BILATU

Jose Mari Ormaetxea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Jose Mari Ormaetxea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

iraila 08, 2019

ALFONSO GORROÑOGOITIA


Alfonso hil da eta berarekin itxi da Arrasateko kooperatibismoaren sortzaileak zirenen bizitza zirkulua. Gorroñogoitiarekin desagertzen da ekintzaile kasta ausart hartako azken kidea, eta, ziurrenik, berarekin ere industria-mugimendu apurtzailearen zenbait ezkutu joan dira betiko. 


Ez naiz inoiz kooperatibista izan baina kooperatibismoaren izpiek inguratu naute beti, Arrasateko Laxarte ondoko eraikin batean lehen SCI agertu zenetik, iragan mendeko seigarren hamarkadaren amaieran. Eta Alfonsorekin ongarritu nuen adiskidantza bien arteko distantzia intelektualetik izan zela aitortu behar dut. Nolanahi ere, askoz ugariagoak genituen lotuneak dibergentziarako koxkak baino.

Gorroñogoitia joan zaigu duela hilabete bat Ormaetxea betiko galdu genuen bezala. Lehenago Usatorre eta Larrañaga hil ziren. Eta niri zalantza bat geratzen zait, aspalditik bueltaka ibili zaidana: egin al zaie neurriko ezagutza euren bizitzaren tarterik luzeena gizarte garapenaren alde eman zuten enpresa gizon erraldoi horiei? Dena sakrifikatu zuten kooperatibismoaren Arrasateko modeloa aurrera eramateko. Alfonso eta Jose Marik, gainera, modeloaren pitzadura gordinki pairatu zuten azken urteotan, euren indar guztiekin jaso eta fede osoz bultzatu zutena erortzen ari zela ikustean. 

Fisikoki denak desagertu direnean aurrera begiratzen dut nire talaia apaletik eta horien gisako enpresa kapitainik birsortzea ezinaren hurrena izango dela baieztatzen dut, konbentzituta.

Argazkia: euskonews

Alfonso Gorroñogoitiari buruz gehiago:

 
 

uztaila 22, 2019

JOSE MARI ORMAETXEA OROITUZ


Bere oporretan ezagutu nuen Jose Mari, 1970ean, Sanabriako Lakuan. Ni Montelarreinan nengoen uda hartan milizietan, eta asteburu batean lakuako ertzeetatik paseatzen nenbilela egin nuen topo,  Jose Mari, bere emazte Maite eta Emilio Zeziaga eta Mari Ezkurra koinatu-koinatarekin. Hogei urteko mukizu bat nintzen eta gogoratzen dut Ormaetxeak era guztietako galderekin josi ninduela arratsalde amaituezina iruditu zitzaidan hartan. Oso ezeroso sentitu nintzen.

Berrogeita hamar urte eman dira, ia-ia, ordudanik eta denbora tarte luze horretan nolabaiteko elkar ezagutza ongarritu genuen Jose Mari eta biok. Hori bai, bere estiloari eutsiz, beti irabazi ninduen itaunen kopuruan, etengabe baitzegoen jakin min. 2008an, ordea, galderak nik egitea proposatu nion eta ondoan irakur daitekeen elkarrizketa egin genuen, lehenik Euskonews aldizkarian eta gero “Badok hamairu” nire liburuan argitaratuta.

Azaldu behar dut, birritan bildu ginela... galdera berdinen bueltan. Gertatu zen, bideoz grabatutako lehen solasaldia transkribitu eta bidali nionean ez bide zela Ormaetxea bere azalpenekin komodo sentitu, gordinegiak iruditu zitzaizkion, eta bigarren aukera eskatu zidan, erantzunetan tentuz ibiltzeko. Ordurako Fagor-en egoera txarra usaindu egiten zen kalean.
Jose Mari: eskerrik asko, zure adiskidetasunarengatik. Beti arte.
Oharra: Bigarren elkarrizketa argitaratu genuen, noski. Lehena ondo gordeta daukat. Eta lagun bati zor zaion zintzotasunarengatik, ez dut inoiz publikatuko.


CASTELLANO
 
 Argazkia: Euskonews (Ekain)