BILATU

Beizama. Urki baserria etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Beizama. Urki baserria etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

urtarrila 13, 2020

ARANTXA GONZALEZ LAIA MINISTRO ANDREARI, BEGIRUNEZ


Kanpo Arazoetarako estatuko ministro berria zaitugu eta gipuzkoarra zarenez gero interesarekin irakurri  dut zure ibilbide profesionalaz; eta benetan kurrikulo zabal eta joria duzula aitortu behar dut. Aitorpenekin jarraituz, esan behar dizut ez zintudala ezagutzen, ezta erreferentziaz ere... baina lerro hauek idazten ari naizenerako datu batzuk lortu ditut, nondik eta Beizamatik, hau da zure haurtzaroaren zatitxo bat eman zenuen herrixkatik.

Gauzatxo bat esango dizut: zuk hiru urte zenituela heldu nintzen ni lehen aldiz Beizama Unibertsitatera, hilabete batzuk emateko asmoarekin. Beraz, baliteke inoiz kalean zu zure gurasoekin - aita bertako maisua- eta ni Urki baserriko irakasle lagunekin elkar topatzea. Eta zuk zer egiten zenuen Beizaman? edota Noiztik arruti-olazabaldarrak irakasle? galdetuko didazu, jakin baitakit lagun dituzula.

Begira, zuk garai hartan modu naturalean erabiltzen zenuen hizkuntzaz jabetzera ailegatu nintzen ni Urkira. Eta bertako maisu-maistrak euskararen bidean ipini ninduten. Eta ministerioko maizter berria euskaraz aritzeko gai dela gaur goizean jakin dudanean, gure hizkuntza pixka bat goratzeko aukera beizamatar batek eduki dezakeela pentsatu dut. Euskara apur bat herdoilduta eduki arren -horixe adierazi duzu, behintzat- lasai ibili, ez dizut eskatzen Trumpekin edo Brexiteko Johnsonekin gurean mintzatzea. Ez, hainbesterako ez da. Begira, badira
herdoilaren kontrako dekapanteak eta horietako onena hizkuntzaren erabilpena da. Horregatik, saia zaitez apurtxo bat euskaldunona goian uzten, bere osasun makalerako aplika dezakegun tratamendurik hoberena baita.

Beizamatik mundura!

uztaila 02, 2018

OHORE MAISUARI!


Idatzi nuen behin nire unibertsitate pribatu zoragarria izan nuela Beizaman eta euskararen zirrikitu gogor baina goxoetan barrena ibiltzeko ikasketak egin nituela Urki baserrian. Gaurko albistea, ordea, orduko nire maisua hil dela da. Iñaki Arruti lagun paregabearen heriotza komunikatu zidan atzo goizean Xabier bere semeak eta gogoa goibeldu zitzaidan, asko eta asko zor bainion nik Iñakiri - eta Juanita emazteari- batez ere euskaltasunean iraun ahal izateko abiapuntuko plataforma sendoa beren ondoan eraikitzen uztea. 

Horrezaz gain, ordea, beste gauza bat ere erakutsi zidan Iñakik bere izaera baikorretik: bizitzari egunero hartu behar zaiola adarretatik, aurrera egingo badugu. Gizon praktiko, aitzindari, ekintza zale, eskuzabal, zorrotza genuen... Hau da, edozein maisuri eskatu behar zaizkion doanak zituen Iñakik eta azalean igartzen bazitzaizkion ere barne-barnetik zerizkion, amaiera gabeko jario jakintsuan. Duela hiru hilabete bilobarekin egin nion bisita eta txikitxoarentzat nirekin orain dela berrogeita sei urte erabilitako adieren antzerakoak izan zituen ahoan Iñakik, funtsezko balioak eternalak direla birfrogatuz.


Agur, Iñaki, bihotzeko maisua. Ikusi arte!


Argazkia: JMVM

urtarrila 30, 2012

BEIZAMAKO UNIBERTSITATEA



Urkiko Arruti-Olazabal sendia 1972an,
Joanixio, Yon, Xabi, Iñaki eta Juanita

Irakurleetariko askok jakingo duten bezala Beizama Gipuzkoako herri txikitxo bat da, lurraldearen bihotzean sartuta, ongi gordeta. Herri bezala erdi aroko deitura den “Universidad” titulua du, hau da, zenbait udalerriren interesak defendatzen zituen herriari dagokiona. Eta Beizamako udaletxearen aurrealdeko inskripzioak harrotasunez adierazten die bisitariei, “universidad” batera iritsi direla.

Goi hezkuntza eskaintzera dedikatzen den erakundearen adierazpenarekin ez nintzela okertu aldez aurretik garbi utzi behar dudalarik, 1972ko maiatzean unibertsitate-karrera Donostiako ESTEn amaitu bezain laster Beizama “Universidad”era zuzendu nituen nire urratsak, prestakuntza partikularrean gorantz egin nahi nuen-eta. Bai. Eta Universidad hartan aurkitu nuen Unibertsitate berri bat, ohiko hezkuntza erregimen eta sistemetatik zeharo urruti zegoena.

Hor naukazue, Urki baserrian, 1972an
 Matrikulatu egin nintzen Urki Fakultateko udako ikastaroetan eta uztailean ekin
nion ikasketa intentsiboari. Goizeko 6ak inguruan jaikitzen nintzen eta kafesnea hartuta, ikas-gela desberdinetatik igarotzen nintzen, normalean nitaz arduratzen zen tutoreak lagun. Hark erakusten zidan –besteak beste- nola gobernatu behar ziren haziendako ehun eta hirurogeita hamar izar nagusiak (1)  Kargaz ongi beteriko eskorgarekin hamaika joan etorri burutu behar nituen gelen eta “campus”eko bazter bateko biltegiaren artean. Eta... Baina, utz dezadan metafora eta noan hizkera errealera, hobeto esplikatuko naiz-eta.

Halaxe da. Berrogei urte betetzen dira, euskaraz jabetzearen aldeko urtetako nire ahalegin antzuari “orain edo inoiz ez” gogor bat bota niola, eta lan-bizitza profesionalera salto egin aitzin euskal sendi batean murgilketa derrigorrezkoa nuela agindu nion neure buruari, inoiz euskaldunduko banintzen. Agindu, onartu eta egin! Patxus Arzamendi adiskide arrasatearrak erakutsi zidan Beizamarako bidea, bera handik igaroa baitzen, oso emaitza onarekin, gainera. Eta horrela, Urki baserrira jo nuen.

Beso zabalik hartu ninduten sendiko kideek: Iñaki, Juanita, Joanixio, Jon eta Xabi. Bost adiskideekiko interakzio zuzen eta jarraikia egundoko hauspoa bihurtu zen niretzat, eta hamaika bider komentatu ahal izan dudan moduan Beizamakoa dut inflexio puntu zoragarria euskararekin bizi izan dudan historian. Oso esperientzia ikaragarri polita gertatzeaz gain, nengoen “zirt edo zart”eko abagune hartan arras erabakigarritzat daukat.  Egonaldi hark mundu berri baterako ireki zidan gogoa. Arruti-Olazabal sendiari esker.

Konbentzituta nago, Beizamara joan izan ez banintz egun ez nintzela euskaldun izango. Beizama “universidadean” lortu nuen nik inongo unibertsitatek eskaintzen ez duen titulua: euskaldunena. Eta horrexek aldatu zidan bizitza.

Argazkiak: JMVM

(1) Urki baserrian urte hartan 170 behi zituzten, zenbait ikuilutan banatuta.

Gehiago Beizamako Urkiri buruz: 

https://txemax.blogspot.com/2018/07/ohore-maisuari.html