Nire
lehen harreman finantzeroa Aurrezki Kutxa batekin Unibertsitaterako
diru-mailegu bat eskatu nuenean izan zen, 1966an. Ez dakit zenbat paper sinatu
behar izan nuen Caja
de Ahorros Provincial de Guipúzcoa-rekin, artean "creditos al honor" esaten zieten haietako bat
eskuratu ahal izateko. Urteko 35.000 ziren eta nor beraren ohorea gutxi zelako
nonbait bermatzaile pare baten babesa ere aurkeztu behar genuen. Karrera amaitu
ondoren itzuli behar zen diru osoa gehi interesak, gure ohorea garbi utziko
bagenuen.
Hamarkadetan
joera berezia izan dut aurrezki kutxetarako, euskaldun gehienon antzera, eta
eroso sentitu naiz tratuan. Kutxen edozein bulegotara sartzean, bazirudien
etxeko luzapen batean geundela, nolabait esatearren, sendiaren diruak toki
seguru batean zeudela iruditzen zitzaigun eta. Eurena ez zen bankuren hoztasun
tipikoa eta gure funtsen ohiko kudeatzailearengan konfiantza osoa jartzen
genuen.
Kutxen
arteko harreman laukiak ere sinpatia pizten zuen gure izpiritu ameslarian. Eta
batuko balira, euskal kutxa bakar bat sorraraziz? Nafarroakoa ere sisteman
genuen, Federazio famatu hartako kidea baitzen beste hiruekin batera. Zertara
itxaroten dugu euskaldunon Kutxa bakarra jaioarazteko?
Baina
gauzak okertzen joan ziren gu askoren txundidurako. Hain erreza zirudien prozesua
nola arraio desbidera zitekeen hainbeste? galdetzen genion gure buruari,
ikusten ari ginena ezin sinetsiz. Itsukeria izan zitekeen arrazoi bakarra. Eta
sektakeria. Edo alderdikeria, berdina dena.
Gero
etorri zen Europa, edo hori esan zitzaigun behintzat gobernuko instantzietatik.
Eta kapitalaren zerbitzupeko makineria birrintzaileak ametsak debekatu
zituen eta aurrezki erakunde haiek desegin zituzten.
Eta
adierazi zitzaigun banku pribatua sortu beharra zegoela. Noski, betiko munstro
boteretsu eta higuingarriaren ad maiorem gloriam … eta banaka batzuen
irabazi partikularren hazkunderako. Eta izena ipini zioten: Kutxabank, gu
askoren baitan amesgaiztorik txarrenetan ere irudikatu ezin genuen irudi
merkantil okerrerazle bihurriarekin. Eta esan zitzaigun Kutxabankek euskal
izpiritu ekintzaileari sostengu ematen segituko zuela.
Horregatik,
ziurrenik, orain Athletici lagunduko dio hurrengo lau denboralditan. Eta puntu
honetan, 1966ko ohoreko maileguak gogoratzen ditut. Tamalez, euskal Kutxei
ohorea lapurtu dietela uste dut eta bere tokian duintasunik eza zabaldu dute,
eskukada beteez.