Zalantza izpitxoren bat gera dakidakeen
arren, uste dut euskara dela nire aberria. Hirurogeita sei urteko bizitza
ibilbide bihurri samarrean aberri desberdinez teorizatu dut eta ez naiz
emaitzarekin sekula gustura geratu.
Aitortu behar dut sentsazio gazi-goxoek hartu dutela toki nigan gogozko espazioa definituta neukala iruditu zaidan bakoitzean, aberria mugatzera nindoan guztietan okerrerako bidea hartzen ari nintzelako usteak gainezkatzen baininduen automatikoki.
Aitortu behar dut sentsazio gazi-goxoek hartu dutela toki nigan gogozko espazioa definituta neukala iruditu zaidan bakoitzean, aberria mugatzera nindoan guztietan okerrerako bidea hartzen ari nintzelako usteak gainezkatzen baininduen automatikoki.
Barne sentimenduekin erlazionatzen dut aberria. Port Bou-Finisterre-Tarifa
edota Balmaseda-Tutera-Bidaxune hiruangeluek mugatutako aberriek ez didate ezer
esaten. Aspaldi galdu nuen horien gisakoetarako inozotasuna, artifizialegiak
iruditzen baitzaizkit, nonbaitetik inposatuak balira bezala. Eta aberria
kontzeptu irristakor helezina denez, artifizialtasunak alperrekoak zaizkio.
Ahalegin askoren ostean, uste dut amaierara iristen ari naizela: euskararekin erlazionatzen dut nire aberria. Edo euskararen mugek marrazten didate horren esparrua. Nire aberriak ez dit minik sortzen, diru-aberri, erlijio-aberri edota aberri politikoak sarri egiten duten moduan. Bakean bizi naiz nire aberrian; pena apur batekin, hori bai, osasun hobea nahi bainuke berarentzat, baina ama gaixoa maite dugun bezala nire aberria ere indar osoz maite dut. Gure artekoa zintzotasunezko istorioa da, ez baitiogu elkarri engainatzen.
Argazkiak: Tere Anda, JMVM