Laurehun aldiz agertu naiz txoko honen
portadara idatzizko ekarpentxoekin. Laurehun idazki txiki izan dira, pretentsio
handi gabeak, tabernaren batean goizeko lehen kafea hartzen dudan
bitartean izkiriatuta. Telefono mugikorra erabiltzen dut normalean,
oso tramankulu erosoa baitaukat instanteko gomutak islatzeko.
Modu ez egokian deitutako klase pasibora
igarotzearekin batera ekin nion blogeko abentura berriari eta duela zazpi
urte nire baitan iragarri nuen baino emaitza hobea izan dela esango nuke.
Behintzat, liburuen eta paperezko albistarien bitartez inoiz ez
sentitutako irakurleen presentzia igarri dut lineako edizioan. Eta hori,
irakurlearen erreakzioa aldeko ala kontrakoa bada ere, eskertzekoa dugu
idazleok, norbaitek irakurri egin dizula adierazten baitu. Gutxi ez dena.
Galdera bat gaurko hau idazten amaitu baino lehentxeago:
zergatik nire herriko tabernetako telebista aparailuek, Tele5 edo TVE-1en
irudiekin zigortzen gaituzte etengabe? Gure deskonexioa hortik has liteke, ezta?