BILATU

urtarrila 29, 2018

PELLO ZABALAREN ILDOTIK



Amezketarraren nortasunean murgil egiten bada, Euskal Herrian sortutako pertsonaiarik interesgarrienetakoen multzoan sartu behar dugula ondoriozta daiteke, samur asko. Horregatik irakurri nuen Puntua aldizkarian egin berri zaion elkarrizketa. Hamaika plazatako bizipenak gainditu ondoren  Pellok badaki zein ertz askotakoa den mundua, borobila marrazten zaigun arren. Horrexek egiten ditu bere ekarpenak aberats, interesgarriak, toki gehienetatik bueltan dagoela erakusten baitu beti. Bere janzkera xumeak ez ditu zorioneko sasi-ezkutu interesatuak estaltzen: dena garden azaltzen digu, beldurrik gabe. 

Besteak beste, egungo euskal eliz agintarien gaineko balorazio txikia egin du Pellok aipatu elkarrizketan  Hitz gordinak erabili ditu, oso. Eta ene ustez horixe ematen dio balioa bere ekarpenari: barne-barneko sentimenduaren islapena da, apaingailurik gabea. Pellok ondo ezagutzen zuen Juan Garmendia Larrañagak ohi zioen bezala, gauzak alda ez daitezen ez dago hoberik haien gaineko hitz erditan ibiltzea baino. Pelloren gisako eliz militanterekin beste kuku batek kantatuko luke, adibidez, Artzain Onaren katedraleko dorretik. Osasuna, Pello!

urtarrila 22, 2018

ALFREDO ETXABE´S STYLE



Urte asko dira Alfredo Etxabe ezagutu nuela. Inor gutxiri esango dio ezer izen horrek. Argi dezadan bigarren Eusko Jaurlaritzako lehen Kirol Zuzendaria izan zela, 1980-84 bitartean. Bizkaitar hutsa genuen, hezurretaraino, euskararekin arazoak zituen arren. Gure hizkuntzarekin ez ezik justiziarekin ere txoke egin zuen bere karguko zereginak zirela eta.  Demokraziako lehen urte haietan gobernadore zibilen aginduetara guardia zibilek ezartzen zuten justiziaz ari naiz, bada ezpada ere.

Alfredok, mundu osoko bere kontaktu zabalei esker, Nazioarteko Federazioan sartu zuen isil-isilik Euskal Herriko Sambo Borroka Federazioa. Eta Donostiara ekarri zuen 1985ean Munduko Txapelketa. Guardia Zibilek kartzelarekin mehatxatu bazuten ere, Txapelketa burutu egin zen. Amaieran Etxabek medioetara adierazi zuen: "Estatutu bati eman diot botoa eta hark dio kirola euskal nazioaren eskuduntza dela" 

Berriki irakurri diot Jaurlaritzako Kirol Zuzendariari, bost selekzioren arteko futbol txapelketaz ari direla pentsatzen. Boteprontoko nire hausnarketatxoa doakio: ene irudiz, nazioarteko ezagutzari begira atzera pausoa da, duela hogeita hamairu urteko erakuspen harekin alderatuta; eta, zalantza gabea, balizko errotak irinik ez, hau da, berba gutxiago eta ekimen gehiago. Nahiz eta guardia zibilak, oraindik ere, hortxe dauden.

urtarrila 15, 2018

ALBISTE FALTSUAK



Badirudi 2022an medioek zerbitzatuko dizkiguten albisteetako erdia faltsuak izango direla.  Eta bazterrak asaldatu egin dira hain berri arruntarekin, izan ere txikiagoa al da 2017ko portzentajea? Eta zein eduki genuen 1950ekoa? Eta 1727koa?

Gauza frogatua da komunikazioa sesgatua – interesatua- izan dela beti. Komunikatzaileari hoberen datorkiona da jakinarazten zaiguna eta hortik tiratuta heltzen gara egiaren errealitate poliedrikora. Egiak zero aurpegitatik infinituak edukitzera ailega daitezke eta gizabanakoaren baitan datza lastoa gari aleetatik bereiztea. Horri prestakuntza esaten zaio, hots, informazioa komunikatzaileen subjektibitatetik nor beraren iragazietatik igaro ondoko makineria intelektualera eskaintzeko gaitasuna.

Ariketa konplikatua, bai jauna, baina ez da gaur goizeko bete beharra. Gizakia lur azaleko erregea bihurtu zen unetik egia antzematea ezina izan da, arrazoi xinple batengatik:  ez da existitzen. Inbentoa da. Horregatik ez gintuzke harritu beharko medioetako albiste jarioaren faltsukeriak. Inportantea iruzurrari aurre egiteko nork bere mekanismo intelektualak sortzea da, osasuna kaltetuko ez badu.

Argazkia: JMVM

urtarrila 08, 2018

UMEEN BERBA JARIO ULERGARRIA



Ongi ekin diot urte berriari hiru bilobak ondoan edukita. Aurreneko aldiz izan ditugu batera etxean alakantarra eta arrasatearrak eta egun ederrak gertatu dira txikitxoekin eman ditudanak. Hiruna urte dituzte nagusiek eta zortzi hilabetekoa da txikitxoa. Euskaldunetatik hitz egiteko gai denak euskara soilik erabiltzen du, bere jarioan erdarazko berbaren bat edo beste sartzen gero eta trebeagoa ikusten zaion arren. Alakantarrak valentziera du berezko hizkuntza baina euskaraz mintzatuz gero esaten zaiona ulertzen du, arazorik gabe. Aita du irakasle eta akuiluari nekaezina eta txikitxoaren baitan identitatearen gaineko galderak zorionez oraindik toki hartu ez duenez gero bi hizkuntzetan aise moldatzen da elkarrekiko komunikazioan. 

Eta hiruen arteko behin eta berrizko interakzioan fenomeno batez ohartu naiz: biloba nagusien eta nire arteko solasaldietan neu sentitu naiz deserosoen. Zein den arrazoia? Ziurrenik, helduen mentalitatetik gure artean zubi linguistiko koxka gabea sortu nahi izatea. Ezina gertatu zait, ordea, ez baitago laukiaren borobiltasuna marrazterik. Bien bitartean, bi ume hiztunen arteko zubia arrasatearrak euskaraz eta alakantarrak valentzieraz eraiki dute, eta elkarri ulertzen ziotela erakutsi didate, frogatuz gainera berba jarioa ulergarria egiteko formula ez datzala hitz hutsetan, horien berotasun hurbilean baizik.

Argazkia: JMVM