Mozartek hamar urterekin egundoko sinfoniak zituen bere errepertorio
propioan eta ez zitzaion karrera artistikoan amaierarik antzematen. Antzerakoa
gertatu bide zen Arriagarekin eta aditu guztiek etorkizun zerutiarra iragartzen
zioten bilbotarrari. Fischer xake jokalariak sei urterekin deabrukeriak egiten
zituen fitxekin. Rimbaud frantziarrak hamaika literatur-sari irabazi zituen
hamabi urte bete baino lehen. Estutzen banauzue, Pablito Calvo, Marisol eta
Joselito ere zineko izarrak genituen artean ume mukitsuak zirela.
Baina zer kristo egin du hamahiru urteko neskatila horrek, espainiar
Konstituzioaren irakurraldiaren bitartez ikasgai magistralik eman diezagun? Zer
meritu mota du, aitona xurrupakari eta komisionistaren biloba izateaz gain? Ez
dut ulertzen, ezin dut ulertu nola gailendu den borondate oneko hainbat eta
hainbatengan desproposito anakronikoetarako utzikeria. Iparra galtzen ari al da
sistema politiko osoan?
Irtenbide bakarra, neskatila horren sostenguko sistema ustela goitik behera
erauzi eta sutzarrera botatzea da. Zuk bultza gogor hortikan, nik ere bai
hemendikan…