Opioa bide da gizartearentzat erlijioa. Horrela zioen, behintzat, Karl Marxek, jainkoarenganako interes induzituak pertsonen bizitza erreakzioetan eragin alienagarria duela adieraziz. Gizateriaren gaineko kontrolerako lanabes ezin hobeak bilakatu zirela zioen filosofo alemaniarrak erlijioei buruz. Ez noa ni XX.eko burmuinik argienetakoari kontrako argudiorik jartzera, ez alafede, abuztu eguraldiz irregular honetan ez bainago eztabaidetarako.
Baina, hain zuzen, eguratsa bihurriak liburutegira gura baino maizago biderarazi nauenez, esan dezaket erlijioen historia oso gai interesgarritzat dudala, orduak eta orduak gustura emateko aukera ederra eskaintzen baitu. Herrien psikologia eta izaerak ulertzeko diziplina bikaina da, teologiarekin lotua baina, aldi berean, giza substratuan eraikia, teorizazioari egiazko balioa ematen diona.
Antropologiaren ikuspuntu aberatsetik gizon emakumeon ibilbide praktiko desberdinak aletzen dizkigun zientzia da erlijioen historia, gizateriaren gaineko argazki gardena alderagarritasun argigarriarekin zerbitzatzen diguna. Marxekiko errespetu guztiarekin, eramangarria egin dit erlijioen nondik norakoen irakurketak gaurko arratsalde euritsua.
Argazkia: Ekain
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina