BILATU

urtarrila 25, 2021

KOLTXOIAN GORDETA

 


Batzuek diotenez Carpe diem klasikoak bidea ireki zion garapenari, kontserbadore ez izateak zeruertz berriak ahalbidetzen baititu. Agian hortik joanda uler genezake lau talentuak lurperatu zituenarentzako zigorra predikatzen duen alegi biblikoa, haiekin arriskatzen zuenarentzat saria ematen zen bitartean. Hain zuzen, kristautasunaren gaineko nire ezagutza mugatuan betidanik ulertezina gertatu zaidan parabola da talentuetakoa, lapurretarekin alderatu baitut beti diruaren bidezko aberasketa. Baina Jainkoaren bideak ulertezinak ei dira, Bibliak berak azaltzen duenez.

Sarrera hori, eguneko bankuen bezeroekiko praktika basatiak talentuen kontuarekin duen parekotasunaren harira zetorren. Diruak kontu korrontean sartuta edukitzeak historikoki irabazi handirik eman ez badu ere orain komisio negatiboa aplikatzen du, eta oinezko gizajoak dirua gordeta edukitzeagatik ordaintzen du. Eta horrek behartzen du, dirua koltxoian pilatuta edukitzera edo gaur bihar baino hobeto kanpainako inbertsio zalantzagarria egitera, sosen jarioa geldi ez dadin. Baina bigarren aukera horrek bere aldetik behartzen zaitu esperantza etorkizunean edukitzera, berez - gauzak dauden bezala egonda- oso-oso konplikatua dena. Inbertsioen berezko zalantza mugagabeari orain munduko merkatu berriaren arauak gehitzen zaizkio. 

Eta gainera, ikusitakoa ikusita, nola arraio edukiko dut itxaropena geroan jarrita, baldin eta bidean, halabeharrez, bankuren baten itzalpean aritu behar badut? Klasikoetara jo gabe ere, jakin badakigu the bank always wins. Bada, hori, koltxoia prestatzeko gogoa daukat.

 


 

 

urtarrila 18, 2021

BIRUSA GORPUTZA BAINO INDARTSUAGOA

 


Batzuetan alderantziz pentsatu ahal izan dudan arren, ez dut uste historiaren garapenak modu zuzenean eragin duenik gizakion ongizatean. Agian, pentsatu beharrean desiratu idatzi beharko nuen, nahiak errealitatearen marrazkia zirriborra baitezake. Ikasi al dugu ezertan historiari erreparatuz? Nire zalantzak ditut, handiak gainera.

Jartzen naiz oraingo zirkunstantzietan eta alde guztietatik iristen zait, aurrerantzean gure baliabide materialak modu desberdin osasuntsuago batez kudeatuko ditugula predikatzen dutenen oihartzun marmaratsua. Aitortu behar dut neronek ere jarri dudala nire aletxoa uste horren eraikinean, oraindik ere gizakiongan esperantza jarrita dudalako, hori ez baita inoiz galtzen. Baina historiak ez badigu ezer erakusten? Erromako inperioaren erortzeak ekarri ahal zuen enperadoreen bekatuen desagerpen behin betikoa? Komunismoaren amaierak ipini ahal zuen argi gizartearen bidean?

Bizi ari garen krisi honen inguruko tentsioek geroko gure prozeduran arrazionaltasunari toki emango diotela pentsatzeak historia ez ezagutzea adierazten duelakoan nago. Badakigu, bestalde, birusak gure gorputzean bizi eta eraldatzen direla, gorputza ahulduz, eta batzuetan baita horren heriotza eraginez. Birusa gorputz batetik bestera igarotzen da, uzten duen babeslekuaren egoera zein den bost axola zaiolarik. Bada, hori, birusa - gu gizakion arteko ikusiezin naturala- gorputzak baino indartsuagoa dela.

Argazkia: JMVM

urtarrila 11, 2021

UMORE OSASUNTSU BIZIGARRIA

 


Guztiok behar dugu umorea, egunerokotasunaren makineria koipetzen duen elementu bizigarria. Eta badirudi gure egunetako ohikerian murgilduta zaila dela maila desberdinetan umore osasuntsuari toki aproposa irekitzea, umorea eta erantzukizun aktiboa elkarrekiko etsaiak balira bezala. Bizkar zabaleko erantzuleak behar ditugu, baina mesede gutxi egingo diote horiek elkar bizitzeari ez badakite besteon kirioak errespetatzen, euren jardun monokromatikoarekin ingurukoen nerbioak jota uzten badituzte. 

Ikusten denez, batzuei iruditzen zaie agintea eta seriotasuna elkarren ondoko ezinbesteko osagaiak direla, eta umorerik ezeko aginte material zein izpirituala praktikatzen dute, aginte lehor bezain antzua. Sakrifikatzen dute giza naturalitatea artifizialkeriaren kudeaketa ustez orban gabearengatik. Eta tiroa atzerantz irteten zaie, katua sakatzen duten bakoitzean.

Ez dakit irakurlea jabetu den, adibidez, Tele Donostik utzitako hutsunea betetzera, isil isilik, Munilla eta CEEko bere ekipoa etorri direla. Eskerrak aspaldi baztertu nituela nigandik diskurtso ilun eta zentzu gabeak! Iker Jimenez interesatzen ez zaidan bezala, bere predikuari jarrera erantzule baina enpatikoa ipintzen ez dionari ez diot segundo bat ere eskaintzen. Ezin dut agoantatu. Munilla pertsonaia serioa da, eta negatiboa. Ez dit umore osasuntsuarekin disfrutatzeko aukerarik ematen. Eta kirioetatik jartzen nau. Utikan!

Argazkia: diarioresponsable.com

urtarrila 04, 2021

TXERTOAN BAKARRIK ITXAROPENA?

 

Rubicon izan balitz bezala, urteko azken digitutik jauzi egin dugu eta alea jacta est baldintza gabera egokitu gara, urte berriari errekaz bestaldetik aurre egiteko. Atzean utzi dugu galdegaiz betetako egutegi zoroa eta datorkigunari heltzeko indarrak pilatzen ari gara, joandakoa baino txarragoa ezin daitekeela izan adierazten diogula elkarri.

Auskalo! Gizateriak gehienetan ez ditu bere hutsak aitortzen. Oraingoan ere bide bertsutik segi genezake, oso oroimen ahulekoak baikara gizon emakumeok. Eta krisitik osasuntsu aterako bagara suzko hizkiekin grabatuko beharko dugu gure gogoan ez garela inondik ere unibertsoaren zentroa, ez daukagula ezertarako formula magikorik... magia gure irudimenaren fruitu nahastailea baita, huts hutsik.

Gizarte konplikatua da gurea, ertz beterikoa. Norbaitek idatzi zuen nekazal iraultzarekin hasi zirela gure arazoak. Nik esango nuke lehenago ere -ehiztari eta landare biltzaile hutsen garai ilunetan- giza kolektiboengan konplikaziorako sena bazela, hain zuzen ere homo erectus xumetik homo sapiens bihurrirako saltoa erakusten duena.

Eternitate bateko erorikoen ostean, ahulak garela birfrogatu zaigu, eta orain txerto batean jarri dugu esperantza. Ez goaz ondo. Itxaropena, soilik,
ondoko laguna ni bezain inportantea dela aldarrikatzetik etor liteke, bakarrik ezer ez garelako konbentzimendutik. Ariketa hori, tamalez, ezinaren hurrena izan da orain arte.

Argazkia: Elhuyar aldizkaria