BILATU

Hiroshima etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Hiroshima etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

ekaina 06, 2016

BONBAK INFERNUTIK JAUSTEN DIRA



Oraindik ez zait Obama lehendakariaren Hiroshimako diskurtso ganorabakoaren zirrara txarra guztiz ezabatu. Aitortu behar dut oraingo lehendakari iparramerikarrak ilusioa piztu zuela nigan kargurako hautatu zutenean. Baina bere aurrekoekin gertatu zen bezalaxe, desilusioa dut nagusi zortzi urteren buruan. 

Ez Obama, ez! Hiroshimara ez zen heriotza- zuk zure hitzaldian zenioen moduan-  zerutik erori, infernutik baizik. Mundu aluzinatu baten aurrean hegazkin iparramerikarrek hiritarren heriotza bilatu zuten eta helburu hori ezin zitekeen zerutik iritsi. Zortzi urte lehenago Gernikako herritarren gainera Franco-Hitler bikoteak suntsipena eraman zuen eta 1945ean AEBek bonbardatu zuten hiri japoniarra, bat ere kontzientzia-eragozpenik gabe. 

Gerrak ez ditu zeruak sorrarazten, gizon-emakumeon buru gaixoek baizik. Eta gerrarako prest daudenak psikiatrikoan bakarrik daukate nolabaiteko tratamendua, hau da ero etxe beltzeko infernuan.

apirila 14, 2014

PALOMARESEKO BONBAK

Tito del Amo
Tito del Amo izan genuen ikerketa kazetaritzaren adibiderik sonatuenetakoa iragan mendeko Espainia zeltiberikoan. Bere izena ez zen mingainez mingain ibili... eta irakurle gehienentzat zeharo ez ezaguna izango da. Baina esaten badut Tito dugula, bere anaia Andrerekin, 1966an Palomaresen eroritako lehergailu atomikoen gainean aurreneko albistea eman zuena ... ziur nago irakurle askok gogoratuko dutela bi amerikar hegazkinek talka egin zutela Palomareseko zeruan 1966ko urtarrilaren 17an. 

Uretara eroritako lehergailu atomikoa, behin berreskuratuta
Istripu haren ondorioz, lau lehergailu atomiko - hidrogenokoak- erori ziren lurrera eta itsasora. Azken hori Hiroshimakoa baino hamasei bider indartsuagoa zen. Hala ere, AEBetako eta Francoren gobernuek erabaki zuten ezertxo ere ez adieraztea istripuaren larritasunaz, tripulazioetako hildakoen izenak emateaz aparte. 


Titoren anaia Andrek lan egiten zuen Madrileko United Press International (UPI) agentziarako eta Titok  - biak Mojacarren bizi zirela- lagundu egiten zion freelance gisa. Ustekabean jakin izan zuten prentsak zioena baino askoz larriago zitekeen zerbait gertatu zela Palomaresen. Bertaratu egin ziren, isilpeko ikerketari ekin zioten eta otsailaren 20an "The New York Times" egunkariak publikatu zuen lau lehergailu atomikoen kasuaren primizia. Diotenez, Franco sutan jarri zen eta AEBen gobernuak ez zuen egia onartu berrogei egun geroagora arte.

Fraga Iribarne, bere bainualdi ospetsuan
Martxoaren 8an eman zen istorio haren irudirik esperpentikoena: Fraga Iribarne, Turismoko ministroa, bainatu egin zen Palomareseko itsasoan, urak ez zeudela erradioaktibitateaz kutsatuta frogatzeko asmoz. Gobernu frankistak neurri gogorrak hartu zituen lehen unetik egia estaltzeko. Baina del Amo anaien ausardiari esker lehergailu atomikoen errealitatea azalean geratu zen, Vietnamgo gerra pil-pilean zegoenean. 

Gaur kafe bat hartu dut Titoren txiringitoan, Mojacarren, eta denboraren joanak lausotu ez dion perspektibatik kazetari ohiak zehazkizun batzuk eskaini dizkit abentura ulergaitz haren gain.