Jaietako zurrunbiloan sartuta, urte zaharrari
ipurdia erretzeko prestatzen ari garela, egunotan bizi izan dudan sentsazio bati eman
nahi diot tokitxoa ondoko lerroetan.
Aitortzen dut betidanik ditudala jaiotzak atsegin. Arrasateko Ozteko-Etxeko
lagunek nire haurtzaroan urtero jartzen zuten belen erraldoi hura - baliteke nire
irudimen txikiarekin alderatzen nuelako- oraindik barnean grabatuta daukat,
gero eta sofistikatuagoak erakusten zaizkigun jaiotza bitxi ulergaitzak
bisitatzen ditudan bitartean. Ikusi ahal izan ditut artzain
motorizatuak, hegazkinean iristen diren erregeak, Star Warseko sekuentziaren
batetik aterata diruditen Herodesak, ... Baina oraindik ez dut inoiz Olentzero
bat aurkitu portalearen inguruan, nahiz eta "aditu duenean Jesus jaio dela..."
Bestalde, aurten ere hamaika aldiz abestu ditut Olentzeroren kopla
desberdinak... Areago, umeentzat prestatutako ipuin antzeztu baten
errepresentazio ederraren ikusle izan naiz. Eta ohartu naiz Olentzero gizaraxoari
ostu egin zaiola Belengo umea jaio zeneko albistearen emaile izatea...
Olentzero ikazkina, bixigu zalea, jentilen lagun mina, eta beste hainbat
nolakotasunekin disfrutatu ahal izan dut arlotea, baina ihes egin dit kristau aleak.
Badirudi Olentzeroren nortasun agirian ezabatu dutela askok haren ibilaldiko
mugarri hori.
Gustatuko litzaidake belenismoa irekita egotea
jainko-sinesmeneko heterodoxentzat edota fededun ez izan arren historia eta
artea maite dugunontzat; eta halaber nahi nuke datozen belaunaldiei
transmititzea, kristauentzat historikoki zerbait adierazi zuela Olentzerok.
Belen eta Olentzero ez lirateke elkarren arerio izan beharko, azken finean enbor bereko adarrak baitira eta biek galdegai berdinari eman nahi diote erantzuna. Garbi daukat buru-trintxerak
desagerrarazi behar ditugula gugan, komuneko espazioen mesedetan.
Argazkia: Zarauzko hitza