BILATU

apirila 25, 2016

ESKUTITZ IREKIA BURMUINGABE BATZUEI


Ezezagun horiei, 

Ezgai intelektualak zaretenez gero ezingo duzue eskutitz hau irakurri baina zuen aita-amak edo zuek bezain ergela ez den lagunen batek (baldin badaukazue) egin liezazueke nire mezuaren irakurketa. Ez dakidana da ulertuko ote duzuen. Baina, tira, ni aurrera noa. 

Hilak 16an Goikoetxearen estatua berrinauguratu ondoren Manex Agirrek kantatu zizkigun bertsoetako azkenak honako hau zioen:

                            Umetan zenbat jolas ta txantxa
                                       estatua hau medio,
                                 memoriaren harri  bat zenik
                                       ez genekien propio, 
ta azkenean herriak bere
azala garbitu dio.
Harriak ez du  melodiarik
ez du hortarako balio.
baina hurbildu bere ondora
Musika apur bat dario.


Zuek estatuara hurbildu zarete, bai, baina talibanen modura. Goikoetxearen irudia erasotuz,  Aramaioko herria iraindu duzue. Hiritartasunaren kontra aritu zarete, koldarkeriatik, koldarra izan behar baita egin duzuena egiteko.

Gizarte bizikidetzarako arriskutsuak zaretenez gero gizarteak identifikatu behar zaituzte, kalte gehiago egin ez dezazuen. Horregatik espero dut agintariek atzemango zaituztetela. Mespretxatu egiten zaituztet, zuek Goikoetxearen estatua hondatu duzuen neurri berdinean.

apirila 18, 2016

HIRUROGEI URTE GEROAGO

J
Lorenzo Askasibar, Goikoetxea eskultura berrinauguratzen
Bizi garen gizartean eskerrona ez da erruz antzeman daitekeen sentimendua. Badirudi joera handiagoa dugula, kasurik hoberenean, mutu geratzera hitzez eta egitez errekonozimenduzko keinua azaltzera baino. Auskalo hori ote den gizakiaren berezko bekaizkeriaren ondorioa, baina zalantzarik ez duena da eskerronik eza heziketa-defizitarekin erlazionatzen dela. 

Noizean behin, dena den, badira alde horretako albiste onak, eguneroko borrokan aurrera egiten saiatzera animatzen dutenak. Horietako bat eman zen iragan larunbatean Aramaion, herritarrek errekonozimenduzko zor bat kitatu baitzuten Artista (a maiuskulaz) batekin. Lorenzo Askasibar eskulturagileak duela hirurogei urte herri hartan jarritako obraren ordain afektiboa jaso zuen, 1955ean erakutsi ez zitzaiona.

Hirurogei urte igaro dira herriaren harrera eta txalo beroa bereganatzeko. Ziurrenik, bere baitan ez zuen Lorenzok halako erakuspenik espero. Ez dut idatziko sei hamarkada itxaroteak merezi izan dionik, ez baita egia. Baina, behintzat, Artistak frogatu ahal izan du Aramaiok, azkenik, eskerroneko besarkada eskaini diola, sentimenduzko defizitarekin amaituz. Bizente Goikoetxea eta Lorenzo Askasibar, bi artista handi.


Lorenzo Askasibarri buruz gehiago:


Argazkiak. JMVM

apirila 11, 2016

OFF SHORETARRAK (KASTA)



Jar ezazu "off shore" bat zure bizitzan! Horixe izan bide da eslogana hainbat eta hainbat zirkulutan, soberako dirua ondo gordeta edukitzeko eta horren erredituak ( Jexux, ze zaharra naizen nire terminologian!)  zergen zama jasanezinetik libre uzteko. Izan ere, frogatuta dago errentaren eskalako mailarik apalenetakook bakarrik ordaintzen dugula, kristauki, zerga-legeari dagokiona (horrek solidaritatearekin al du zerikusirik?) Noblezia, oligarkia eta jainko lurtarren babestuak salbuetsita daude hain betebehar gorrotagarritik. 

Munta ezazu "off shore" bat eta gero gerokoa. Beti geratuko zaizu ETAko irtenbidea, aitzakia aproposa baita diruari hegoak jartzeko. Galdetu, bestela, borboiari...

Garbi dago ez zarela inor, ez bada zure izena Panamako zerrendan agertzen. Beraz, azkar ibili eta igo zaitez "crème de la crème"koen trenera! (hegazkinera, hobe)

apirila 04, 2016

OSTIRAL SANTUKO TXANTXANGORRIA



Aste Santuko egunetan nekazal lanetan ibili behar izan nuen, sasoi honetan urtero egiten dudan bezala. Badakizu, inausketaren azken ukituak, belar txarren garbiketa, loreetarako ongarriaren prestaketa, konpostaren azken aurreko iraulketa eta abar. Udaberria indarrez sartu da eta oraintxe dugu azken aukera udan ingurua luzi dakigun. Lan apalak, aitortu behar dut, baina nekagarriak, oso, nire moduko kaletar batentzat. Gainera, urteetako ohiturak ez dit orekatu urteen poderioz gorputzak berez galdutako kemena. Eta nekea gero eta nabarmenagoa egiten da. 

Ostiral Santuan laguntzaile polita izan nuen jardunaldi osoan: txantxangorri bat. Txori lagunkoi, ikusnahi, ausarta dugu txantxangorria, bere ahots metaliko melodiko xuabearekin agurtzen diguna. Arinagoak egiten bide zitzaizkidan bularralde gorriko txoriaren ondoan burututako lanak.  Alboan eduki nuen ordutan eta hamaika argazki atera nizkion. Nire kamerarekin apuntatzen nuenean gustura zegoela zirudien. Noizean behin sasi artera desagertzen zen, kabia edukiko zuen tokira, ziurrenik. 

Larunbatean ez zen agertu eta harritu egin nintzen. Nire betebeharra amaituta, bezperan txantxangorria ezkutatzen zen sasietara jo nuen, nire laguntxoaren arrastorik ikusiko ote irrikan. Bera ez baina landaretza hartan eroso etzanda auzokoaren katutzarra aurkitu nuen.

Argazkiak: JMVM