Apirilean gertatu
zen, 2005ean. Aldi-tarte luze bat neraman "deskonektatuta"
mundutik, ez bainituen egunkaririk irakurtzen, irratirik entzuten eta
telebistari ez nion begirada bat ere botatzen. Hilabete pare bat lehenago
erabaki nuen nire buruari atsedena eskaintzea, nazkatuta bainengoen eguneroko
albiste zaparrada irentsiezinarekin.
Eta albiste-barau hartan zeharo murgilduta nengoela gertatu zen Aita Santu
berriaren hautaketa. Juan XXIII San
Pedroren aulkira altxatu zutenetik -oraindik nire burmuinean entzuten ari naiz
Arrasateko elizako kanpandorretik
irisarazi zizkiguten kanpai hotsak- gero izandako beste hiruren
izendapenak ia-ia zuzenean bizi izan nituen komunikabideetatik baina laugarrenaren kasuan ez nuen
berria zenbait egun igaro arte ezagutu, nire "ihesaldi mediatikotik" itzulita Joseph Ratzinger Benedicto XVI bilakatu zela jakin
nuenean.
Gaurko nire
aitorpenarekin jarraituz, diodan oraingoa izan dela eliza katolikoaren buruan
egon den bitartean Aita Santu bati kasurik gutxien egin diodana. Arrazoia,
azken urteotan elizarenganako nigan bizi izan dudan erlaxatasun sakonean dago. Orain badoakigula
iragarri du eta automatikoki galdera bat baino gehiago etorri zaizkit burura.
Bere deliberamenduarekin Jainkoaren ordezkaria baino lehenago gizona dela argi
eta garbi adierazi digunez, Benedicto XVIren erabakia esperantzarako bide bat
irekitzearren ote datorkigun da, labur bilduz, itaunen kezka. Vaticanoko buru
berriaren bideak ekumenismoaren aldeko norabidea markatuko du? Pertsonen eta
herrien duintasuna botere guztien aurrean fermuki aldarrikatu eta defendatzeko
gai izango da? Ahaltsuekin lerrotu beharrean munduko pobreekiko komunioan
egongo al da? Hitz batean, zeruko aintza
munduan ere ezartzeko adina ahalmen edukiko ote duen da galdegai
nagusia.
Beraz, 1958ean
kanpai haiek iragarri ziguten Aita Santuak kristau guztiongan iziotu zituen
ilusioa eta esperantza berpiztuko balira, Benedicto XVIren uko egitea
txalogarri eta laudagarria litzateke. Etsipenean segituko bagenu, zertara
etorri da agur esatea?
Argazkiak: www.biografiasyvida.com
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina