BILATU

otsaila 27, 2012

AKADEMIKOEN ZORROZTASUNA

Akademiko izateak ez du zorroztasun zientifikoa bermatzen. Bistan da intelektoa baldintzatua dugula hainbat eta hainbat eragile subjektiborekin eta gizon-emakumeok ahaleginak egin behar ditugu etengabe lege orekari eusteko.

Horra hor, adibidez, espainiar historiaren gainean sortutako eztabaida, erreakzio eta kontraerreakzioak, Historiako Erret Akademiak publikatutako Hiztegi Biografikoa dela-eta. Estilo desbideratu lotsagarri eta salagarrian parapetatuak, akademikoak gai izan dira idazteko, hain justu, kontzientzia-zentzurik txikiena ere duen edonork dakiena desitxuratuz. Onestasun etikoa -erredundantzia!- zer den ere ez dakitela garbi utzirik, labirintu oker, ilun eta gezur-tranpaz osatutik bideratu nahi izan dute hiritargoa, helburu bakar batekin: denborak gezurraren alde jokatzen du eta -mitifikaziorako tranpolina ahalbidetuz- ahazturak historia interesatua indartzen du, betierekotuz.

Espainiar historia ofizialak hamaika adibide eder eskaintzen ditu horretaz Don Pelayo eta Franco bitartean, Errege Katolikoak, borboiak eta enparauak barne. Gu umetxo ginela erakutsi ziguten historiaren nondik norakoa diktadurapean bizi izatearen ondorio zuzena genuelakoan geunden eta egoera politikoa konpontzeaz bat urak beren onera etorriko zirela uste genuen. Baina diktadorea aspaldi joan zitzaigun –espero dut infernura- eta ikusten dudanez historiaren errekak lehengo ubidetik segitzen du.


Espainiaren gizarte ibilbidea beldurra sortu adinako erakusle ugari uzten ari da azken urteotan. Eskuin garratzerako joera geldiezina atzerakoikeria kabernarioa sendotzen ari da eta arlo guztietan nabarmentzen zaizkigu ondorioak. Ezker muturrik gabe, espektro politikoa otzandu egin da zaldun ahaltsuaren -Quevedo dixit- esanetara. Eta Historiako Erret Akademiaren jokaeraren kontra erakuspen solido, indartsu eta aurrerakoia gauzatu beharrean... jauregiko inguru zirriborrotsuetan galdu zaigu, "a mi que no me toquen" higuingarriak geldiarazia.

Akademikoak ez dira zorroztasun zientifikoaren paradigma. Hori bagenekien lehendik ere, ezen zorroztasunaren ezinbesteko baldintza aldez aurreko zintzotasuna da. Eta hemen behintzat nor bere buruarekin zintzo izatea ez da aintzakotzat hartzen den balorea. Ezta mundu akademikoan ere, batzuek ideializatuta eduki dezaketen arren. Baina zientzia-kolektibitate multzo handi baten jokaera salatzeaz gain,  behartuta gaude gero eta ozenago arbuiatzera kasta politiko sasi ezkertiarraren maltzurkeria. Egiaztapen mingotsa da, eskuinak ostera ere partida irabazi diela.
 
 
Argazkiak:  conocimiento.incae.edu // eportafoliomcytejchuizar.blogspot.com

otsaila 20, 2012

ALKARPODEROSOA. ESKUBIDEA, NOREKIN GAUZATU?

Pasa den ostiralean ekitaldi jendetsu baten lekukoa izan nintzen. Ez zen ihauteriekin erlazionaturiko ezer, zuzenbide diziplinarekin baizik. Guztiz harrigarria: ostirala, arratsaldez,  gai konplikatu samarra eta gainera euskaraz azaldua. Baina Aramaioko Kultura Aretoa jendez bete zen, Andres Urrutia notario eta, besteak beste, Euskaltzainburuak eskainitako “Euskal foru-zuzenbidea eta bere eragina Aramaion” hitzaldia entzuteko. Txaloa antolatzaileei, benetan asmatu baitzuten.

Egun euskal foruak eduki dezakeen garrantzia eta balizko aplikapena zen entzuleoi interesatzen zitzaiguna, jakina, Aramaioko kasuan foru zuzenbide zibila nola berpiz daitekeen jakiteko. Mendetako arautegia –ahoz zein idatzizko tradizioan- gaur egokitzerik ote den eta gizarte berriak bere kide gazteagoen kasuan forutasunaren zehazkizunetaz baliatzerik ote duen jakin minak eraginda hurbildu zen jende andana kultura aretoraino.

Urrutia notarioak argi azaldu zuenez, nahiz eta 1489an Arabara igaro zen, Aramaio bizkaitar foruaren zeinuak gorde zituen eta gaurdaino iritsi dira horiek aplikatzeko aukera. Usadioa gero eta ahulagoa izan bada ere, gizartearen karakteristika berriek aholka lezakete haietara itzultzea kasu batzuetan. Eta bidea zabalik dago. Zailtasuna datza, hain zuzen, aramaioarrek nahi izatean... eta euren tramite notarialak lagundu beharko lizkieketen pertsonengan sentsibilitaterik aurkitzean.

Aukera izan dudanean, euskal foruaz eta guretzat izan dezakeen abantailaz galdetu ahal izan diet Hego Euskal Herriko zenbait notariori. Eta aitortu behar dut gehienetan oso harrera hotza izan duela nire galderak. Seguruenik, bat ere inporta ez zitzaien gai bat zelako. Oso urruti zeuden kasusitikatik eta euren eguneroko betebeharrean elementu distortsionatzailetzat hartzen zutela esango nuke. Eta ene ustez, horiexek ditugu lehen eragozpenak gure eskubide forala behar bezala ezagutua eta aplikatua izan dadin.

Aramaioko Udalak ikusi du zein nolako harrera eskaini dioten, batez ere herriko gazteek, “alkarpoderoso”, “ezkontza kontratue” eta antzeko zuzenbide-giltzek eman dezaketen jokoari. Zergatik ez du prestatzen berak -eta galdera/erregua euskal foru zuzenbidea indarrean dauden herrietako udalei zabal liteke- errolda bat, euren kasu partikularretan haren aplikazioaz interesatuta dauden balizko bezeroak –azken finean notarioen bezeroak gara- normaltasunean  atenditu ditzaketen profesionalekin? Behintzat jakingo lukete nora jo, denbora alperrik ibili gabe eta euren eskubideei muzin egin barik.



Argazkiak: catalogonotarias.es

otsaila 13, 2012

MARISORGIN OTOIZLARIA


Aitortu behar dut, ze arraio!, telebista ikusteak gauza onak ere badituela. Ezin da dena txarra izan eta ziur nago hamaika adibide ipin litzaketela irakurleok kutxatik iristen zaizkigun edukietaz. Beraz, eta oso telezale ez naizen arren, aparailuaren aurrean adi egoteak bere onura ekar dezakeela froga dezaket.

Marisorgin otoizlaria
Adibide gisa, basa munduari dagokion nomenklatorra jar nezake. Orain arte banekien gaztelerazko mangosta, orangután, periquito, pantera, et abar luze batek euskarazko antzerako bertsioa dutela. Ez pentsa, baina nire hiztegia alde horretatik aski aberatsa da. Baina orain hurrengoan, perone hautsiaren kariaz faunari buruzko tele-saio bat ikustera ohitu naizela,  euskarazko nire hiztegia aberasten ari dela konturatu naiz. Poliki, poliki, hori bai, baina munduko basa fauna zein florari buruzko izendegia hazten ari zait. Badakit nola esan behar dugun gaztelaniazko leopardo (lehoinabar), libélula (txerrenburduntzi), orca (ezpalarta) eta halako hitz mordoa. Ikasi dudan azken hitza, “marisorgin otoizlaria” izan da, hots, orain arte "mantis religiosa" bezala bakarrik ezagutzen nuena.

Azaldu behar diot irakurleari ilusioa egiten didala gero eta hitz gehiago erabili ahal izateak. Jakin badakit publikapen espezializatu batzuetan –horra hor, adibidez, ADEVE bilduma eredugarria aurki dezakedala mundu osoko animali desberdinen euskarazko deitura. Baina ez nindoan ni alde horretatik: esan nahi nuen telebistak gauza onak ere eduki ditzakeela. Eta adibide bat jarri dut, besterik gabe.

Bide horretatik joanda, ez litzaidake gaizki etorriko, gustuko ditudan animali, zuhaitz, landare, lore eta ortuarien gaineko beste ariketa bat burutzea. Hasi beharko nuke hurbilenetik: gure inguruko espezie horiek identifikatzea, behar bezala, uso arrunta eta pagausoa ez nahasteko, adibidez. Edota loina eta ezkailua bereizteko. Behin hori lortuta, Serengetiko zelaietara edo Borneoko oihanetara bidaiatzea ere polita litzateke. Seguru asko, izadiaren gaineko nire hiztegiak eskertu egingo lidake.

otsaila 06, 2012

XABIER LETEREKIN ZALANTZAK ARGITZEN


"Neguan izan zen" titulatu zuen Xabier Letek "Egunsentiaren esku izoztuak" bere liburuaren azken atala. Eta Letek berak behin aipatu zuenez, atal horrek eskaintzen zion zentzua liburuari eta, oro har, ordura arteko bere sortzaile izatezko bizitzari.

Gertatu izan zait, pasa den  negu gorriko asteburu izoztuan "Xabier Lete (auto) biografia bat" irakurtzeko aukera izan dudala, arrasatearrik oiartzundarrenak -Eusebio Iñarra- ekarri baitzidan liburua, peronea hautsiaren errekuperazioak beharturiko entzerratze zama arinduko zidalakoan. Eta asmatu zuen, bete-betean, eseraldi batean hasi eta bukatu bainuen.

Xabier tratatzeko aukera izan nuen. Hain zuzen ere, autobiografian aipatzen duen Sor Maria Luisa bere lehen maistra -"oso irakasle ona zen", dio- nire izeba zen eta haren bitartez egin nuen Xabierrenganako aurreneko hurbilketa.  Oso azalekoa, baina Xabier abeslaria pittin bat gehiago ezagutzeko ahalbidetu zidana.

Gero, 1983an, bera Kultura Zuzendari izendatu zuten Gipuzkoako Diputazioan eta ni Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuorderako hautatu ninduten. Harrez geroztik eta bi urtez kontaktu zuzena izan genuen, batez ere gai administratiboak tarteko. Ez zen, jakina, Xabier poeta ezagutzeko biderik onena.

Euskal Idazleen Elkartearen baitan, ordea, ugaldu egin ziren 1985-90 urteetan gu bion arteko hartu emanak, eta behin baino gehiagotan ireki zizkidaten Xabierrek eta Lurdesek Urnietako beren etxeko ateak. Behinola afaltzera ere joan ginen, gure kuitak elkarri kontatzeko. Poeta eta kantariaren sekretuak hobeto ezagutzera heldu nintzen.

Tartetxo bat geroago, 1994tik aurrera, Eusko Ikaskuntzaren nire betebeharretatik ere, maiz mintzatu ginen gai desberdin ugariz. Sekretu bat azalduko dut: eman nahi izan genion Manuel Lekuona Saria.  Ahaleginak egin arren, alperrik gertatu zitzaidan, ez bainuen konbentzitu ahal izan. Banindoan sakontzen poeta, abeslari eta mistikoaren nortasunean.

Baina Xabier joan zen gure artetik 2010ean, behin eta berriz eskatzen nion elkarrizketa literarioa egin gabe. Bere nortasunak erakarrita, lehen kantak entzun eta aurreneko poesia sorta irakurri nionetik, galdera mordoa neukan Xabierri buruz-buruko batean planteatzeko. Ez nuen gauzatu ahal izan nire asmoa, eta horixe daukat bihotzean arantza balitz bezala sartuta.

 
Neguko asteburu hotz honetan, ordea, autobiografiaren irakurketaren bitartez nire balizko galdera askori erantzuna eman die Xabierrek. Eta bere buruari eskainitako erretratuan, berretsi dut Xabier gai izan zela munduaren mezua irakurtzeko. Bizitza horixe bera baita: etengabe agertzen zaiguna irakurtzea eta interpretatzea. Eta Leonardo Boff teologoak idatzita utzi zuen moduan, iragankorrean iraunkorra irakur daiteke, denboraldi baterakoan eternoa eta munduan Jainkoa. Xabierrek ideia sendo horretatik erritoak –Boffek sakramentuak deituko lituzke-  mamitzen jakin zuen, haien bitartez bere bizitzarentzako eta, oro har, euskal komunitatearentzako grazia sortzeko.


Neguan izan zen
oinazearen malutek
lurra zuritzen zutenean
eta elurra hilator errukitsu zenean,
orduan joan zinen hain maiteak zenituen hartxoriekin batera...”