BILATU

Gasteiz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Gasteiz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

abuztua 04, 2025

JAIAK BIZI IZAN


Igandeko egunkariarekin irakurleei eskuetaratzen zaien asteroko “plazebo” horietako batean, Espainiako hiririk ederrenen sailkapen bat irakurri nuen lehengoan. Sailkapen ulertezina eta zentzugabea, ene ustez, jaio garen lekua baita bakoitzarentzat lekurik ederrena.

Horregatik, alferrikakoa litzateke gure herri eta hirietako jai desberdinak alderatzen saiatzea. Ez dago jaien kalitatea edota intentsitatea neurtzeko gailurik, norbanako bakoitza egoera subjektiboek bultzatzen baitute festara, eta horrek itxaropen onenak zapuztu ditzake beharrezko inplikazio emozionalik ezean. Iruñera iritsi nintzen behin San Fermin jaietarako keinuan eta ordubetera alde egin nuen, girora egokitu ezinik.

Gaur Gasteizek bere kaleak eta plazak irekitzen dizkie jaiei, eta horien barruan daude festaren berezko osagaiak. Hala ere, pertsona bakoitzaren umorea eta jarrera proaktiboa behar dira uneaz gozatzeko. Hori gabe ahaleginaren emaitza hutsaren hurrena litzateke. Gasteizera buelta bat eman beharko dugu, nire lagun askok txikitatik jaiak ikusteko duten modua aitortuz. Haiekin elkar eragiteko asmoa dut.

Argazkia: Jesus Prieto Mendaza

uztaila 26, 2021

SANTIAGOTIK SANTANARA

 


Gaur amaitzen bide da Gasteizko uda idaz-buruari jaramon eginez gero. Atzo hasi eta gaur bukatu. Behingoz, bederen, gustatuko litzaidake jakintza zaharraren herrena agerian geratzea, adineko guztia ez baita okerrik gabea, are gutxiago eguraldiaren gorabeheretan. Egutegiak nahikotxo pilatuta ditugunok eskarmentuan gradu bat altuagoan gaude oraindik gordin samar daudenak baino. Ez zaigu, beraz, ikusi eta bizi izandakoaren meritua kenduko.

Esan liteke gauzak aldatuz doazela. Ahalegin gintezke frogatzen klimaren aldakuntzak gugan eragin positiboa duela eta hotz beroen lasterketan gorantz goazela, iragarrita dauden tenperatura itogarriek horrela darakutsatela baieztatuz. Eta hurbilduko zaigu laguna, bera bero dagoela adieraziz. Bego horrela, bere arrazoi eta desadostasun guztiekin.

Niri dagokidanez, gaur arratsaldean eguneroko osteratxoa egitera ateratzen naizenean, lepoan ohiko jertsea eramango dut, orain arte egin dudan bezala. Izan ere, jakintza zaharrak herrentasuna ager dezakeen arren azkenik jakintza da eta asko daki, zer arraio
!

 Argazkia: www.ttiklik.com

abuztua 03, 2020

EZ OHIKO JAIAK


Bezperaren bezperan gaude eta iragartzen genuen bezala Gasteizko jaiak ez dira ohikoak izango, behintzat jai erakuspen irekiei dagokienez. Bistan da nork modu askotan erakuts dezakeela jairako izpiritua eta egitaraua, eta ditxosozko birusak parte hartu nahi izan du gure bizitzaren antolaketan eta gaur den egunean zeharo baldintzatu digu programa. 

Gasteizko jaiak kale manifestazio zaratatsua bilakatu ziren aspaldi - ez dakit modu artifizialean edo zinezko gogo jaizaleari jarraikiz- baina aurtengoek alde pasibo behartuaren gerizpera jo dute, zirkunstantziek aginduta. Eta esango nuke hiritarrek zentzun osasuntsua erakutsi dutela, ohiko ospakizun jendatsu eta tradizioan errotuei “aurten ez” ozena eskainiz.

Euskal Herriko jai herrikoi gehienetan bezalatsu, gasteiztarrek garbi utzi nahi izan dute lehenik lagun hurkoarenganako begirunea dela, edozein jai erakuspen burugabearen gainetik. Osterantzean ez zen alaitasun osasuntsurik izango, eta badakigu jakin Gasteizen alaitasuna zerutik jaisten dela eta ez infernutik.

Argazkia: JMVM

iraila 09, 2019

MUNDUKO HIRIBURU BERDEA


Albiste pozgarri honek- behintzat niretzat- harrapatu nau gaur larunbateko gosariari ekin diodanean. Eta albistearen azaleko irakurketak zapore atsegina uzi dit, kafesne eta ogi txigortuaren berezkoaz gainetik. Jarraian ohiko ibilaldiari lotu natzaio eta naturarekin bat egin dut.

Gasteiz hiriak lortutako titulu berria ondo merezia duelakoan nago. Iritziak iritzi -denak gogoangarriak- urtetako lan onaren oihartzuna mundu guztira iritsi dela adierazten du. Ez dira makalak Gasteizek hamarkadatan garatutako modelorako ahaleginak eta, jasangarritasuna ardatz hartuta, gizarte garapenari ireki dio bide zabala. Jakina, erdietsitakoa ez da helburua, lasterketa honek ez baitu amaierarik. Biztanleen bizitza kalitatea etengabeko saiakeraren xedea da, edozein erakunde-erabaki hartzeko orduan ezinbesteko baldintza bilakatzen dena.

Arabako hiriburuak marka berri bat jarri du bere palmaresean. Baina erronka berriak itxaroten zaizkio, hiritarren onuraren norantza aldatuko ez bada. Sariak eurez harro egoteko izaten dira baina, aldi berean, inori hutsik egongo ez badio, saridunak erantzukizun izugarria hartzen du. Horregatik Gasteizek eredugarria izaten segitu behar du.

Argazkia: eitb 

abuztua 05, 2019

ABUZTUAK 5


Abuztuak 5, Andre Mari Zuriaren eguna. Gasteizko jaiak hasi dira eta, esloganak dioenez, Arabako hiriburura zerutik jaitsi da alaitasuna, teorian bederen gure artean 10era arte egongo dena. Beraz, goza dezagun jai giroa eta gero gerokoa. 


Gogoratzen dut 1983ko abuztuan, orduan estreinatu berria zen Euskadi Irratian elkarrizketa bat egin zidatela, Gasteizko jai nagusiei buruz hitz egiteko. Nik orduan Donostiako “Hoja del Lunes” astekarian idazten nuen Arabako gaiak ardatz hartuta, eta irratian pentsatu bide zuten ni nintzela pertsona aukerakoa Gasteizko jaien errealitateari errepaso bat egiteko. Esatariak ezer gutxi zekien Zeledonen gain, ezta gainerako ospakizunen inguruan. Arabako hiriburua ezezagun handia genuen, euskaldun gehienontzako hedabide komun baten faltan. Euskadi Irratia bitarte hori betetzera zetorren, pixka bat geroago ETB etorriko zen bezalatsu. Hogeita hamasei urte geroago gauzak aldatu egin dira eta Zeledon gasteiztarra euskaldun guztien ondasuna bilakatu delakoan nago.

Ez noa epaitzera EITBren Arabarako arretak beste herrialdeei eskainitakoarekin parekorik duen. Ez da gaurko idazkiño honen helburua. Baina komunikazioaren bitarteko horren gain esan daitekeena da, modu positiboan eragin duela Euskadiren artikulazioan. Ezetz?

Argazkia: JMVM

azaroa 06, 2017

ITZULPEN MONUMENTALA



Ehun urte betetzen dira frantsesen kontrako azken gerratean Gasteizen izandako bataila gogoratzen digun monumentua eraiki zenetik. 1813-1917-2017 horratx daten katea, eta efemeridea. Eraiki idatzi dut eta ez inauguratu, izan ere nik dakidanez behintzat inauguratu ez delako. Baina hori ez da gaurko idazkiño honen zioa, azken finean berdina baita bedeinkazio erlijioso edota zibilaren tantekin zipriztinduta egotea ala ez; balioa bere adierazpenean datza-eta.  Oraingo kasu honetan, ordea, hausnarketak ez nau monumentuak adieraz dezakeenaren gaineko bide bihurrietatik barrena abiarazi. Beraz? 

Aipatu monumentua helburu hartuta, "Guía didáctica" deritzan liburuxka argitaratu da Arabako hiriburuan. Hamabost orrialdetan zehar irakurleak ideia zehatzak eduki ditzake - gazteleraz irakurtzen badu- 1917tik Andra Mari Zuriaren plazan dagoen Gabriel Borrasen obrari buruz. 

Ulertzen ez dudana da, nola arraio baimendu duten liburuxkaren beste hamabost orrialdetan euskarazko bertsio negargarria publikatzea. Ez naiz gehiegikeriatan ari. Gida didaktikoa? Euskaldunon adimenari iseka egin zaio. 

"1917ko abuztuaren 4tik bere hernia ohoratzeko eraikitako monumentua andre zuriaren plazan, arabako Miguel Ricardo, gertaera garrantzitsuenaren oroipena betikotzen duen momentuan gertatu zen hirian eta bere ingurunean, gasteizko gudan. Hiriguneko kokapenak bihurtzen du funts bezala andre zuriaren horma-hobiarekin san miguel-en elizako arkupea duen benetako posta-txartelarekin" 

Ulertu al du irakurleak ezer? Nondik nora doan antzemateko, “Guía didáctica”ra jo behar da. Bada, hori: iseka.

Argazkia: 1917ko abuztuaren 4ko "La Libertad" egunkaritik hartuta.

abuztua 07, 2017

JAIETAKO TRASZENDENTZIA



Idazten nuen lehengoan iraganera igotako bizitzapen helezinei buruz. Errealitatearen hauskortasunak mugatzen du gu bizion ibilaldi lurtarra, eta begi bistakoa da zein samur hauts daitekeen ekilibrioa. Egia esateko, uneoro egiaztatzen dugu denboraren joaneko arrastoa.

Atzo, adibidez,  Urrezko Zeledonen eguna ospatu genuen Gasteizko jaietan. Urteroko zeremonia bertsuarekin ekin genion egitarauari, betiko desagertutako kideak gogoratuz. Izan ziren eta ez daude; bagara eta ez gara egongo. Horrela defini genezake iraungitze datarekin jaiotakoon joko zelaia.
 

Baina, boteprontoko pentsamendua datorkit, zer dela-eta hain traszendente jartzea, baldin eta  errealitatea bizitzaren legea betetzea baino ez bada? Eta gainera, jaietan. Kita, kita...

Argazkia: Gasteiz aldizkaria