BILATU

balioak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
balioak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

martxoa 30, 2026

INOIZ IBILI AL DA BALIOEN FABRIKA?

 


Munduak edukiari baino ontziari arreta gehiago jartzen dionean, zaila da, ezinezkoa ez bada, ontziaren barruan dagoenaren erabilgarritasunak nora eraman dezakeen asmatzea. Sinesgarritasuna ematen diegu,-beren irabazian bakarrik sinesten duten pertsonek eta erakundeek - gu kontrolpean edukitzeko artalde bihurtzea izan ezik, gertatzen zaigunaz bat ere arduratu gabe-zabaltzen dituzten zurrumurruei.

Gizateria bi taldetan banatuta dago, elkar onartu ezin dutenak, ikuspegi kontrajarriak dituztenak eta elkar ulertzeari uko egiten diotenak. Inor ez dago bere bizilagunari eskua luzatzeko prest: nirea da, eta kito. Elkarrekin aurrera egitea lehentasuna ez duen mundu bat sortu dugu gizon-emakumeok lur azalera agertu ginenetik. Nork irabaziko duen apustu egiten dugu, eta ez denontzako ongizatearen alde elkar ikusi ezinezko egoera natural horretan nork lehenago amore emango duen.

Ez dago izenik eman behar, guztiok modu berean funtzionatzen baitugu. Balioak ez dira berez existitzen; fabrikatu egiten dira, eta nire ustez fabrika horrek ez du inoiz funtzionatu. Ez dakit inoiz bere ateak ireki dituen ere. Beldur naiz ezetz.

Argazkia: JMVM

iraila 22, 2025

BALIOAK HORTXE DAUDE

 


Duela gutxi lagunekin bilduta, eztabaidatzen ari ginen kristau ingurune batean hazi izanak —ezusteko eta zulo ezatsegin ugarirekin— gure ingurunetik desagertzeko zorian dauden balio sorta bat eman ote zigun. Zuzentasuna, xumetasuna, errespetua, egiarekiko lerrokatzea, diziplina, elkartasuna… ezinbestekoak ziren gure mundu honetan ibiltzeko, eta oraindik ere ezinbestekoak direla iruditzen zaigu. Desagertzeko arriskuan daudela?

Nik ez dut hori ikusten. Uste dut bizitzarekiko jarrera positibo horiek ez direla kristautasunaren esklusiboak. Aitzitik, giza balioak espezie-atributu gisa eman zizkigutelakoan nago, bizi garen testuinguru sozial, erlijioso eta kulturala edozein dela ere. Balioak eta akatsak unibertsalak dira eta gure azalean tatuatuta eramaten ditugu. Beste kontu bat da gaur egungo gizartea geure burua aztertzeko betebeharra ahazten ari ote den eta tatuajeaz erreparatuko balitz jasango lukeen kolpetik ihes egiten saiatzen ari dela kontzienteki.

Balioak hor daude, baina praktikatu egin behar dira. Guztiok dugu gure kontzientzia aztertzeko betebeharra, gure itsasontziaren lemaren kontrola hartu ahal izateko, beste nabigatzaileekin talka egitea saihestuz. Ez da zaila; egin behar da.

Argazkia: JMVM

urtarrila 31, 2022

BALIO-IRAULTZE ARRISKUGARRIA

 


Duela egun batzuk, lagun batek adierazi zidan semeak esklabo bihurtua egotea leporatu ziola, bizitza osorako ohiko lanera; mutilaren ustez, behar alienagarrira kondenatutako emakume gizaraxo bat zen. Nire adiskidea, bere lanbide apal eta ohoretsuan egunero ordu piloa sartu arren kostata ateratzen ari da aurrera bere familia, ama behargin zintzoaren helburu eta desio nagusia dena. Ideia horretan, ordea, ez du amore ematen bere ahaleginean, semearen ateraldi mingarriak izpirituan orbainen bat utz badiezaioke ere.

Lagunak gertatutakoa kontatu zidanean, harritu egin nintzen semearen baieztapenak adierazten duen balio-iraultze arriskutsuarengatik, kontuan hartuta semearen lana janari prestatuak motorrean banatzea dela, normalean gaueko ordu txikietan, eta ordutegirik eta, jakina, soldata-baldintza finkorik gabe.

Mutikoarentzat esklabismoa egunero kanoiaren oinean egon beharra da, egoera ekonomiko apal batetik familia nekez aterako duen soldata baten bila. Berarentzat, dirudienez, ezarritako oinarrizko lan-arauak errespetatzen ez dituen enpresa bateko pieza izatea askatasunaren sinonimoa da... nahi duenean nagusia popatik hartzera bidal dezakeelako. Hori bai, diru sarrerarik gabe, bere motxila bera bezalako gazteekin partekatutako bere egungo etxetik jasoko zuen, eta gurasoen etxera itzuliko zen amaren babak jatera. Eta bere askatasunaz disfrutatzera, noski.

Argazkia: Ekain


maiatza 17, 2021

GIZARTE BALIOEN BILA


Eternalak al dira balioak? Erantzunik gabeko galdera dugu, sinpleki eternitatea inork ezagutu ez duelako, orain arte behintzat. Dakizkigun aldagarri guztietatik aurrerako proiekzioa egingo bagenu, ordea, ziur nago balizko gizarte balioen espektroak zabal joko lukeela, normaltzat hartu behar bada ere tiro gehienak arkuaren erdi aldean kontzentratuko liratekeela. Badira, bai, betiko balioak - edo ezinbesteko balioak- deitzen ditugunak eta horien bandera haizatzen dugu etengabe, sarritan praktikara eramatea konplikatu samarra gertatzen zaigun arren.

Eta balio horien kateatzea al da kultura? Baiezkotan - eta ni aburu horretako nauzue- gizarte balioak hilkorrak ditugu, funtsezkoenak barne. Zer da berdintasuna? Zer ulertzen da askatasunaz? Ez al dira bi balio horiek kontrajarriak? Gizakia kontraesanez beteriko animalia denez gero zubi egokitzaileen premian gaude, ibilian ibili etengabeko zulo beltzak bete ahal izateko. Eta horregatik gizartea sostengatzen duten balioak ezin dira betikoak izan... gogorra irudi badakiguke ere. Gastatze jarraikiak prestatzen du bakar bakarrik bidea.

Gizarte balioen bilaketa atseden gabean datza, finean, giza baliorik preziatuena.

Argazkia: Ekain (milurteko olibondoa)