Larunbat
arratsaldean irudi mordo bat etorri zitzaidan burura, eta egokiera desberdinetakoak
ziren arren guztiak izendatzaile komun batek elkartzen zituen. Haien artean kirol irudiak ziren -Everesteko
expedizioetakoak, besteak beste- enpresa kudeaketarekin erlazionatuak, osasun
zerbitzukoarekin zer ikusi zutenak, eta abar. Nengoen areto zabal, eder eta
eroso hartako iluntasunetik harrotasun puntu batekin ikusten ari nintzen oholtza
gainean gertatzen ari zena.
Eusko
Ikaskuntzaren mendeurreneko ospakizunetarako antzezlan bat idatziko ote nuen galdetu
zitzaidanean ezetz borobilarekin erantzun nien, tupustean, Everestera igotzea
eskatu izan balidate bezalako irudi beldurgarriak etorri baitzitzaizkidan gogora.
Lehen zirrara desorekatzaile haren ostean, ordea, iritzia aldatu eta erronka
onartu nuen. Zerk aldarazi zidan erantzunaren zeinua? Argi eta garbi: elkar
lanaren perspektibak.
Ingurura begiratu
eta muturreko mendi igoera hartarako arrakastaren giltza elkar lanean zegoela
ikusi nuen. Banituen abenturari ekiteko bitarteko eta kide baliotsuak eta
abiapuntu hartatik antzeman nezakeen argazkiak aurrera egiteko indarra eman
zidan. Bi urte eman dira ordudanik eta saiakerako esfortzua ez da makala izan.
Baina azkenik kordada Everesteko gailurrera heldu da, guztiak onik.
Orain erpinetik
kanpamendu basera jaistea dagokigu. Lasai baina zuhur. Eta bidean disfrutatuz,
horixe baita ahaleginaren saria.