Ezin dut gehiago nire barruan gorde. Seguruenik, Txema tokaioak, gaiaz duen maisutasunetik esango dit orain ezin dudala amore eman, pixka bat gehiago saiatu behar dudala amaierara iristeko. Baina ezinezkoa da niretzat... Ez dut ikusten nola ailega nintekeen helburura. Urteak daramatzat, hamarkadak, saiatzen, eta errealitatearekin izan ohi dudan topaketa etsigarria izan da beti: ezin naiz heldu, bere sostenguaz gain, liburuaren edukiaren gainetik salto egiteko aukera emango lidakeen puntura.
Beraz, behin betiko uzten dut Joyceren Ulises
bukatzeko erronka. Idazlea beste irakurle mota baten bila zebilela diote,
literatura irakurri ohi duen pertsona arrunta baino egokiagoa, prestuagoa,
agian jantziagoa. Porrot egindako saiakerekin egiaztatu dudanaren arabera
-Xabier Olarraren euskarazko bertsioarekin ere ahalegindu nintzen... - Joycek
ez zuen nirekin kontatzen bere liburu unibertsal honetarako. Eta damu naiz,
gustatuko baitzitzaidan Poldy Bloom sakonki ezagutu izanaz harrotu ahal izatea.
Eta porrotaren mikaztasuna dastatzeaz bat, apika beste bizitza batean - denbora
osoa edukiko dudanez- hobeto joango
zaidala pentsatu nahi dut, han liburuak baldin badaude behintzat.
Nire ezgaitasunaren gaineko aitorpena eginda,
badirudi lasaixeago nagoela orain.
Argazkia: JMVM