Zahartu naizenaren seinalea izan
daiteke baina ez dut oso ondo -edo absolutuki ez dut bat ere- ulertu zer nahi den
erdietsi "mamutfante" bataiatu duten animaliaren proiektuarekin. Bi
urte barru gure artean sor litekeen espezie berria eduki genezake, duela lau
bat mila urte desagertu zen mamutaren geneak Asiako elefante baten
gorputzean ezarriz. Baina ez digute azaldu zergatik eta zertarako
nahi den geneen edizioa erabili mamutenak elefantearen ADNn kateatzeko.
Ingenieritza genetikoak ez du arlo etikoa ahaztu behar eta mamutfantearen
gaineko albisteak zer pentsatzerik eman dit.
George Bakartia deitzen zuten dortoka erraldoiaren kasuak eman didan bezalaxe.
Lau urte dira hil zela Galapago Uharteko espezie endemikoaren bizilagun
ospetsua. Eta orain Georgeren zelulen bitartez hura erreproduzitu gura bide
dute, haren bizitza-kate naturala betiko eten baitzen.
Ergel itxurabakook! Horixe gara gizakiok,
gure naturaren oinarrizko eskubideak zanpatzen ditugun bitartean teknologia
hotz eta sentimendu gabea aplikatzen baitiogu izadiari, horren bilakaera
eztabaidagarria biztuaraziz.
Argazkiak: Europa Press
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina