Confebaskek dio 400.000 behargin baino gehiago beharko dituela lanean datozen hiru hamarkadetan, eta albisteak zuzenean eragiten ez nauen arren eta hala izango den egiaztatzerik edukiko ez badut ere, arreta irabazi dit. Gehien bat, atzera begira jarrita, pentsatzen dudalako duela mende laurdentxoren bat ikerketa hori burutu izan balitz orain beste kuku batek kantatuko zigula, gure artean hainbat sektoretan den esku espezialduaren gabezia ikaragarria ikusita.
Confebaskek dio, gainera, Eusko
Jaurlaritzarekin ari dela prospekzioko osagaiak aztertzen eta, zalantzarik
gabe, interesgarria da detailetxo hori, sarritan galdetu baitiot nire buruari
non eta zertan arraio egon diren EAEko agintariak euren kabinete soziologiko-ekonomiko
ponpoxoekin, dugun esku kualifikatuaren eskasiako egoerara heltzeko.
Duela mende erditik honako euskal gizartearen
norabideaz jabetuta, ez al zegoen hobeto planifikatzerik, adibidez, egungo Osakidetzaren itxura iluna saihesteko? Medikurik ez dagoela? Zeinen
errua da? Zergak zintzoki ordaintzen ditugunona, agian? Itsu batek ikusten
zuen, genuen eta dugun jaiotza-tasarekin eta biztanlegoaren zahartze
progresiboarekin kolapsoa iritsiko zela. Baina epe laburreko politikak pikutara
bota du eduki genuen osasun zerbitzu eredugarria. Lehen arretako medikuak
profesionalen zerrendetatik desagertzen ari direla, beharrezkoak diren
zerbitzuak bete gabe geratuz? Zertarako daude, gure diruarekin patxadatsu bizi
diren hezkuntza/enplegu plangintzetako guruak?
Beldur nago, Confebaskek emandako zifra txiki
geratu den etorkizunari begira. Klase pasiboetara igarotzen ari den laneskuaren
jarioak, bizi-adinaren luzapenari gehituta, uste baino zulo handiagoa utz
dezake. Eta eskasiari aurre egiteko badakigu non dagoen irtenbidea. Horregatik diot ondorio horretarako ez genuela prospekzioko kabinete garesti antzurik behar.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina