BILATU

Juan XXIII etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Juan XXIII etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 12, 2025

ZERGATIK JOTZEN DUTE KANPAIEK?


Denbora pixka bat eskaini nion San Pedro plazatik telebistan zuzenean jasotzen genituen berriak ikusteari. Hainbat katearekin konektatu nuen, eta, oro har, aukeratutakoa nor izango zen jakin aurretik, antzekoak ziren estudioetako iruzkinen erritmo eta mota. Gero aldatu egin zen, katearen arabera. Irekienek berriarengan aurreko Aita Santuaren profila antzematen zuten. Eremu “nazionalekoek”, aldiz, aukeratutakoaren ama espainiarra dela nabarmendu zuten Normala.

Baina gaur beste zerbaitera nentorren: ezagutu nuen lehen Aita Santuaren erreleboa, Joan XXIII.arena izan zen, 1958an. Herriko parrokiako kanpai-jotzeak ekarri zigun berria. Une hartan gainezkatu gintuen haur-euforian, Espiritu Santua uso baten itxuran igarri genuen San Pedro basilikaren gainean, hegaz. Gaur, inozotasuna galduta,  badakigu gauzak ez direla horrela.

Eta plasma-pantailaren aurrean nire besaulkian eroso eserita, lo egitea eragozten dien aitzakiarekin egungo gizartean ezkilak isilarazi dituztenen kontra jarri naiz. Ez dago komunitatearen bizitza erregulatzeko dorretik kanpaiak astintzea bezalakorik. Gaur, aita santuaren aldaketaz gain, herriko futbol taldearen garaipena (edo porrota) iragar liteke, ospitaleko familia-mediku berriaren izendapena, eskola publikoan irakasleen greba bertan behera utzi izana edota Herri Urratserako autobusaren irteera. Proposatzea da kontua, eta horixe egiten dut hemendik.

Argazkia: National Geographic


urria 17, 2016

BAKEAZ TEORIZATZEN ARI

"Kantua neure buruari" obran Walt Whitman poeta amerikarrak zioen bakea eta jakintza lurreko gatazkez haratagoko ondarea direla. Lirikarako hain polit datorren aurreko hausnarketa eguneroko praktika zalapartatsuarekin nahasten denean errealitate gordinak harrapatzen gaitu eta, ni bederen, bat nator Whitmanekin, bakea eta jakintza balio ukiezinak diren arren gerra eta ezjakiteaten eraginpeko garroek nora daramaten samur neur baitaiteke.

Bakea arazo bihurtu zen gizakia mundura azaldu bezain laster, eta gizakiaren garapen integralerako oinarrizko osagaia dugun hezkuntzak ajeak ageri dizkigu, gero eta sakonagoak. Bakea eta hezkuntza elkarren ondoan doazen balioak ditugu.


Asteburuko irakurgaia izan dut "Populorum Progressio" entziklika, 1967an Pablo VI Aita Santuak sinatua. Vaticano II.aren ondorioetan egituratua,  bakearen gaineko eskubide unibertsalaz mintzo zitzaigun, gizarte desoreken kontrako ahotsa altxatuz. Ez naiz hain inozo eta badakit literatura eta praxia ez doazela normalean eskutik helduta; gauza bat da pulpitutik solidaritatearen aldeko hitzaldiak egitea eta beste bat garia banatzea. Baina, ene iritziz, bakea zer izan beharko litzatekeen ulertzen joateko Whitmanen idazkietan eta entziklika horren gisako dokumentuetan -ezin dut ahaztu Juan XXIII.aren "Pacem in terris"- murgil egitea ez letorkiguke gaizki. Behintzat, abiapuntu bertsutik aterako ginateke eskubide unibertsalaren bila. 

Argazkiak: JMVM



apirila 28, 2014

ZERUAN ERE DIFERENTE?



Eliza katolikoa klub pribatu bat da. Handia, hori bai. Nik ere daukat karneta, nahiz eta denboraldi luzexka daramadan asko erabili gabe. Elkarte guztietan legez, kideen iritzi eta pentsamoldeak ez datoz beti bat elizan eta nork bereak defendatu nahi dituenean zailtasunak eduki ditzake behar bezala aritzeko, gizon-emakumeok sortutako erakundeak ez baitira inoiz horiek osatzen duten kideeen nolakotasunetara ehuneko ehunean egokitzen.

Atzo bi dohatsu santu bilakatu zituen eliza katolikoak. Frantzisko Aita Santuak erabaki salomoniko samarra hartu behar izan du, katolizismo hertsienaren bultzada itogarri bezain ilunaren aurrean. "Karol Josef nahi duzue santu? Ba, orduan baita Angelo ere bai!"  pentsatuz, batera jaso ditu aldareetara polakoa eta italiarra, bakoitzak bere jarraitzaileen txalo eta malkoak isuraraziz.

Eta gaur, egun aintzatsu horren biharamunean, nigan betiko galdera biluziak segitzen du erantzunaren isiltasunean oihartzuna birsortzen: batzuen eta besteen munduko konportamenduei erreparatuz,   zeruan ere diferenteak izango al gara?



Argazkiak: puertpixel.com; aciprensa.com

otsaila 18, 2013

ESPERANTZARAKO LEIHO IREKIA?



Apirilean gertatu zen, 2005ean.  Aldi-tarte luze bat neraman "deskonektatuta" mundutik, ez bainituen egunkaririk irakurtzen, irratirik entzuten eta telebistari ez nion begirada bat ere botatzen. Hilabete pare bat lehenago erabaki nuen nire buruari atsedena eskaintzea, nazkatuta bainengoen eguneroko albiste zaparrada irentsiezinarekin.

Eta albiste-barau hartan zeharo murgilduta nengoela gertatu zen Aita Santu berriaren hautaketa. Juan XXIII San Pedroren aulkira altxatu zutenetik -oraindik nire burmuinean entzuten ari naiz Arrasateko elizako kanpandorretik  irisarazi zizkiguten kanpai hotsak- gero izandako beste hiruren izendapenak ia-ia zuzenean bizi izan nituen komunikabideetatik baina laugarrenaren kasuan ez nuen berria zenbait egun igaro arte ezagutu, nire "ihesaldi mediatikotik" itzulita Joseph Ratzinger Benedicto XVI bilakatu zela jakin nuenean. 

Gaurko nire aitorpenarekin jarraituz, diodan oraingoa izan dela eliza katolikoaren buruan egon den bitartean Aita Santu bati kasurik gutxien egin diodana. Arrazoia, azken urteotan elizarenganako nigan bizi izan dudan erlaxatasun sakonean dago. Orain badoakigula iragarri du eta automatikoki galdera bat baino gehiago etorri zaizkit burura.

Bere deliberamenduarekin Jainkoaren ordezkaria baino lehenago gizona dela argi eta garbi adierazi digunez, Benedicto XVIren erabakia esperantzarako bide bat irekitzearren ote datorkigun da, labur bilduz, itaunen kezka. Vaticanoko buru berriaren bideak ekumenismoaren aldeko norabidea markatuko du? Pertsonen eta herrien duintasuna botere guztien aurrean fermuki aldarrikatu eta defendatzeko gai izango da? Ahaltsuekin lerrotu beharrean munduko pobreekiko komunioan egongo al da?  Hitz batean, zeruko aintza munduan ere ezartzeko adina ahalmen edukiko ote duen da galdegai nagusia. 

Beraz, 1958ean kanpai haiek iragarri ziguten Aita Santuak kristau guztiongan iziotu zituen ilusioa eta esperantza berpiztuko balira, Benedicto XVIren uko egitea txalogarri eta laudagarria litzateke. Etsipenean segituko bagenu, zertara etorri da agur esatea?



Argazkiak: www.biografiasyvida.com