Rubicon izan balitz bezala, urteko azken digitutik jauzi egin dugu eta alea jacta est baldintza gabera egokitu gara, urte berriari errekaz bestaldetik aurre egiteko. Atzean utzi dugu galdegaiz betetako egutegi zoroa eta datorkigunari heltzeko indarrak pilatzen ari gara, joandakoa baino txarragoa ezin daitekeela izan adierazten diogula elkarri.
Auskalo! Gizateriak gehienetan ez ditu bere hutsak aitortzen. Oraingoan ere bide bertsutik segi genezake, oso oroimen ahulekoak baikara gizon emakumeok. Eta krisitik osasuntsu aterako bagara suzko hizkiekin grabatuko beharko dugu gure gogoan ez garela inondik ere unibertsoaren zentroa, ez daukagula ezertarako formula magikorik... magia gure irudimenaren fruitu nahastailea baita, huts hutsik.
Gizarte konplikatua da gurea, ertz beterikoa.
Norbaitek idatzi zuen nekazal iraultzarekin hasi zirela gure arazoak. Nik
esango nuke lehenago ere -ehiztari eta landare biltzaile hutsen garai ilunetan-
giza kolektiboengan konplikaziorako sena bazela, hain zuzen ere homo erectus xumetik homo sapiens bihurrirako saltoa
erakusten duena.
Eternitate bateko erorikoen ostean, ahulak garela birfrogatu zaigu, eta orain txerto
batean jarri dugu esperantza. Ez goaz ondo. Itxaropena, soilik, ondoko laguna ni bezain inportantea dela
aldarrikatzetik etor liteke, bakarrik ezer ez garelako
konbentzimendutik. Ariketa hori, tamalez, ezinaren hurrena izan da orain arte.
Argazkia: Elhuyar aldizkaria
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina