Iritzi eta konportamenduen espektro diferenteen gain eztabaidatu nuen lehengoan ezagun min batekin. Oso eztabaida zibilizatua, hain zuzen, bakoitzak defendatzen zuen ustea bestearen ekarpenekin aberasteko esperantzan geundela esan baitezaket. Zenbat buru hainbat aburu adagioa egiatzat edukitzeaz gain nork berea besteen aplikapenekin elika ditzakeela pentsatu dut beti, bikaintasunaren bilako lasterketa lagun hurko diferenteen mugarrietatik igarotzen delakoan bainago. Horregatik pentsamendu monolitiko antzugarritik egiten dut ihes, haize freskoa bezala ideia eta teoria berriak behar ditut eta.
Egiazko isolamendua, nork berak bezala pentsatzen duen pertsonek inguratuta bizitzetik dator. Hortxe datza ezer ez izatearen legamia, berdintasunaren izenean preso, denok berdinak izatezko pentsamendu korrontearen tranpa itogarria. Eztabaidan, ideien konfrontazioan egiten gara handi pertsonak, desberdinarengandik ere ikas dezakegula onartzen den unetik. Ez zait ezbaiko diferentearen porrota interesatzen, nire ideiak bestearenekin sendotzea baizik. Horrexegatik ditut maite diferentziak, mendiko arrakala eta aldatzak atsegin ditudan bezala, horiek garaituz gero asebetze eskergarriaren sentsazioak inguratzen bainau.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina