BILATU

otsaila 10, 2011

IÑIGO ARREGIREN ERAKUSKETA BILBON


Iñigo Arregi arrasatear artistak Gasteizen izan zuen bere erakusketa baten katalogorako zenbait hitz eskatu zizkidan 2006an, eta ondokoa idatzi nuen, testu luzeago batetik hona aldatuta:

"Erakusketa bat bisitatzen dugunean objektuak aurkitzen ditugu, artistaren adierazpen askeko ahalmenak sortuak. Eta erantzunetara eramaten gaituzten galderak sorraraz ditzakete objektu horiek, azken finean arte eta erantzuna hitzak sinonimoak baitira. Eta erantzunak, gainera, asebete egiten badu, arte hitzak sakratu izateari utz diezaioke, askatasunaren adierazpena bilakatzeko. Iñigo Arregiren obrak itaun asko eragin ditu nire baitan eta erantzunak, egileak berak bere lanetarako eduki litzakeen arrazoiekin bat etorriko ez balira ere, asebeteta utzi naute. Iñigoren formak sinboloak bilakatu zaizkit, haren izpirituaren uneko ibilbidearen arabera. Azaleko ikusliarrarentzat, forma antzerakoak irudi lezakete baina berezko muga zorrotzek bereizten dituzte. Hala ere, artistaren gogoa hantxe dago, bere osotasunean, horixe baita baliozko azken erantzuna. Forma eta sinbolo guztien artetik, konstante eraikitzaile bezala, artistaren izpiritua igartzen da argi eta garbi. Irudien berreraiketa jarraikia artistaren barne jarrera sakon eta ausartak ahalbidetzen du eta – seguru nago- bere kontzientziarekiko joera zintzoak barne bakea dakarkio Iñigo Arregiri"


Bost urte geroago Iñigoren beste erakusketa batera hurbildu naiz, kasu honetan Bilbon, eta nire hitz zahar haiek gainera etorri zaizkit, egundoko indarrez. Egiaztatu dut orduan idatzitakoak bere balioan irauten duela, baina ez -jakina- igarle ahaltsu horietakoa naizelako, baizik eta Iñigok zintzo-zintzo segitzen diolako bere ibilbide artistikoari. Bere gogoak dioenari jarraitzen dion artistak erraztu egiten du ikusliarraren lana. Eta horien artean nago ni, lerro xume hauek idaztera jarri naizelarik, emozio eta eskerronetik. Azken finean, Iñigok bere ingurukoak gozarazten baititu artearekin. Aukera duten guztiak gonbidatu nahi ditut erakusketa ikustera, eurek ere gozatuko dutelakoan.

Erakusketa:
Krisisfactory Arte Aretoa
Estraunza kalea, 7 BILBO

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina