Badira gauak, loak hartu ezinik buruak
hainbat gai diferenteri hamaika buelta ematen dizkiela. Bart horietako bat izan
da eta hortxe ibili zait, besteak beste, eternitatearen gaineko pentsamendua
zirika. Parentesi artean, diodan ez dudala gogoratzen gaztetxoa nintzela
halako gogoeta pizten zitzaidanik, ezta unerik ilunenetan ere. Eternitatetik
gero eta hurbilago nagoenaren egiaztapena izango da, ziur.
Bada, Kanadan aurkitutako fosil batzuei buruzko albistea izan da eternitatera
-edo behintzat oso hurbilera- garraiatu nauen palanka. Lau mila milioi urteko
adina eduki dezaketela zioen zerbitzatu zitzaigun berriak eta zenbatzeari ekin gabe ere, maindire azpian halako
sentsazio artegatsuak gainditu nau, nire txikitasunaz (huskeriaz) ostera
jabearaziz.
Baina gero gogoratu dut, duela hilabete batzuk
errepide bazter batean hilarri zahar bat ikusi nuela, lore sorta apaltxo batek
apainduta. Hurreratu nintzen eta irakurri nuen harri landuan idatzitakoa. Zioenez, bertan hil zen gazte bat, 1948an.
Hirurogeita zortzi urtetako istorio
tristea oroitarazten zuen harriak. Baina polita gero etorri zen: loreak
egiazkoak ziren, gazteak, esku batek bertan apropos jarriak.
Bart, ohearen epeltasunean ulertu dut
eternitatea eta norbaiten bihotzean bizirik irautea sinonimoak direla,
denboraren luzerak zer ikusirik ez duela. Eta lasai geratu naiz.
Argazkia: JMVM