BILATU

abuztua 16, 2021

ANTOLAKUNTZA KOMUNISTA

 


Udako oparitxo sasi artistikoa izan da, herriko kanposantuaren kanpoko orman esku anonimo batek utzita. Egia aitortzera, duela zenbait urte toki berdinean beste artista filosofo batek idatzitako “jaiki zaitezte, lurra landu egiten duenarentzat baita” lapidarioagoa iruditu zitzaidan, lau orma haien artean daudenei zuzen eskainia baitzegoen. Nik dakidanez, maizterren arteko inor ez zen altxatu eta esaldiaren egileak ez zuen gaian errepikatu, bere aginduetarako erreakziorik ezak gogoa zapuztua, nonbait. 

Orain komunismoarekin mehatxatu ditu eslogan zaleak, eta ez daukat bat ere garbi mezua hilerriko lagunei edo oraindik hara betiko heldu ez garenoi bideratzen ote zaigun. Badirudi egiazko komunismoaren maila gaindiezina erdietsi dutela hildakoek, berdintasun ukiezinaren besoetan babestuta eta betebehar material guztiak ongi asetuta. Aldarrikapen panfletarioen arabera, gizakiaren egoera perfektua da hildakoena. 

Baina oraindik hanka guztiz luzatu ez dugunontzat idatzi badute oraingoa? Hor bai aitortu behar dut ezjakin hutsa naizela, ez baitakit zein den esku anonimoaren helburua. Komunismoa antolatu? Nork? Nik? Zuk? Sistemak? Behintzat web orriren baten erreferentzia utzi izan balute... Umezurtz utzi gaituzte, hurrengo urratsa zein den azaldu gabe. Baina litekeena da, esku anonimoak berak ere esaeraren esangura ez jakitea. Horrela bakarrik ulertuko nuke mezua.

Argazkia: JMVM 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina