BILATU

abuztua 30, 2021

ARDIEI ERAKUSTEN

 

Jose Miguel Barandiaranek esan ohi zuen, Gasteizko Apaiztegiko irakasleen artean bazela munduaren sorkuntzako data duela 4.500 urte inguru finkatzen zuena, eta fosilak jainkoak bere eskuz ezkutatu zituela zioena, behin guk aurkituz gero gizakion fedea frogan jartzeko. Kreazionismoaren teoria itsua ez zihoan Ataungo jakintsuarekin, eta horregatik elizaren itsukeria basatia pairatu behar izan zuen askotan.

Gogora etorri zait aurrekoa, Juan Eslava Galan ”El catolicismo explicado a las ovejas” liburua irakurtzean. Ordu politak ematen lagundu dit testu joriak, nire fedean ardien letxe hezi nindutela egiaztatzeaz bat behin baino gehiagotan irribarrea loratu baita nire ezpainetan. Egiari zor, ez nau arduratzen artaldeko kide arrunt bat bezala tratatu izanak, iraganekoa iragan baita. Argitu behar dut, gainera, azken denboretan nire burua kristau ez fededuntzat hartzen dudala, kontraesana irudi daitekeen arren erabat osagarriak baitzaizkit, ezin dut-eta nire heziketa kristaua gainetik uxatu (beharbada, ezta gura ere) ... jainkoaren grazia hierarkizatua esklabo izatearen sinonimo itxia den arren. Biak batera egonda eroso sentiarazten naute.

Juan Eslava Galanen liburuak ez dakarkigu jainkoaren gaineko argitasun betierekoa, alde batetik egilea nobelagiletzat baitauka bere burua eta ez inongo jainkoren ordezkaritzat, eta bigarrenez teologia berez zientzia iluna delako. Baina trebetasun ikaragarria darakutsa idazleak gugan ardien kontzientzia astintzeko. Gero, noski,  bakoitzaren aukeran dago artaldeko norbanako izaten segitzea ala ez. Hori dela eta, liburuaren irakurketa gomendatuko nuke. Kreazionista, fededun itsuak eta antzerakoak abstenitu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina