BILATU

abuztua 02, 2021

PP-ko GUZTIAK EZ DIRA FAXISTAK



Garbi daukat peperoen artean badirela demokrazian sinetsi dutenak. Areago, ezagutzen ditut euren alderdiaren azken urteotako ibilbide bihurrian bat ere eroso ez daudenak, oraindik eskuin-erdiko, monarkiko, espainiar eta katoliko sentitu arren inondik ere faxismoaren besoetara botako ez direnak.

Franco, sarri idatzi dut honetaz, jeneral kolpista, faxista izan zen, eta hiltzailea. Edozein burmuin orekatuk dakiena da hori, historia testuetara jo gabe, testuak engainagarriak suerta baitaitezke. Nire hitzei balio ematen dietenak, besteak beste, hemerotekak dira, milaka fusilaturen izen-abizenekin, edota bide-bazterrak, gizon emakume desagertuen kopuru kalkulaezineko anonimatoak apainduta. Jeneral kolpista erailea izan zen azken uneraino, botere guztien onespen sakratuak lagun.

Orain Casadok dio Memoria Historikoaren Legea deuseztatu egingo duela boterera heltzeaz bat. Eta PPren zenbait goi zirkulutan Francorena ez zela kolperik izan publikoki adierazten da, buruzagien irribarrea begitartean loratua. Eta niri gogoa datorkit PP alderdiaren agintariak faxistak direla lau haizeetara botatzeko, bere gainetik kaka kentzeari aplikatzen ez dena kaka zalea baita.

Argazkia: Ekain

1 iruzkin: