Tito del Amo izan genuen ikerketa
kazetaritzaren adibiderik sonatuenetakoa iragan mendeko Espainia zeltiberikoan.
Bere izena ez zen mingainez mingain ibili... eta irakurle gehienentzat zeharo
ez ezaguna izango da. Baina esaten badut Tito dugula, bere anaia Andrerekin,
1966an Palomaresen eroritako lehergailu atomikoen gainean aurreneko albistea
eman zuena ... ziur nago irakurle askok gogoratuko dutela bi amerikar
hegazkinek talka egin zutela Palomareseko zeruan 1966ko urtarrilaren 17an.
Titoren anaia Andrek lan egiten zuen
Madrileko United Press International (UPI) agentziarako eta Titok - biak
Mojacarren bizi zirela- lagundu egiten zion freelance gisa. Ustekabean jakin
izan zuten prentsak zioena baino askoz larriago zitekeen zerbait gertatu zela Palomaresen.
Bertaratu egin ziren, isilpeko ikerketari ekin zioten eta otsailaren 20an "The
New York Times" egunkariak publikatu zuen lau lehergailu atomikoen kasuaren primizia.
Diotenez, Franco sutan jarri zen eta AEBen gobernuak ez zuen egia onartu
berrogei egun geroagora arte.
Fraga Iribarne, bere bainualdi ospetsuan |
Martxoaren 8an eman zen istorio haren irudirik esperpentikoena: Fraga Iribarne,
Turismoko ministroa, bainatu egin zen Palomareseko itsasoan, urak ez zeudela
erradioaktibitateaz kutsatuta frogatzeko asmoz. Gobernu frankistak neurri gogorrak hartu
zituen lehen unetik egia estaltzeko. Baina del Amo anaien ausardiari esker
lehergailu atomikoen errealitatea azalean geratu zen, Vietnamgo gerra
pil-pilean zegoenean.
Gaur kafe bat hartu dut Titoren txiringitoan,
Mojacarren, eta denboraren joanak
lausotu ez dion perspektibatik kazetari ohiak zehazkizun batzuk eskaini
dizkit abentura ulergaitz haren gain.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina