirunetik darion giza-arautegia zintzo bete izanik.

Arantza eta Joxe Eugenioren gaurko otoitzekin berriago sentitu naiz.


Ikusi bideo hauek:

http://www.youtube.com/watch?v=MC4xMGpBmAk

http://www.youtube.com/watch?v=kowLFm6k4As

http://www.youtube.com/watch?v=7ivN3xQeNAI&feature=player_embedded#at=133

http://www.youtube.com/watch?v=SSIY6kvuVNA

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN



Gaurkoan lau eskutitz igo ditut, BEHIN IZAN ZIREN blogera. Lauak Jesús Trincadorenak. Kontzentrazio esparru desberdinetan egon zen bitartean Marcos Vitoriarengandik jasotakoak galdu egin ziren, Jesusen bizimodu ez ohikoarengatik. Behintzat, niri ez zizkidan eskuetaratu Trincadok, eta ziur nago berak etxean zituen guztiak entregatu zizkidala.

Trincadok, berezko bere umoreak hala gidatua, deitura desberdinak ematen dizkio Argèles sur Mer-i; Sahara del “Remolino del Diablo”, Costa Azul eta Isla de Argéles. Laugarrenean, hau da, Mexikoko Frantziako Enbaxadoreari bidalitakoan –nik daukadana aurreneko zirriborro bat delarik- marrazki bat eskaintzen digu arrasatearrak.

Trincado ziur zegoen egun haietan Mexikorako igarobidea iritsiko zitzaiela, eta denak jarraian Celestino Uriarterengana –Txilera- joan ahal izango zutela. Hala ere, kontzentrazio esparruko zurrumurruei jaramonik eginda, adierazten dio Vitoriari: “Hoy he sabido que está casi lista la cuestión, pero México impone una condición para restringir cierto sector político, pues dice que las “madres del cordero” de Gurs han dado un resultado indeseable para México, y el quid está ahora (se supone) en quién será el que ponga el cascabel al gato y hace la clasificación”

Irakurgarria da, oso, bere mamiarengatik, Mexikoko Enbaxadoreari igorritakoa. Quienes firmamos este escrito nacimos para mover las lanzas que Quijano (o Quijote?) depara y no la pluma de su padre, mil veces genial” Gainerakoak ere ildo beretik jotzen du

BEHIN IZAN ZIREN: http://behinizanziren.blogspot.com/

otsaila 25, 2011

ARAZOA EZ DA AL QAEDA


Badirudi mendebal-iparraldeko estatuak arduratzen hasiak direla, Libiako gauzak hartzen ari diren itxura dela-eta. Eta galderak dantzan ditugu: Nor arraio dabil iraultzaren atzean? Nork armatu du biztanleriaren zati handi bat? Nor ari da borroka estrategia zuzentzen ari? Ai ene... eta Al Qaeda balitz?

Espita ireki zuen Tunisiak. Egiptok segitu zuen... eta Libiaren txanda heldu denean, “Arranopola, hau ez da berdina! Zerbaitek ihes egin digu eskuetatik” oihukatzen dute estatu boteretsuek, mahgrebiar alde osoaren gaineko azterketa berriak dardaran jartzen dituelarik, egoera aurrerantzean kontrolatzea nekezago gerta lekiekeela antzemango balute bezala.

Zein da diferentzia erabakigarria orain arteko iraultza multiestatalean? Hitz magiko bakar batek desberdintzen du: petrolioa. Horrexek arduratzen ditu, eta ez beste ezerk, “mundu zibilizatuko” agintariak... Azken albisteek diotenez, libiar kasuan, matxinatuek kontrolatzen dituzte petrolio ustiapeneko zentrorik garrantzitsuenak. “Baina nor dago Gadafi kentzearen aldeko erreboltaren buruan? Eta Al Qaeda balitz?” Itaun arduragarriak, oso, zenbaitzuentzat.

Edozein modutan - eta politika kontzeptuaren barruan denetariko osagaiak sar daitezkeela kontuan izanda, funtsezkoa ekonomikoa delarik- benetan kezkatzen ditu modu berdinean agintari guztiak Libian gertatzen ari denak? Norbaitek ikusi al du azken orduetako petrolioaren prezioak izandako igoera? Horra begiradatxo bat bota eta berehala ondorioztatu ahal izango dugu, honez gero batzuk eskuak igurtzen ari direla, pozez beterik. Zenbait hilabete barru ezagutuko dugu konpainia batzuen 2011ko ekitaldi ekonomikoaren emaitza. Eta orduantxe jakingo dugu nor ez dagoen une hauetan hain arduratua libiar iraultzarengatik.

Errekurtso naturalen gaineko hausnarketa berri bati ekin geniezaioke, horretarako gogorik edukiko bagenu. Berriz ere, munduko aberastasunaren banaketa egoki eta orekatuari buruzko aldarrikapenak egin genitzake, ahal duenak aditu nahi duela jakingo bagenu. Munduan zehar maiz antolatzen diren ez dakidan zenbat gizarte-forotara jo genezake, banatze-justiziaren premiaz manifestazioak antolatzeko, gero eta okerrago goazela ezagutuko ez bagenu.

Baina munduaren aldakuntza geure esku dagoela sinetsi nahi dugunok, etsipenezko putzutik bada ere, hausnarketak egiten segituko dugu, aldarrikapenak barreiatzeari berrekingo diogu, eta manifestazioak zein agerraldiak prestatzen arituko gara. Arazoa ez da bakarrik Al Qaeda. Inondik ere ez!

Marrazkia: Josetxo Ezkurra

otsaila 23, 2011

JOSE ANTONIO ARANA MARTIJA


Jose Antonio Arana Martijarekin goiza Gernikako bere etxean eman ondoren, eta nirera ailegatu berri naizela, lerro hauek idaztera jarri naiz, hain zuzen, otsailaren 23ko arratsaldean, ordu pare bat bakarrik falta direnean hain justu hogeita hamar urte betetzeko, frankismoaren nostalgikoek euren kolpea burutzeari ekin zutenetik.

Hogeita hamar urte bete dira eta denboraren poderioz pertsonen oroimenak printzatzen hasi direla ematen du, une gogor eta zalantzakor haietan kolpisten lerrora pasatzeko keinu egin zutenetako askok demokraziaren balioak errepikatzen dituztelarik... hemerotekak hor ez baleude bezala. Baina ez noa honez gero ezagutua denaz ezer idaztera.

Jose Antonio Arana Martijarekin konpartitu dut goiza eta, besteak beste, duela hogeita hamar urteko gertaera haien inguruko ospakizunetan ari diren pertsonaiez ere aritu izan gara apurtxo batez. Gehiegi haizatu gabe, denbora alperrik galtzeak ez gaituela inora eramaten ikasi baikenuen aspaldi. Gehiago interesatzen zitzaidan bere buruaren gaineko Jose Antonioren azalpena, hau da datorren martxoaren 10ean laurogei urte beteko dituen euskaltzale zintzoaren ibilbidearen nondik norakoa Euskonewseko irakurleentzat grabatzea.


Eta beste gauza ugariren artean, Jose Antoniok gogoratu dit, gaurkoaren moduko egun batean berriz ere faxismoaren erresumara eraman nahi izan gintuzten politiko eta militar haietako askok deklarazio higuingarriak egiten dituzten bitartean, 1981ko berpiztaile faxista haiek ezkutuan sostengatzen zituztenei aurre egiteagatik, bera kartzelara sartu zutela 1968an. Zer zela eta? Gernikan ikastola sustatzearen bekatu larria!

Dena den, sekretutxo bat ere kontatu dit: presoei euskarazko klaseak emateko eta musika erakusteko aprobetxatu zuen kartzela-denbora. Eta orduantxe piztu zitzaion musikaren gaineko ikerkuntzari lotzeko ideia. Deliberamenduaren lehen fruitua, euskaltzaleok behin edo behin eskuan izan dugun “Musica Vasca” liburua izan zen. Gero besteak etorri ziren.

Garbi dago: ¡No hay fascismo que por bien no venga! Urte askotarako Jose Antonio!

otsaila 21, 2011

SEXABIKAINTASUNA

Versión en español



Zin egiten dut, e-buzoia ireki nuenean, asaldatu egin nintzela. “La sexalescencia” zioen erreferentzian. Eta hitz bitxi horrek okerrarazi ninduen. Bidali zidana, argentinarra bera, ez da sexuarekin zerikusirik eduki dezaketen mezuak bidaltzeko zalea, baina bizi garen gizarte nahastaile honetan edozeinek paira dezake labainkada eta nire lagunak bere ohiko jokaera guztiz normalaren gaineko kontrola une batez galdu ote zuen pentsatu nuen.

Adiskidearen osasunari buruzko zalantza argitu nahian mezua zabaldu... eta edukia sexuarekin ez baizik sexagenarioekin –hau da, hirurogeietan sartuta gauden pertsonekin- zegoela erlazionatuta ikusi nuen. Alde batetik, lasaitu egin nintzen nire adiskidearen buru-osasun egoera normala zela egiaztatu nuelako. Eta bestetik, berriz ere nire adiskidearekin ados nengoela ikusi nuelako, oraingoan sexabikaintasun kontzeptuarekin inguruan.

Eta zer da sexabikaintasuna? Gauza xume bat: hirurogei urteetako muga gainditu dugun gizon eta emakume independenteak, aspalditik lan egiten ari garenok, direla hamarkada batzuk lanak bibliar sasi-madarikazioarekin eduki zezakeen sinonimia hankaz gora jarri genuenok. Gero eta gehiago bide gara, sailkapen horretara iristen ari direnak, egunetik egunera itxura arraroagoa hartzen ari den gizarteko adin piramideak erakusten duen moduan.

Batzuk jubilatu egin gara; beste askok nominan segitzen dute. Kasu batean zein bestean oraindik ere gizartearentzako emaitza positiboak eskaintzeko gai gara, eta etengabe erakusten dugu. Modu berezian emakumea agertzen zaigu, historian aurreneko belaunaldi guztiz burujabetua osatzen dutenak. Ez dauka zerikusirik, gure amek egin ahal izan zutenarekin. Eta egundoko indarraz erakusten ari dira sexabikaintasunaren barruan eskubidez egotearen errealitatea.

Bizitzak eskaintzen dituen sari eta tranparik gehienak ezagutzen ditugu sexabikaintasunekook, eta gai gara arriskuak garaiz antzemateko. Ez dugu negar egiten hutsik etxeratzen garenean, ezta neurriz kanpoko salto salataririk ematen zori oneko jainkosak sorbaldan ukitzen digunean. Badakigu dena abagunekoa dela, eta gauza gara emozio orekari eusteko, lurrera erori gabe. Eta horrela izango da betiko, izan ere gure bertuteen artean ahaztua daukagu noiz ikasi genuen itsas-laminen kantuei entzungorrarena egitea.

Duela ez hainbeste, hirurogei urtekoak zaharrak ziren. Eta 65erako hil kanpaiak hurbil zeuden. Egun, ordea, gaztaroa nostalgia apur batekin gogoratzen badugu ere, aurrera begiratzen dugu itxaropentsu sexabikaintasunekook, osotasun fisiko eta intelektualarekin. Aprobetxatu beharra dago bizitzak eskaintzen dizkigun zirrikitu eta bide bakoitza, gure izpirituarekin bat egin dezaketen garapenerako aukerei heltzeko.

Horixe da sexabikaintasuna. Sexuarekin ere ez dakit, baina seguru baietz “sesuarekin” zeharo kidetua den bizitza-aldia.

otsaila 19, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN


Beste bi eskutitz jaso ditut, BEHIN IZAN ZIREN blogera.

Egunak moteltasun handiz ematen ari dira Argèles sur Mer-eko kontzentrazio esparruan, eta Jesus Trincadok jo eta ke segitzen du informazioa ematen, nori eta bere adiskide mina den Marcos Vitoriari. Morala jaisten ari da atxilotuen artean, iristen zaizkien albisteak eta sortzen diren zurrumurruak egunetik egunera beltzagoak baitira. Eta Vitoria lasaitasunean ikasten ari delako, Trincadok inbidia dio adiskideari, eta horrela islatzen du bere sentimendua, bidaltzen dion marrazkian.

Trincadok Lluis Companys-i buruz idazten dio Marcosi, eta beste toki batean Arrasateko euren laguna den Celestino Uriarte Txilen itxaroten ari zaiela baieztatzen du.

Hala ere, kontzentrazio esparrutik aldegiteko esperantza galdu ez duen arren, morala ez zaio Trincadori gainezkatzen: En resumen, mi optimismo ha descendido a un 2% ante la esperanza de marchar. Antes la documentación tenía que hacerse a bordo; ahora, que la situación agota los últimos días, se habrán de montar oficinas de clasificación con un papeleo desesperante e interminable... Pero si después de esto volviéramos al erri con posibilidades, ¡qué hermosura de relevo de cargos va a haber! Es la satisfacción que abarca todos los sacrificios...”

Ezin dut ziurtatu Trincadok amesturiko “erri” hori Arrasate den. Mendeku administratiboa iragartzen ari dela dirudi.

BEHIN IZAN ZIREN: http://behinizanziren.blogspot.com/

otsaila 17, 2011

BALIO ERANTSIA BAKE PROZESUAN


Seguru nago Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak ez dakiela zer den balio erantsi kontzeptua. Bestela ezin daiteke esan, bota berri duen astakeria. Brian Currinen taldeak Euskal Herriko bake prozesuaren berreraiketan ez duela balio erantsirik ekartzen adierazi du Jaurlaritzaren izenean, eta –nolabait ere- Madrileko Gobernuaren izpirituari helduz.

Nik dakidanez, materia hila da balio erantsirik eskaintzen ez duen bakarra. Gainerako guztiak, neurri handian zein apalagoan, egiten dute. Balio hori, kasu batzuetan negatiboa izan daiteke. Baina izan, bada. Horregatik ezin dut ulertu Mendiarenaren gisako harribitxi iluna.

Nik uste dut edozein agintarik –batez ere agintea gizarte zibiletik iritsi zaiolako- ontzat eman behar dituela gizarte zibilean modu operatibo positiboan sortzen diren ekintzak. Eta gure gizartea, inoiz baketuko bada, denen beharrean dagoelakoan gaude asko. Agintariak eta beraiei aginte eman diegunak, den-denak aritu behar dugu bizikidetzak exigitzen dituen gutxieneko baldintzak lortzeko. Eta gizarte zibilak begi onez ikusten du Currin edo beste edozeinen ekarpena, onerako bada.

A! Eta bi alde ados ez daudenean, arbitrajera jotzen da normalean. Horrela izan da gure herriaren historian, foruetatik hasita. Nik ez dakit noiz izango den, baina seguru nago Euskal Herriaren gatazka politikoari irtenbide emateko, inoiz arbitrajera jo beharko dela. Eta inork ez luke beldurrik izan beharko, azken finean bizikidetza baketsuaren mamia, komunikazioaren bitarteko elkar ulertzean datza. Eta poliki-poliki, euskal gizartearen agente guztiok horra apuntatu beharko genuke, hots, pentsamolde, sentimendu, nortasun eta identitate desberdinen arteko elkarkidetza positibo eta emaritsura.

“Tunel baten irteera” idaztirako (http://txemax.blogspot.com/2011/02/tunel-baten-irteeran.html) erabilitako argazkia atera nuen toki berean egin dut gaurkoa. Eta biak alderatuz, diferentzia bat dago agerian: pintada desagertu da. Norbaitek balio erantsia jarri dio bake prozesuari. Hartu nota, Mendia andrea!

otsaila 15, 2011

CARLOS ABAITUA HIL DA


Carlos Abaitua hil da. Otsailaren 13an betiko itzali zen, fedearekiko gizarte konpromezutik beharrean bizi diren giza taldeak zerbitzatzen aritu den apaizaren bizitza. Duela hirurogeita bost urte apaiztu zenetik gizarte salakuntza garbia eragin duen gizakume sakon eta langileak agur esan zigun joan den igandean, bere azken hilabeteak gaixotasunak ezindua eman dituela.

Aspaldiko laguna nuen Carlos. Eta hain aspaldikoa, izan ere sendi-harreman estuak direla-eta, 1957an egin genuen lehen aldiz topo, non eta Arabako Villamardones herrixkan. Ordurako, Gasteizko Gotzaindegiaren Gizarte Idazkaritzaz arduratzen zen eta aipatu herri horretan nekazal-abeltzantza ustiapen bat martxan zeukaten, arabar bizilagunik pobreentzako elikagai aproposak lortzeko prestatuta. Ordudanik gure arteko erlazioa bizi-bizia izan da, eta aitortu behar dut, kristau bezala nire apaiz erreferentea izan dudala.

Bizkaiko Berrizen 1921an jaioa, Gasteizen apaiztu zen 1946an. Erromara joan zen ikasketekin jarraitzera eta handik itzultzean arabar gotzaindegira igaro zen, ordutik hil arteko bere zeregina txiroen aldeko lana izan delarik. Askatasunaren doktrina predikatu zuen Carlosek, bere hitzak freskotasun eta gaurkotasun osoz jantzita joan direlarik beti.

Carlosi zor zaio 1956an Gasteizko Adurza auzoaren diseinua, arabar hiriburura etorkinak hainbat tokitatik iristen ari zirenean, bizitza-baldintza negargarrietan. Carlos Abaitua eta Jose Maria Setienek idatzi zuten urte hartan “Un barrio nuevo” liburuxka, eta bertan ziotenez “La Iglesia con presencia activa en el barrio es una pieza fundamental en las futuras relaciones humanas del poblado, algo así como una Iglesia indígena en medio de la cristiandad naciente”

Doktorego tesia 1964an burutu zuen Abaituak, “La doctrina sobre la libertad política en el magisterio del Papa Leon XIII” tituluarekin. Liberalismoak arriskuan jarritako balioen defentsa egiten du bere tesian, eta amaitzen du txalotzen Juan XXIII-k “Pacem in terris” entziklikan irekitzen zuen bidea.

Pertsonen arteko diferentziak gainditzeko dialogoa defendatzen zuen Carlos Abaituak. Hori bera eskatzen zuen 1965ean “Católicos desunidos” liburuan, hain zuzen integrismo eta progresismo pentsamendu ildoen zentzu peioratiboa indargabetzeko. Uste zuen edozein jarrera aldaraz daitekeela elkarrizketaren bidez, eta gizon-emakumeok gai garela, teorian kontrajarriak diren ideien arteko zubiak ezartzeko.

Diodan, aipatu liburu hori “Colección Antena”ren bosgarrena izan zela, aurreko lauen egileak Ricardo Alberdi, Gregorio Rodriguez de Yurre, Jose María Setien eta Jerez Tiana izan zirela. Goi mailako pentsalariak denak.

Abaituaren hitzak dira: “La transformación del sistema económico no puede hacerse sin el sacrificio de todos, aceptando una reducción del consumo. Para solucionar el paro hay que invertir y para invertir hay que ahorrar; por esto, la solución de la crisis económica y laboral pasa por la austeridad y por la superación de esta sociedad consumista en la que nos movemos” Ezagunak egiten zaizkigu? Gure eguneko gizartea dardaran jartzen ari den krisiari aurre egiteko esanak direla ematen du, ezta? Bada... 1982koak dira! Hain zuzen, Teologia Fakultateko Dekanoa zenekoak ditugu, eta ordurako gure sistema ekonomikoa zaharkitutzat jotzen zuen.

Carlosen aldeko elizkizunetan Jose Maria Setienek adierazi bezala, Abaituak eredua eman zuen bere konpromezuarekin, izan ere alderdi erlijiosoa ez da nahikoa egiazko ebanjelioa predikatzeko. Errealitate soziologikoa ezagutzea eta lantzea ezinbestekoak zituen Abaituak bere pastorala burutzeko. Edozein motatako krisia zein den eta non datzan antzematea lehen urratsa dugu gizartearen bilakaera itxaropentsurako. Eta hori Carlos Abaituak inork baino hobeto zekien... eta praktikatzen zuen. “Descubrió cómo debe de estar en su sitio el sacerdote, sin vivir de espaldas a las grandes necesidades de los seres que, aún sus penurias, deben de ser amados” azpimarratu zuen Donostiako gotzainak.

Abaitua kontsekuentea izan da bere kristau fedearekin. Demagogia salatzen zuen, batez ere lurreko azaletik erauzteko ezertxo ere egin gabe injustiziak kondenatzen dituztenena. Giza eskubideen defentsa, babesik gabekoen aldeko aldarrikapena, hau da, justizia soziala izan zen Abaituaren motore indartsua. Ebanjelizazioa ekintzaren bitartez daramaten horietakoa zen. Anekdota gisa aipa dezaket, berarekin izan nuen azken solasaldian, Euskal Herrira iritsitako etorkinen uhin berriko emakume islamiarrek beloa eramateko eskubideaz aritu ginela.

Baina Carlos Abaitua bere herriko seme bat ere izan zen, euskalduna, Euskal Herria maite zuena. Eta gure gizartearen zabukadek min egiten zioten. Konbentzitua zegoen euskal elizaren betebeharrik garrantzitsuenetakoa gure arteko bakea eragitea dela. Jose Antonio Pagolarekin batera publikatu zuen “Cambio social y evangelio en el Pais Vasco” liburuan idazten zuen Abaituak, 1990ean: “El magisterio de los Obispos vascos sobre la paz ha llegado poco a las bases eclesiales. Sin embargo son éstas las que se deben implicarse en lo que debe asumirse como una prioridad pastoral específica de los cristianos vascos. La pacificación condiciona el propio proceso de la fe en Euskadi. Algo habría que hacer para que las bases asuman como suyo lo que les corresponde. ¿No ocurrirá que al pueblo llano le dicen más los gestos que las palabras?

Carlos Abaituak utzi gaitu. Baina bere izpirituak gurekin jarraituko du, gizarte injustiziarik txikiena den bitartean. Egun Handira arte, Carlos!

otsaila 14, 2011

PATINETEZ IKASTETXERA



Deba Goienako astekari batean gaur atera behar zen hementxe doakizuen nire ekarpentxoa. Ez dakit publikatu ote den, arratsaldeko 3:15etan ez baitidate oraindik ekarri aldizkaria eta, beraz, ezin dut ziurtatu inork irakurri ote duen. Nik, bada ezpada ere, hona aldatzen dut idazkiñoa.

“Paseatzen ari nintzen lehengo goizean, Arrasate-Eskoriatza ibilbidetik eta Almen Ikastetxeko inguruetan espektakulu berri baten egiaztapenak harrapatu ninduen. Ikasleak ziren, ikasle gaztetxo ugari, eguneko betebeharretara patinetez zihoazenak. Ikuskizun bitxi hark zenbait gogoetarako aukera eman zidan, eta horietako batek nire haurtzarora eraman ninduen.

Hain zuzen ere, Arrasateko biatoristen ikastetxean ari gineneko denborak ziren, eta Aretxabaletatik ikaskide batzuk zetozkigun egunero, bizikletaz. Gogoan dauzkat, euria eta eguraldi kaxkarraren kontrako kapa luze haietan babesturik, bi herriak bereizten zituzten lau kilometroak gaindituz. Pedalez-pedal atera zituzten aurrera ikasketak.

Almeneko gaztetxoek irribarre gazi-gozoa lorarazi zidaten, tramankulu toleskorrari seriotasun osoz zangoen indarrarekin abiadura ematen zioten bitartean. Diferentzia bat dago bi aldietako kasuen artean: nire ikaskideek behartuta erabiltzen zuten bizikleta; oraingo neska-mutiko horiei, ordea, modak ekarri die patinetea. Dena den, niri orain bezala, ziur nago berrogeita urte barru eurek ere oroituko dituztela nostalgiaz oraingo joan etorriak”

Bertako irakasle batek aitortu didanez, modak arazo bat ekarri du: patineteak aparkatzeko toki egokirik eza . Ez dezatela burua gehiegi nekaraz esan nion. Modak, datozen bezala joan egiten dira-eta. Dena den, oraingo honek dirauen bitartean, txalo beroa gaztetxoei, gorputza astintzeagatik.

Cursiva

otsaila 13, 2011

ESLOGANETAKO HERRIA


Aitortu behar dut urrundik ikusi dudanean nire barnean haserre-eraso bat igarri dudala. Gure herriak arras zikinduta daude eta badirudi batzuek gozatu egiten dutela pintadekin. Ez dago egunik, artista anonimoren batek bere ezadostasuna guztion ondarea den herrietako eraikin zein gaineko ibilgeturen bitartez erakusten ez digunik. Tira; ez noa sakontzera denok ezagutzen dugun gaian. Alperreko ariketa litzateke-eta.

Baina pintadara hurbiltzen joan naizen heinean baretzen joan da haserre puntua, zeharo ezabatu arte. Hormaren kontrako eraso zuzena iruditu zitzaidana paperean eginda zegoela ohartu naizenean, -eta semearen erantzukizuna hari ez dagokiola dakidan erren- mezuaren egileen ama guztiz desagertu da nire gogotik. Paperaren zimurrek protesta egin dutenen begirune zibilizatuaz hitz egin didate. Eta argazkia atera dut, salakuntzak eta estetika ez direla elkarren etsai egiaztatzeko asmoz.

Gero konturatu naiz, dena den, hiri euskaldun batean behin protesta idatzia prestatzen hasiz gero, egileei euskaraz izkiriatzea otu zekiekeela, edo behintzat bi hizkuntzatan. Ziur nago, espainierazko Y VASCA, TODO POR LA PASTA esloganarekin asebete-beteak geratu direla kartel jartzaileak. Errima zuten literatura giltzarria beraien sentimendua adierazteko. Eta ez bide dute pentsatzeko astirik galdu nahi izan, euskarazko esaera burutsurik asmatzen gai ote ziren frogatzeko. Hurrengoan?

otsaila 12, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN


Beste bi eskutitz jaso ditut BEHIN IZAN ZIREN blogera. Jesus Trincadok segitzen du idazten, Marcos bere adiskidea Toulousen dagoelarik. Astebeteko epean bidaltzen ditu biak, albisteetarako egarria nolakoa zuten garbi adierazten delarik. Zer nolako albisteak?

Argèles sur Mer deritzaneko kontzentrazio esparruan erretenituta, atxilotu haientzat Amerika agertzen zitzaien urrezko helburu bezala, nahiz eta egunak pasatu ahala batzuen eta besteen jokoak ageriago geratzen ziren eta Trincado zein Vitoria kexu azaltzen ziren, ordurarte lagun min izandako zenbaitzuekiko.

Ayer, por mediación, me llegó la hoja de ficha para la solicitud de entrada en México” komunikatzen dio Trincadok Vitoriari, baina jarraian azpimarratzen du: “por las posibles contrariedades que ello pudiera tener con la ficha hecha por el Partido Socialista, acordamos el rechazo y considerar más acertado seguir tus instrucciones”

Eta kontzentrazio esparruan preso egoteak umore ona ez ziola kentzen erakutsiz, Ameriketarako bidaiarekin amets egiten zuela garbi utzita, gehitzen du Trincadok: “Yo, por si acaso algún pícaro me hace alguna jugarreta para darnos un susto en la travesía jugando a minas, he aprendido a nadar bastante bien”

BEHIN IZAN ZIREN: http://behinizanziren.blogspot.com

otsaila 10, 2011

IÑIGO ARREGIREN ERAKUSKETA BILBON


Iñigo Arregi arrasatear artistak Gasteizen izan zuen bere erakusketa baten katalogorako zenbait hitz eskatu zizkidan 2006an, eta ondokoa idatzi nuen, testu luzeago batetik hona aldatuta:

"Erakusketa bat bisitatzen dugunean objektuak aurkitzen ditugu, artistaren adierazpen askeko ahalmenak sortuak. Eta erantzunetara eramaten gaituzten galderak sorraraz ditzakete objektu horiek, azken finean arte eta erantzuna hitzak sinonimoak baitira. Eta erantzunak, gainera, asebete egiten badu, arte hitzak sakratu izateari utz diezaioke, askatasunaren adierazpena bilakatzeko. Iñigo Arregiren obrak itaun asko eragin ditu nire baitan eta erantzunak, egileak berak bere lanetarako eduki litzakeen arrazoiekin bat etorriko ez balira ere, asebeteta utzi naute. Iñigoren formak sinboloak bilakatu zaizkit, haren izpirituaren uneko ibilbidearen arabera. Azaleko ikusliarrarentzat, forma antzerakoak irudi lezakete baina berezko muga zorrotzek bereizten dituzte. Hala ere, artistaren gogoa hantxe dago, bere osotasunean, horixe baita baliozko azken erantzuna. Forma eta sinbolo guztien artetik, konstante eraikitzaile bezala, artistaren izpiritua igartzen da argi eta garbi. Irudien berreraiketa jarraikia artistaren barne jarrera sakon eta ausartak ahalbidetzen du eta – seguru nago- bere kontzientziarekiko joera zintzoak barne bakea dakarkio Iñigo Arregiri"


Bost urte geroago Iñigoren beste erakusketa batera hurbildu naiz, kasu honetan Bilbon, eta nire hitz zahar haiek gainera etorri zaizkit, egundoko indarrez. Egiaztatu dut orduan idatzitakoak bere balioan irauten duela, baina ez -jakina- igarle ahaltsu horietakoa naizelako, baizik eta Iñigok zintzo-zintzo segitzen diolako bere ibilbide artistikoari. Bere gogoak dioenari jarraitzen dion artistak erraztu egiten du ikusliarraren lana. Eta horien artean nago ni, lerro xume hauek idaztera jarri naizelarik, emozio eta eskerronetik. Azken finean, Iñigok bere ingurukoak gozarazten baititu artearekin. Aukera duten guztiak gonbidatu nahi ditut erakusketa ikustera, eurek ere gozatuko dutelakoan.

Erakusketa:
Krisisfactory Arte Aretoa
Estraunza kalea, 7 BILBO

otsaila 08, 2011

SOR JUANA INES DE LA CRUZ, 360 URTE



Aurten 360 urte betetzen dira, Mexikon Juana de Asbaje jaio zela. Horrela esanda, ez dakit zenbatek gogoratuko duen izen horrekin sortu zela, espainierazko literaturak emandako pertsonaiarik inportanteenetakoa. Sor Juana Ines de la Cruz-i nagokio, literatura erlijioso eta mundutarrean goi mailara iritsitako emakumea. Eta jatorriz euskalduna, bergararra.

Efemeride txiki hori 2011an dugula ezagutzeak mugitu beharko gintuzke moja horren pertsonalitatea pixka bat gehiago ezagutzera. Efemerideak, normalean, horretarako izan baitaitezke baliagarriak. Eta batez ere – duela 300 urte inguru!- generoaren literaturari abia ipini ziola kontuan edukitzen badugu, uste dut badirela arrazoiak emakume honen inguruko zerbait gehiago jakin dezagun.

Juana de Asbaje jaio zenak Bergarakoa izan bide zuen aita –Pedro de Asbaje- oraindik jaiotagiria aurkitzeke badago ere. Egunera arteko ikerketek ez dute fruiturik izan eta Sor Juana Ines de la Cruzen aitaren aldeko sorlekua zulo beltz bat bezala agertzen da mojaren biografian. Hori bai, euskalduna zela garbi dago, Sor Juana Inesek berak aitortzen baitu bere jatorria bere obren bigarren tomoan eta, gainera, zenbait poematan euskarazko esaldiak agertzeak euskal nortasuna ematen diote poetisaren obra erraldoiari.

Sor Juana Inesen obraren garrantziaz jabe gaitezen, gogora dezadan Octavio Paz Nobel Saridunak bere ikerketa lanik garrantzitsuenetakoa eskaini ziola 1982an, “Sor Juana Ines de la Cruz o Las trampas de la fe deritzana. Pazek poetisari buruzko ehun urte luzeko ikerketak biltzen ditu liburuan, modu horretan Mexikoko historia, literatura hispanikoa eta emakumearen aldeko aldarrikapenaren historia aberastuz.

Aurtengo azaroan beteko dira, beraz, 360 urteak eta ondo legoke bigarren belaunaldiko bergarar honen gaineko errebindikazioa egitea, nola edo hala. Ziur nago, Pedro de Asbaje madrildar, sevillar edo zaragozarra jaio izan balitz aurten efemeridea ospatuko zela, lege onez.

otsaila 07, 2011

TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN


Beste bi eskutitz jaso ditut BEHIN IZAN ZIREN blogera. Jesus Trincadok segitzen du idazten Marcos Vitoria bere adiskidearentzat, eta nabari dakiokeen bezala, denboraren joanaz kontzentrazio esparruko lagunen morala jaitsi egiten zen, ez baitzuten garbi ikusten handik hain samur aterako zirela.

Bi idazki luzeetan, izen propio mordoa agertzen da, eta horien artean goi mailako protagonista batzuenak ere, hain zuzen Ameriketara emigratzeko ahaleginetan ari ziren politikoenak. PC, PNV, PSOE... Trincadok idazten du: Si después de todo se fija uno en los acontecimientos y habilidades americanas en ocupar colonias inglesas, enfría un poco mi entusiasmo en querer ver allí la tierra de la reconstrucción de nuestra vida ni del trabajo que hablamos en alguna otra ocasión. Allí movilización y aquí sacrificio para reconstrucción nacional. Y así con 50 ó 60 años. Mientras, seguiremos cantando a Thaelman y discurriendo programas a realizar con Celes u otro”

Bigarren eskutitzaren beste une batean baieztatzen du: “En estos seis largos años he aprendido bastante sobre experiencia y recuerdo a menudo la semejanza en que nos coloca, a la mayoría, la pobreza espiritual, con el cuento del campesino y la culebra helada. Así que...¡¡al gas, camarada!!... Yo empecé con mucho interés pero lo he perdido todo porque delante de la deseada solidaridad de erritarras, ponen las lentes partidistas, siendo prudentes, a lo sumo, siempre que puedan beneficiarles algo sin moverse. Así que por ello, en mi juicio, no despierta interés el caso...”

Argazkia: http://www.errioxa.com

(“Tacho” Amilibia kapitaina, Jose Antonio Agirre lehendakaria, Gumersindo Azkarate koronela)


BEHIN IZAN ZIREN:
http://behinizanziren.blogspot.com

otsaila 06, 2011

TUNEL BATEN IRTEERAN?


Bihar omen da eguna. Ume berria jaioko zaigu, auskalo zenbat denborako haurdunaldi baten ondoren. Zein izen jarriko dioten ere oraindik ez dakigu. Sexua? Ez naiz asmatzera ausartzen.

Bai, bihar, otsailaren 7an, Ezker Abertzaleak izaki berria munduratuko du eta aurreneko zalantzak argituko zaizkigu. Jaiotza gehienetan bezala - eta ume desiratua denez gero- ongi etorria izango da. Nola, gainera! Berak ere ez daki ongi zenbat itxaropen altxarazi dituen, han eta hemen. Batez ere, hemen.

Euskal Herriaren zeruko izar dirdiratsua izango ote den, izaki berriaren garapenarekin bat jakingo dugu. Zeru ertzetik barreneko eguneroko martxak erakutsiko digu iragarpenak betetzen ari diren ala ez, eta itxaropenak zutabe sendo ala kezkoak ditugun.

Tunel baten irteeran egon gintezke.



otsaila 04, 2011

ETCHEA UTZAGO, ORENA OZENAGO






Bere lehen diskoa erosi nuen 1968an eta ez du pertsonalki oraintsu arte ezagutu. Berari esan nion bezala, berrogei urte luzez eraman dut isilpean berarenganako nire miresmena. Oso emakume ausarta iruditu zitzaidan hastapen haietan eta orain ere bide bertsutik segitzen du, musika mota desberdin batekin badihardu ere.

Eusko Ikaskuntzak eta Baionako Udalak eman diote gaur otsailaren 4an Hiriko Ohorezko Saria, eta lerro xume hauek idatzi nahi izan ditut, nire omenaldi txikia bailiran.

Angeluko bere etxean bisitatu berri dut eta Euskonews aldizkarirako elkarrizketa egin dugu. Maite Lapurdiko hiri hartan bizi da, Jokin Apalategi senarrarekin, eta biekin honetaz eta hartaz solas egiteko aukera izan nuen. Baita gozatu ere beren azalpenekin. Maite eta Jokin, Euskal Herriak eman dituen gizon-emakume prestu, eskuzabal, konprometitu eta ereileen adibide gardenak ditugu.

Apalategi-Idirin bikotearen etxeko egon gelaren zur landuzko apal batean irakur daiteke: “Etchea utzago orena ozenago”, hau da, etxean zenbat eta bakardade handiagoan bizi izan, hainbat eta luzeagoa egiten zaizu denbora. Itxura denez, senar-emazteak etxea erosi zioten aurreko jabeak apropos grabatutako euskal adagioa da. Eta egia borobil hori, modu baikor edota ezkorrean har daitekeelakoan geunden hiruok. Bakardadeak hausnarketa aberatserako tarte egokia eman diezazuke... edo erokerian erortzeko bidea gertatu ere. Bigarrenean jausi aitzin lan dezagun aurrena!

Zorionak Maite!

otsaila 03, 2011

DUELA HOGEITA HAMAR URTEKO ASTE BELTZA




Espainiar gerlaren amaieratik, gutxi izango dira -politikoki bederen- Euskal Herriko historian duela hogeita hamar urte bizi izan genuen astea bezain korapilatsu eta aldrebestuak. Otsailaren 3an – asteartea- hasi zen era bitxiz, oso modu beltzean amaitu zen zazpi egunetako aldia.

Aste haren abiapuntuan espainiar erregearen bisita ganorabakoa jarri behar da, bezperan Gasteizetik igaro ondoren otsailaren 4an Gernikako Juntetxera heldu zena. Agerpen harekin espainiar erregeak aurreneko aldiz jartzen zuen oina Euskal Herrian, eta nik dakidanez bederen ez zuen zin egin inongo foru edo berezko legetan. Baina Gernikako atartean zeuden Eusko Jaurlaritzako Karlos Garaikoetxea lehendakaria eta bere gobernukideak, erregea eta bere sekitoaren zain. Harmailetan, berriz, beste askoren artean HBko biltzarkideak ageri ziren. Eta borboiak bere diskurtsoari ekin eta berehala hatxeberoek abestutako "Eusko gudariak" entzun zen areto hartan, gainerako gonbidatu asko txalo eta bibaka hasten ziren bitartean. Berroziek eta bertako zaintza indarrek airean atera zituzten abeslariak, Junta Etxean "bakea" nagusi izatera itzuli zelarik. A! Eta espainiarren erregeak “Orixe”ren hitz batzuekin eman zion bukaera bere hitzaldiari.

Handik bi egunetara, otsailaren 6, ETAk Jose Maria Ryan Iberdueroko injinerua erail zuen, berriz ere ilogikak gure herri honen gogoa ilundu zuelarik. Urtarrilaren 30etik bahituta zeukaten Ryan, Lemoizko zentral nuklearreko obrak zirela-eta. Erakunde armatuak zentralaren gaineko asmoa bertan behera uztea eta ordurarteko obrak zazpi egunetako epearen barruan suntsitzea eskatzen zuen, besteak beste. Ryanen heriotza zigorra, beraz, iragarrita zegoen.

Bahiketa hark adierazi zuen sekulako gizarte-mugimendua, ez bakarrik gure artean baizik -esango nuke- mundu osoan. Europako hogeita bat herrialdetako milioi bat injineruk sinatu zuten ETAri zuzendutako eskabidea, Ryan libre uzteko. Heriotza haren zentzugabekeria salatzeko otsailaren 9an greba orokorra izan zen Euskal Herrian. Milaka eta milaka hiritar kalera atera ginen, gure sentimendua adierazteko.

Argazkia: El Pais


TRINCADO ETA VITORIA: BIZITZA BATEN HISTORIA, ESKUTITZETAN






Argèles sur Mer-etik igorritako beste bi eskutitz jarri ditut gaur, BEHIN IZAN ZIREN blogean. Oraingoan ere, Trincadok idatzita dira. Kontzentrazio esparruan ematen ziren eta beraiei iristen zitzaizkien albisteak jaknarazteko premiak ia-ia egunero idaztera eramaten zuen arrasatearra. Eskutitzak ere ez ziren laburrak: lauzpabost orrialdetakoak. Eta noizean behin, Trincadok aukera ematen zion marrazteko zuen trebetasunak eta apaindu egiten zituen idazkiak bere mararzkiekin.

Albisteen edukiari buruz, ordurarteko gaiek betetzen zuten: Ameriketarako gogoa, erbesteratuen artean burutzen ari ziren zerrendak eta adiskideen gaineko albisteren bat edo beste.

Gaurko lehen eskutitzean, euskaraz idatzitako lerrokada pare bat ageri dira. Garbi dago, Trincado eta Vitoriaren arteko buruz buruko komunikazioan euskara erabiltzen zutela, baina idazteko orduan, begi luzeek irakurriko ote zuten susmoa zutenean bakar-bakarrik erabiltzen zuten euskara, jakina arrasatear erara idatzita.


BEHIN IZAN ZIREN: http://behinizanziren.blogspot.com

otsaila 01, 2011

EUSKARAREN ERABILERAZ KEZKATUTA ARRASATEN


Azken berrogei urteotan, arrasatearron euskararen gaineko ezagutza %10 igo da. Gizabanako euskaldunen kopurua kontuan izanda, hazkundearen portzentaia pixka bat handiagoa da, 1969an 20.372 biztanle baitzituen Arrasatek, eta egun 23.000 inguru ibiliko dela uste baitut. Aurreko datuak, 1970-71 biurtean Siadecok arrasatear Udalarentzat eginiko ikerketa lan batetik atera ditut. Orduan, %43´8k zioen euskaraz hitz egiteko gai zela.

AEDk aurkeztu berri du Siadecok ere buruturiko ikerketa bat eta bertan hiritar euskaldunok euskara ez erabiltzeko arrazoiak azaldu dira. Datuen arabera, euskaldunon kopurua %54 den arren, kaleko erabilera ez da %33 izatera heltzen. Kezkagarria da, baina ez da espero ezin zitekeen datua.

Duela berrogei urte Siadecok zioen: “Hizkuntzaren kriterioa kontuan izanda, parte hartzea edota errealitate sozio-kulturalean txertatzea hutsaren hurrena da. Euskal Herritik kanpo etorri zirenen arteko integrazio prozesua oso txikia da eta, areago, Arrasaten bertan, Gipuzkoan edota Euskal Herrian jaiotakoen artean ere abiadura gero eta motelagoa da

Aspaldi idatzi nuen, orain arteko hezkuntza-sistemari eta gizarte antolaketa integralari jarraiki, iritsiko dela eguna hiritarron gehiengo adierazgarriak euskara ezagutuko duela. Ez dakit zenbat urte eman beharko den horretarako. Berrogei urtetako hazkundea + %10 izan bada... noizko lortuko dugu arrasatearron %80 euskaldun izatea?

Eta 2.200 urtean emango balitz ere, ziurtatzen al da orduko arrasatearron arteko euskarazko komunikazioa? Beste behin ere esan nuen, hain zuzen ere AEDk eratutako ihardunaldi batzuetan, ni ez nauela euskararen etorkizunak kezkatzen... orainak baino.

AEDk fraka bete lan dauka bere aurrean. Eta animatu egiten dut bidean etsi ez dadin, oso malkartsu eta zaila baita. Zoritxarrez (ala zorionez) toneladaka militantziaz baliatu beharko da bere helburuak betetzen joan daitezen. Izan ere, euskararen osoko ahalmenean sinesten dugunok eguneroko militantziaren zama astunarekin bizi gara, eta sinesmenak esoterismoarekin zerikusirik ote duen ez dakidan arren, ziur nago militantzia horrek balio erantsi ikaragarria eskaintzen diola geure bizitzari.