BILATU

apirila 29, 2019

HEMEN EZ DU INORK IRABAZI


Amaitu da zirkoko funtzioa. Eta badirudi, zenbakiei begira, ekitaldian gehien gustatu duen numeroa PSOErena izan dela, behintzat estatu mailan.  Ez zaie psozialistei gaizki joan, hori garbi dago, eta eskuin muturreko indarrak desaktibatuta geratu dira oraingoz, teorian bederen. Herriak, herri xeheak, beldurra sentitu du kanpainan zehar eta boto ematera hurbildu da. Beste maila batean, distantziatik eta EAEri dagokionez, Mayor Oreja lehendakari gai izan zeneko 2001eko abentura oroitzen dut. Orduan hautestontzira sekula ez hurbildutako pertsonak joan ziren euren boza ematera, donostiarrak euskal politikarako adierazten zuen arriskua zela eta. Orain gauza berdina gertatu da.  

Estatu mailan  PSOEk irabazi ei du eta ospatzen ari da garaipena, baina herri xehea, hots zirkorako sarrera txartela erosi genuenok, ekitaldiko mozkorraldiaren ajearekin geratu garelakoan nago.  Nire ikuspuntutik inork ez du ezer irabazi eta denok atera gara norgehiagoketatik piska bat orbanduta, izan ere bateon batek azal al liezadake zer programa eskaini zuten zirkoko aktore desberdinek euren agerpenetan? Haize bolada arin batek hankaz gora jar zezakeen edozeinen erretolika merkea. Ez dugu, beraz, programarik hautatu; gure botoa esloganek - eta mehatxuek-  eragin dute, aldeko ala kontrako jarrerarekin. Beldurrak, alegia. 

Ez gaitezen engaina, lehen bezain ilun gaude, eurek ere - hautesleria beren proklamekin zorobiatu dutenek- ez baitute oso garbi zer demontre datorkigun gainera. Baina, politena eta aldi berean etsigarriena da, legealdi gutxi geratzen zaidan arren, kontzientzia zibikoak eskatzen didala egokiera desberdinetan nire papera hautestontzira sartzea, untxi miragarria aterako delako esperantzan; magikoa bailitzan. Horrela izan al da beti?

Argazkia: JMVM

apirila 26, 2019

IGANDEKOARI BEGIRA, BELDURRA?


Beldur ematen dute, ezetz? Dardaran daude bazterrak oro  eskuindarren erasoarekin eta ez bide dago inor balazta ipiniko dienik. Benetan, Gipuzkoako Samper peperoak muturreko ezkertiarra dirudi tokiko bere alderdikide batzuekin alderatuta, eta Rajoy, Losantos mugaezinaren esanetan, infernuko kolpista gorria dugu. Abascalen alderdiak militarrez beteko du Kongresua eta «borondante oneko espainiarrentzat » armak eskatu ditu, gaiztoak fusilatzeko asmoz, antza denez. 

Aurreko batean nioen falangista faxista frankozale berriak une aproposa itxaroten ari direla heterodoxo zalantzagarriak armaz pasatzeko. Eta iragarpen iluna bete litekeela gero eta garbiagoa daukat, Gernikako bonbaztapena inbento txar bat dela aitortu dutenek ez bailukete arazorik izango, gurutzaldi makabro berri bati ekinez, kanposantuetako ormak «desbideratuen» odolez tintatzeko. Horri kontra egiteko dugun arma bakarra zentzuzko botoa da. Baina...

 

apirila 22, 2019

PARABOLAK EZ DITU BABESTEN


Notre Dameko erreketak ostera azalerazi ditu munduaren miseriak eta kontraesanak. Ni sutan jarri nauena, katedraleko garrek eurek baino gogo erredura larriagoez, Bernard Arnault, Françoise Bettencourt, Henri Pinault, hots, Frantziako boteretsuen arteko banitateen lasterketa eroa izan da, eskuzabaltasun faltsu eta hipokritaren erakuspen lotsagarrian galduta.

Eta gogoratu dut eliza katolikoaren baitan erakutsi zitzaigun parabola eredugarria, jipoitua eta lapurtua izan zen gizonaren aurretik lebita bat, apaiz bat eta samaritar bat igaro zirenekoa. Aurreko biak, ziurrenik beraiekin ez zihoala pentsatuz eta euren buru-eskeman oinarrituta, laguntza eskatzen ari zen zoritxarreko haren ondoan keinu bat ere egin gabe igaro ziren. Ez bide zuten euren baitan gaizki egitearen kontzientzia txarrik. Samaritarrak, ordea, beste biek jaso zuten balore berdinetan hezia zen arren, era egokian erreakzionatu zuen, kontrakoa burutuak kontzientzia txarra piztuko ziolakoan. Seguru asko, bere buru-eskemaren aurka jo zuen, laguntza eskainiz.

Baina eskua isiltasunetik, diskreziotik, anonimatotik luzatu zion samaritarrak gizon hari. Lau haizeetara pregonatutako laguntza ez da laguntza, boterearen erakuspen interesatu, faltsu eta erruki gabea baino. Frantziako billoidunek ez dute parabolako samaritarraren ikasgaia praktikan jarri, eta eliza katolikoak ez die errieta egin, txaloak eskaini baizik.

apirila 15, 2019

KAFEAREN PENTSAMENDUAK


Pentsamenduak ez dira zuretzat edo niretzat, hau da pertsona konkreturentzat, eginak: nor berarenak ditugu, sortzaileak berak maita edo gorrotatzeko. Nork bakarrik daki zerk eragin duen hausnarketa eta horren zergatikakoa. Horixe islatu zuen Guido Ceronetti idazle eta pentsalariak, «Tearen pentsamenduak » bere liburuaren inguruan.




Nik kafea dut piztailea, irakurketaren meandro zalantzagarrietan edota hizki bata bestearen ondoko misterio kilikagarrian barrena egitear nagoela. Kafeak norabiderako arreta eskatzen dit, nahiz eta bidean behin eta berriz galduko naizela badakidan. Aurrera eta atzera jarraikian datza ibiltzea, urrats oker baten ondoren berriz ere aukerakoa- ez derrigorrez zuzena- ematera zure burua behartzean.



Ezagutza arerioen elkarketa dela zioen Ceronettik eta bat nator berarekin. Elkarketak ez du esan nahi, inondik ere, pentsamenduen batasun itxia. Areago, bizidunen arteko bat egitea kaltegarria gerta daiteke, ez baitzaio diskrepantziari zirrikiturik uzten. Arnas hartzea eragotzi egiten du pentsamendu bateratuak. Pentsamenduek osatzen dute ezagutza. Pentsamendu solteek, hain zuzen, horien derrigorrezko kateaketak hondamendira eraman baikaitzake. Jakingo balute profetek zenbat kalte eragin duten gizaterian euren dotrinekin! Pentsamenduak, berez, inokuoak dira, baina iratzargailuren antzera kontzientzia izio dezakete, hausnartzailearena, jakina, eta agian baita beste norbaitena ere. Heraklito klasikoarekin lerrotuta, idazle eta filosofo italiarrak zioen iriztuaren antzerako efektua erion beharko lukeela pentsamenduak: teoria monolitikoetan sutzarra piztea. Pentsamenduek elkartu egin gaitzakete; dotrinek, aldiz, bloketan bereiztu.

Argazkia:depositphotos.com

apirila 08, 2019

EUSKALDUNOK DIFERENTEAK OMEN


Ez dakit ona ala txarra den. Ni, dena den, lasai utzi nau albisteak, ez dit inolako dardararik eragin, nirekin ez balihoa bezala. Gauza da, Science aldizkari ospetsuak lan bat argitaratu duela, gainerako iberiar herriekin alderatuta euskaldunok apur bat desberdinak garela adieraziz. Ikerketa lanak mundu osoko zientzialariren ekarpenak biltzen ditu - Euskal Herriko batzuenak barne- eta sinesgarritasun puntu bat eman behar zaiolakoan nago.

Euskal hiritargoaren isolamendu genetikoa Burdin Aroraino heltzen dela egiaztatu bide dute zientzialariek, hots Kristo aurreko lehen milurtera arte. Eta geroagoko migrazioek ez ei zuten arrastorik utzi Euskal Herrian. Horren harira, diodan, ez dudala albistearen gain politiko ahobero burumotzen tonuz kanpoko ateraldirik inon entzun edo irakurri, euskaldunoi arrazistak izatea leporatuz.

Baina hasieran nioen moduan, ez hotz ez bero utzi nau albisteak. Begira, ezinbestekoa da  atzera begirako zientzia ikerketa burutzea eta emaitzak publikoari aurkeztea. Interesgarria derizkiot gure jatorria -edota inuitena- ezagutzeari, nondik gatozen jakiteari. Baina bego hor iraganari buruzko ezagutza osoa. Mugarri mugiezina da, besterik ez. Interesgarria baina ez halabeharrezkoa bizirik segitzeko. 

Argazkia: science web orria