BILATU

Urkullu etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Urkullu etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

ekaina 29, 2020

GERNIKAKO ESPIRITUA ETA GERNIKAKO ARBOLA


Uztailaren 12ko lasterketarako prestatze lanetan ari dira hautagaiak. Aukera gehien dituztenak diskurtso leun eta neurtuekin ari zaizkigu, outsider gizagaixoek berba sutsu bezain ganorabakoak botatzen dizkiguten bitartean, sparring tristearen papera betetzea baitagokie.

Urkullu ere hondarrera atera da, faborito denaren hitz ongi konposatu eta armoniatsuekin. Eta bere lehen mezuetan Gernika aipatu du, haritz zaharraren itzal berrian euskaldunok biltzeko irudi metaforikoa erabiliz. “Euskal Herriaren sinbolo eta erreferentea den Gernikako Arbolaren aurrean gaude” izan dira bere lehen berbak, sustrai sakon, kultura, identitate eta abarrekin jarraitzeko.

Ez naiz sinbologia politikoaren aldekoa, elkartzeko baino zatitzeko gehiago balio duelakoan bainago. Baina gogoratzen dut, iragan mendeko laurogeietako hastapenetan Euskadiko himnoaren gaineko eztabaida izan zenean nire ahotsa Gernikako Arbolaren alde altxatu nuela, hainbat eta hainbat euskaldunek bezala. Gero EAJren txilindroia etorri zen eta alderdiaren ereserkia inposatu zitzaigun, niri behintzat ezertxo ere sentiarazten ez didana.

Urkulluk aldarrikatzen duen espirituari helduz, ausartuko al da elkarrekiko sentimenduaren pizgarrirako litekeenaren Gernikako Arbola unibertsala himnotzat proposatzera?

otsaila 01, 2016

AGUR ALTZAIRU, AGUR



Urkullu lehendakaria Bruseletik ibili da, altzairuko sektorea Euskadin jasaten ari den egoera latzak eroanda. Gurean oinarrizko industria-adar indartsu  izandakoa azkenekoetan dago eta  hiltzeko zoriango tratamendua behar du.  Bruselan aringarriren bat eskain diezaiokete, azken hatsa oinazetan eman ez dezan. Heriotzaren ateraino eroan zuten berdintsuek seda lezakete orain gaixo terminala.

Altzairuko euskal sektorea suntsitu egin da azken hogeita bost urteotan. Altzairu arruntaren 1975eko lehen errekonbertsioaren eta altzairu integralaren 1990ekoaren bitartez euskal siderurgia lehiakorraren eraikina birmoldatu zen, eta inork gutxik pentsatzen zuen orduan praktika liberalek zeharo jota utziko zutenik euskal ekonomiaren mendetako zutaberik garrantzitsuenetakoa.  Baina hala jazo da, Europatik zuzendutako politika guztiz irrazionalen bidez,  Europa Batua eta estatuen Europa proiektu
kontrajarriak direla birfrogatuz. 

Noski, enpresarioek eurek ere zerikusirik izan dute galera berreskuraezinean, nahiz eta  argudia lezaketen beraien diruarekin nahi dutena egiten dutela. Ni ez nago argudio horrekin ados, gizarte-erantzukizuna ere tartean baitago eta gobernu ez hain amore-emailerekin beste kuku batek kantatuko zuen orain. Ziurrenik, hil ezkiletako doinu ilunaren oihartzunik gabe.

Argazkiak: steelworld.com eta JMVM
 



 

urria 01, 2012

GORA INDEPENDENTZIA LINGUISTIKOA!!


Abertzale euskaltzale baten aldarrikapena, Urkullu jaunari (1) eta Mintegi andreari,  hauteskunde-kanpainan sartuta dabiltzanez (2):

Nire hirurogeita hirugarren urtemuga atzean utzi berri dut eta kopuru horren hogeita hamabost boza eman ahal izateko eskubidearekin bizi izan ditut. Baita eskubidea aprobetxatu ere, eta aukera guztietan abertzale bozkatu dut.

Gaur den egunean, oraindik ere, eta hizkuntzari dagokionez ez dut nire nortasunaren bidetik bizimodu normalaren maila heltzerik izan. Ahalegindu naizen arren, alperrekoa gertatu zait. Oraindik, bizitza arruntak planteatzen dizkidan gaietan eta euskal hiritar bezala nire izaeraren erabilpen integrala egin nahi dudanean denetariko oztopoak aurkitzen ditut, nire identitatearen kontrako atentatuan.

Horregatik Gora independentzia linguistikoa!  ozen bat bota nahi dut. Independentzia, askatasunez hautatzeko eta aritzeko ahalmena da, inoren agindu zapaltzaileetatik libre. Bada, horixe aldarrikatzen dut gure hizkuntzarentzat.

Euskararentzat independentzia eskatzen dut. Unibertsala izan ahal izateko ezinbesteko urratsa, hain zuzen. Independentzia linguistikoa garatu nahi nuke bizitza partikularrean, neure burua independente bilakatuz zerbitzu pribatu eta publikoetan, trauma eta militantzia nekagarri barik. Hego Euskal Herrian espainieraz mintzatzen denak disfrutatzen duen independentzia linguistiko  berdina, alegia. Ez da hainbeste, ezta?

Zertarako aldatu, euskaldunok gure eskubide linguistikoak aldarrikatzen eta etengabe defendatzen aritu beharko ginatekeen Euskadi independente batera? Horretarako ez dit bidaiak merezi.

Oharrak:
(1) Mezu hau bideoz grabatu didate, BECen izango den Urkullu jaunaren mitin batean beste hiritar askorenekin batera ezagutarazteko.
(2) Gainerako hautagaiek mezuaren zentzua ulertuko ez luketelakoan nago.


Argazkia: lizarrakogaztetxea.wordpress.com