Posible al da ekonomia-garapenerako modelo
berri bat? Ezinbesteko galdera, bai jauna, gabiltzan zurrunbilo zoro eta
zorabiagarritik bizirik atera ahal izateko. Horregatik da erantzuna merezi duen
galdera.
Han eta hemen, ipar eta hegoaldean, alarma eta ardura
piztu ditu globalizazio orojaleak jaioaraziko lurrikarak. Enpresa eta korporazio
multinazionalek politiko eta gobernuen borondatea erosi dute prezio merkean eta
zeharo libre ari dira euren estrategia esklabistak ezartzen, kontzientzia sozial
pixka bat duen edozeinen harridura-ahalmena gainezkaraziz (Ikusi al duzu zertan
amaitu den Felipe "Isidoro" konpañeroa?)
Haztearren hazteak ez du aurrerapenik
sortzen. Hiritarron ongizatearekin batera joan behar du hazkundeak. Eta horrek
behartzen gaitu ekonomia-modeloa pertsonarenganantz zuzentzera. Non dagoen
formula? Izan bada. Baina nola lortu hartaraino heltzea? Nor bere jokaeran
erantzule izatearekin, ziur. Ustelak politikatik erauzteko bideak presta
genitzakeela erakutsi berri den bezalaxe, ekonomian ere argia ikus
genezakeelakoan nago.
Munduko oligarkia – Bilderberg deritzan kluba-
Kopenhagen bildu da iragan asteburuan, beraiei komeni zaien ekonomiak zein
nolako bide errekorritu behar duen aztertzeko. Oligarkia horrek ematen dio egun
aire demokrazia deitzen dutenari eta emaitza begi bistakoa dugu. Bada, hain
justu muntaia horren kontrako formulatik bakarrik etor liteke benetako
aurrerapen iraunkorra. Azken hogeita bost urteotan itoarazi gaituen modelo
espekulagarria hankaz gora jarri behar da, planeta honek etorkizunik izango
badu. Ahal dugu, bai!