Ehun urte betetzen dira frantsesen kontrako
azken gerratean Gasteizen izandako bataila gogoratzen digun monumentua eraiki
zenetik. 1813-1917-2017 horratx daten katea, eta efemeridea. Eraiki idatzi dut
eta ez inauguratu, izan ere nik dakidanez behintzat inauguratu ez delako. Baina
hori ez da gaurko idazkiño honen zioa, azken finean berdina baita bedeinkazio
erlijioso edota zibilaren tantekin zipriztinduta egotea ala ez; balioa bere
adierazpenean datza-eta. Oraingo kasu honetan, ordea, hausnarketak ez nau
monumentuak adieraz dezakeenaren gaineko bide bihurrietatik barrena abiarazi.
Beraz?
Aipatu monumentua helburu hartuta, "Guía
didáctica" deritzan liburuxka argitaratu da Arabako hiriburuan. Hamabost
orrialdetan zehar irakurleak ideia zehatzak eduki ditzake - gazteleraz
irakurtzen badu- 1917tik Andra Mari Zuriaren plazan dagoen Gabriel Borrasen
obrari buruz.
Ulertzen ez dudana da, nola arraio baimendu
duten liburuxkaren beste hamabost orrialdetan euskarazko bertsio
negargarria publikatzea. Ez naiz gehiegikeriatan ari. Gida didaktikoa? Euskaldunon
adimenari iseka egin zaio.
"1917ko abuztuaren 4tik bere hernia
ohoratzeko eraikitako monumentua andre zuriaren plazan, arabako Miguel Ricardo,
gertaera garrantzitsuenaren oroipena betikotzen duen momentuan gertatu zen
hirian eta bere ingurunean, gasteizko gudan. Hiriguneko kokapenak bihurtzen du
funts bezala andre zuriaren horma-hobiarekin san miguel-en elizako arkupea duen
benetako posta-txartelarekin"
Ulertu al du irakurleak ezer? Nondik nora
doan antzemateko, “Guía didáctica”ra jo behar da. Bada, hori: iseka.
Argazkia: 1917ko abuztuaren 4ko "La Libertad" egunkaritik hartuta.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina