Zin egiten dut, e-buzoia ireki nuenean, asaldatu egin nintzela. “La sexalescencia” zioen erreferentzian. Eta hitz bitxi horrek okerrarazi ninduen. Bidali zidana, argentinarra bera, ez da sexuarekin zerikusirik eduki dezaketen mezuak bidaltzeko zalea, baina bizi garen gizarte nahastaile honetan edozeinek paira dezake labainkada eta nire lagunak bere ohiko jokaera guztiz normalaren gaineko kontrola une batez galdu ote zuen pentsatu nuen.
Adiskidearen osasunari buruzko zalantza argitu nahian mezua zabaldu... eta edukia sexuarekin ez baizik sexagenarioekin –hau da, hirurogeietan sartuta gauden pertsonekin- zegoela erlazionatuta ikusi nuen. Alde batetik, lasaitu egin nintzen nire adiskidearen buru-osasun egoera normala zela egiaztatu nuelako. Eta bestetik, berriz ere nire adiskidearekin ados nengoela ikusi nuelako, oraingoan sexabikaintasun kontzeptuarekin inguruan.
Eta zer da sexabikaintasuna? Gauza xume bat: hirurogei urteetako muga gainditu dugun gizon eta emakume independenteak, aspalditik lan egiten ari garenok, direla hamarkada batzuk lanak bibliar sasi-madarikazioarekin eduki zezakeen sinonimia hankaz gora jarri genuenok. Gero eta gehiago bide gara, sailkapen horretara iristen ari direnak, egunetik egunera itxura arraroagoa hartzen ari den gizarteko adin piramideak erakusten duen moduan.
Batzuk jubilatu egin gara; beste askok nominan segitzen dute. Kasu batean zein bestean oraindik ere gizartearentzako emaitza positiboak eskaintzeko gai gara, eta etengabe erakusten dugu. Modu berezian emakumea agertzen zaigu, historian aurreneko belaunaldi guztiz burujabetua osatzen dutenak. Ez dauka zerikusirik, gure amek egin ahal izan zutenarekin. Eta egundoko indarraz erakusten ari dira sexabikaintasunaren barruan eskubidez egotearen errealitatea.
Bizitzak eskaintzen dituen sari eta tranparik gehienak ezagutzen ditugu sexabikaintasunekook, eta gai gara arriskuak garaiz antzemateko. Ez dugu negar egiten hutsik etxeratzen garenean, ezta neurriz kanpoko salto salataririk ematen zori oneko jainkosak sorbaldan ukitzen digunean. Badakigu dena abagunekoa dela, eta gauza gara emozio orekari eusteko, lurrera erori gabe. Eta horrela izango da betiko, izan ere gure bertuteen artean ahaztua daukagu noiz ikasi genuen itsas-laminen kantuei entzungorrarena egitea.
Duela ez hainbeste, hirurogei urtekoak zaharrak ziren. Eta 65erako hil kanpaiak hurbil zeuden. Egun, ordea, gaztaroa nostalgia apur batekin gogoratzen badugu ere, aurrera begiratzen dugu itxaropentsu sexabikaintasunekook, osotasun fisiko eta intelektualarekin. Aprobetxatu beharra dago bizitzak eskaintzen dizkigun zirrikitu eta bide bakoitza, gure izpirituarekin bat egin dezaketen garapenerako aukerei heltzeko.
Horixe da sexabikaintasuna. Sexuarekin ere ez dakit, baina seguru baietz “sesuarekin” zeharo kidetua den bizitza-aldia.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina