BILATU

2014 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
2014 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

martxoa 09, 2015

ANTXON AGIRRE SORONDO


Antxon Agirre Sorondo

Larunbatean gizon on bat omendu genuen Beasainen. Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Sariaren 2014ko edizioan Antxon Agirre Sorondo donostiarrari egokitu zitzaion golardoa eta Goierriko herrian jaso zuen sarituak kolektibitate kulturalaren errekonozimendua. Baina Antxon iazko urtarrilean zendu zen eta, beraz, ezin izan zuen larunbateko zeremonia dastatu. 

Gizon ona zela idatzi dut hasieran, baina sarirako haren merituak epaitu zirenean Antxonen ontasuna baino gehiago adierazten zuen curriculumak, noski. Agirre Sorondo kultura gizona izan da, bere osotasunean. Eta sarituaren gorputz neurriei bagagozkie aparteko osotasunaz mintzatzen ari naiz. 
Xabier Obesoren grabatua
“Gizon handi baten argazki txikia" tituluko biografia idatzi du bere anaiari buruz Juan Agirrek Eusko Ikaskuntzaren enkarguz, eta testuak argi erakusten duen moduan Antxon Agirrek, batez ere, etnografia, antropologia eta etnohistoria landu zituen, modu zabalean. 
Langile aparta izan genuen Antxon hitzaren dimentsio baikor guztian, bekoki zabaleko ikerlea, alegia. Sentikorra bere ihardunean, Antxonek baikortasuna irradiatzen zuen uneoro. Urtetako adiskidantzak lotu gintuen, 1971an ezagutu baikenuen elkar Donostiako EUTGko euskarazko klaseetan. Eta horregatik esan dezaket lagun hurkoa zuela beti presente bere lanetan. Barandiaran handiaren eskolakoa zenez gero, "bestea ezagutuz, maite izateko ahalmen handiagoa dator" idatzi zuen bere koadernoetan donostiarrak. 
Antxon Agirre joan zitzaigun baina bere kultura ekarpen erraldoian segituko du bizirik, euskal kulturak irauten duen bitartean. Ataungo jakintsuari jarraituz bere egin zuen Antxonek "herriarena herriarentzat" maxima. Antxon Agirre Sorondo herrikoa zen, herriarena ikertu zuen eta emaitza herriari itzuli zion. 




 

Argazkiak: Agirre Sorondo sendia 

abendua 30, 2013

KLABEA IZAN DAITEKE 2014



Ekonomikoki, izan al daiteke txarragoa datorren urtea 2013 gertatu dena baino?  Ditugun datu eta erreferentziek ez digute  itxaropenerako zirrikiturik uzten eta hodeiertzean ez da ostarterik antzematen. Ongizatezko eraikina lurreratzen ari zaigu, batzuen txaloen  eta gehienon aiene antzuen artean. 

Zor publikoa bikoiztu egin da eta estatu aurrekontuetan  ez dira inbertsio eragingarrietarako aukerarik antzematen. Finantza sistemak ez du laguntzen eta ekintzailetzarako bideak eragozpenez beteta ditugu. Langabezia altuarekin ekingo diogu urte berriari eta enplegua sortzeko bitartekoak hain murritz eta ahalkeak dira non desoseguaren itzala areagotuko da hainbat etxetan. Eta? 

Ba, nork bere zainak ebakitzea zeharo ezegokia izan daitekeenez gero ... arraunei lotuta bizi behar izatea dagokigula; beste irtenbiderik ez zaigu geratzen, txalupa kaira hurbilduko badugu. Baina lotuta ez ezik tinko, gogor eta gogoz heldu beharko zaie arraunei, kontrako haize erauntsiek eta uhin basatiek hondoratuko ez bagaituzte.

Ahantz ditzagun paradisu artifizialeko postalen distirak eta ohi gaitezen errealitate gordinera.  Falta zaigun oinarri sendoko ongizatea etengabeko ahalegin erantzuleak bakarrik ekar dezake. Saia gaitezen, beraz, soberako arropak eranzten eta ildo egokian egongo gara. Urte klabea izan daiteke 2014.





Argazkia: Tere Anda

iraila 30, 2013

SANMIGELETAN




Ez hain aspaldi nekazal urteari amaiera ematen zitzaion San Migel egunean. Eta naturaren eraginpeko beste aro berri bati ekiten zioten nekazariek, aldi berriak ekarriko zizkien ezustekoen zain, kezkaz beterik. 

Baserritarrak zerura begira bizi zirela esan ohi da, beti fenomeno atmosferikoen preso, ezer gutxi egin zezaketelarik haien presioa gainditzeko. Galdera ikurrarekin jaikitzen ziren baserritarrak eta zalantza edo kezka berdintsuarekin loak hartzen zituen gauero, bizitza-gurpilaren etengabeko martxa neketsutik askatzeko esperantza gutxirekin.

Aurtengo sanmigeletan  puntua jarri zaie azken hilabeteotan gu askoren baitan izandako galdera batzuei eta berdin segitu arren berrietarako atea ere ireki da. Horrela, Sanmigeletan ezagutu dugu datorren urtean enpleguaren joerak maila ez hain negatiboetara joko ei duela (Guindos dixit) Jakin dugu ere ETAk nazio errekontziliaziora (?) deitzen duela bere komunikatuan, ezker eta eskuineko botere politikoek erakundeari jaramonik eskaintzen ez dioten testuinguruan plazaratua. Atzo, San Migel egun aintzatsuan bertan, EAJk “I´m basque” aldarrikatu zuen, amaitzen ari zitzaigun nekazal urtean jelkide askok eta askok “euskalduna naiz” zer den artean ulertzen ez zuten bitartean. Halaber, adierazi zaigu Kataluniako Legebiltzarrak hiru hilabeteko epea eman diola Madrileko gobernuari, erabakitzeko ahalmenaren inguruan elkarrizketa ireki eta ondorengo deliberamendua gauza dadin. Sanmigeletan ere harridura handiz jabetu gara Obamak begi onez ikusten duela Iran guztiz diabolikoarenganako hurbilketa prozesua. 

Eguratsak  ekarriko digunaren zain geratzen gara 2014ko nekazal urte berriari ekiten diogunean. Eta nekazariak bezala, kezkati oheratzen jarraituko dugu, behintzat hurbilen geratzen zaizkigun gaiek egun berrian zer nolako itxura hartzen duten itaungile. Hamabi hilabeteko gurpila zen nekazal urtea. Zalantza eta galdera ikurrez betea. Nekazari (bihurtu) gara denok. 


Argazkiak: 
a) San Migel: wikipedia
b) JMVM