BILATU

erlijioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
erlijioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 18, 2026

EZ DUT DENBORA ALPERRIK GALDU NAHI


Ez nau interesatzen Florentinoren ospeak ezta Donalden aldakortekeriak ere, biek ahalegin guztiak egiten baitituzte era gorrotagarri eta mespretxagarriz mantentzen duten boterean iraunarazteko, inguruko bataz besteko intelektual mailak uler lezakeenaren gainetik. Ez zait axola herrialdeko eskuin muturreko egunkari amorratuenaren erredakzio-taldeak ustezko oposizioko buruzagia erasotzen badu.

Pentsatzen dut —eta gure gurasoek bizitza eman zigutenean guretzat hautatu zuten malko-haran honetan ausardia pixka bat behar da pentsatzen hasteko- abagune izanez gero gehiago interesatzen zaidala aldez aurretik iragarritako nire portaleko bileratik isilpean ihes egitea, eskailerakoen presidentea naizen arren.

Ez dakit honaino iritsi den irakurle gizajoa konturatu den, aurreko lerrokadarekin adierazi nahi nuena Arabako katolikoei nire dolumin sakonenak bidaltzea zela, beren arimen zerbitzurako dituzten artzainen taldea gutxiesten eta iraintzen duen pertsonaia bat gotzain gisa izateagatik. Erromako Elizaren zerbitzari ohi bezala ezer egin ezin dudanez, beste aldera begiratuko dut. Florentino, Donald, Pedro, Isabel eta abarrekin egiten ari naizen gauza bera, ez bainaute batere interesatzen.

Ez dut gero eta urriagoa dudan denbora alferrik galdu nahi.

Argazkia: Ekain

abuztua 09, 2021

OPIOA ETA ARRATSALDE EURITSUAK


Opioa bide da gizartearentzat erlijioa. Horrela zioen, behintzat, Karl Marxek, jainkoarenganako interes induzituak pertsonen bizitza erreakzioetan eragin alienagarria duela adieraziz. Gizateriaren gaineko kontrolerako lanabes ezin hobeak bilakatu zirela zioen filosofo alemaniarrak erlijioei buruz. Ez noa ni XX.eko burmuinik argienetakoari kontrako argudiorik jartzera, ez alafede, abuztu eguraldiz irregular honetan ez bainago eztabaidetarako.

Baina, hain zuzen, eguratsa bihurriak liburutegira gura baino maizago biderarazi nauenez, esan dezaket erlijioen historia oso gai interesgarritzat dudala, orduak eta orduak gustura emateko aukera ederra eskaintzen baitu. Herrien psikologia eta izaerak ulertzeko diziplina bikaina da, teologiarekin lotua baina, aldi berean, giza substratuan eraikia, teorizazioari egiazko balioa ematen diona.

Antropologiaren ikuspuntu aberatsetik gizon emakumeon ibilbide praktiko desberdinak aletzen dizkigun zientzia da erlijioen historia, gizateriaren gaineko argazki gardena alderagarritasun argigarriarekin zerbitzatzen diguna. Marxekiko errespetu guztiarekin, eramangarria egin dit erlijioen nondik norakoen irakurketak gaurko arratsalde eurits
ua.

Argazkia: Ekain

urtarrila 12, 2015

ERLIJIOAK ASKATASUNETIK BIZI BEHAR



Aste mugitua gertatu da aurrekoa, gehien bat sentimendu kontrajarriei begira, bat ere dudarik gabe kontzientzietan eragin baitu indar bereziz Parisen jazotakoak. Egia da Bagdad edota Kabuleko erailketek zirrara txikiagoa sorrarazten digutela eta hori, esango nuke, bi arrazoi nagusirengatik izaten da. Alde batetik distantzia geografiko eta erreferentziala eta bestetik ohikeria. 

Parisen, Madrilen edo Arrasaten egunero pairatuko bagenitu atentatuak, heriotzen aurrean gero eta intsentsibleagoak  izango ginateke.  Pertsonen heriotzak, denak, berdinak badira ere bakoitzaren oihartzunak dezibelio fisiko eta emozional desberdinekin jotzen gaitu. Eta sentimenduaren iturri ahitugarrian zerikusi handia dauka gertaeren maiztasunak: zenbat eta ohituagoak egon, hainbat eta dardara ahulagoa ematen da pertsonaren baitan.

Baina barkatu: ez nuen hildakoen aurrean pertsonak psikologikoki nola erreakzionatzen duenaz idatzi nahi. Nik adierazi gura nuena zen, erlijioek behin eta berriz erakusten digutela gizakion inbentoa direla. Eta haiek defendatzen duten jainkoaren izenean hiltzea edo, sinpleago, inoren aurka aritzea, hain justu, jainko horren existentzia bera ukatzea da. Edozein maximalismo ortodoxo antzurekin bezala, ondorio deitoragarria pizten du intolerantzia erlijiosotik ideiak ezarri eta inposatu nahi izateak. Hori, lehen, orain eta beti. Erlijioak askatasunetik bizi behar dira, erlijioak izango badira.

Argazkiak: Fernando Martinez de Eredita 
Gaiarekin lotuta: http://txemax.blogspot.com.es/2013/08/erlijioak-eta-militarrak.html
 

martxoa 25, 2013

GARAI ZAILAK ELIZA KATOLIKOARENTZAT



Erramu Igandea igaro ondoren Aste Santuan sartuta gaude, bete-betean. Ireki da mundu katolikoaren egutegiko datarik adierazgarrienen atea eta askok tinko eutsiko diote euren sinesmenaren aginduak ospatzeari. Beste hainbatek, ordea, egutegiak aisiarako ahalbideratutako aukera soiltzat hartuko dituzte egun hauek. 

Eliza eta gizarte zibilaren arteko harremanak errealitate hertsiko erakusle indartsua ezagutu genuenok bakarrik esan dezakegu nola aldatu den aste santuaren adierazpena. Gainerako erakuspen erlijiosoen esanahia ezabatzear jartzeraino iritsi den bezalaxe, aste santua, oro har, opor aldi hutsa izatera igaro da. 

Ez da egia sinesmenaren amaiera  heltzear dagoenik gizartera.  Baina errealitatea dugu pentsamendu desakralizatuak toki zabala hartu duela gure artean, inoizko indarrik nabarmenarekin. Katolizismoak ez ditu bere piezak egoki mugitu eta partidak behin eta berriz galdu ditu azken mende erdian. Vaticano II. Kontzilioa aurrera pausua zitekeela uste izan zena aurki lurperatu zuten geroagoko Vaticanoko agintariek eta eliztarren etsipenak elizari bizkarra ematea ekarri zuen. 

Sinesmena (izpiritualismoa) -edo dena delakoa- barrundik eta ezelako kanpo eraginik gabe bizi behar da, egiazkoa izango bada. Erlijioak lanabes gisa erabil daitezke, helbururako plataforma lagungarri bezala.  Gertatzen dena da izpiritualitateak ez duela erlijioen beharrik. Eta desakralizazioak eremu zabalak irabazi baditu ere, horrek ez du esan nahi gizarteak introspekziorako gaitasuna galdu duenik. Egia da, dena den, kanpo faktore desbideragarri gehiegi ditugula inguruan,  barne hausnarketa oztopatzen dutenak. Eta elementu pizgarriren baten premia gero eta nabariagoa da, bide egokiaren bila lagun diezagun.   

 Giza-norbanakoaren izpiritualitatea erlijio guztien gainetik egon daitekeen arren, ez da egia txikiagoa erlijioaren egiturak mesedea ekar diezaiokeela gogoarentzako elikadura aproposaren bila dabilenari. Egun, ordea, oso urruti dago eliza katolikoa babes hori eskaini ahal izatetik. Lortuko al du etxe komuneko doktrina berri bat bilbatzea?