BILATU

Iñaki Urdangarin etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Iñaki Urdangarin etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

uztaila 09, 2018

ERREGE-PARASITOA


Urdangarinen gainera lehen susmoak erori zirenean nire blog honetan Aristotelesen esaera bateko kalifikazioarekin neurtu nuen orduko erregearen suhia: parasito. Zazpi urte eman dira ordudanik eta berriro nator oraingo erregearen suhiarengana, honez gero kartzela-erregimenari hiru astetako zukua atera diona. Eta zoritxarrez Aristotelesena erabiltzen jarraitu behar dut, hura lapur izatearen gastua diru publikoarekin garbitu behar baita, ez baitago eskubaloiko jokalari ohiak lapurtutako diru publikoa gehi bere interesak berreskuratzerik.

Lapurren artean ere, Jesusen gurutzearen ondokoetan bezala, mota desberdinak dira. Eta zumarragatarra, argi eta garbi, ezkerrean esekita egongo zen, ez baitu emaztearen etxean ikasitako ohitura txarrarengatik damurik erakutsi, inondik ere. "Egia osoa diotsut: gaur nirekin batera paradisuan egongo zara" agindu zion Jesusek bere eskuinekoari. Eta inon egiaztatuta ez dagoen arren, suposatzekoa da Jesusez gain bi lapurrak ere hil zirela arratsalde hartan Kalbarioan. Baina Jesus itzuli egin zen, berpiztuta. 

Paradisuko bere txokotxoa baino Jerusalemeko giroa nahiago izan bazuen Jesusek, ez al zen zeruan lapur ona damutuko ordu batzuk lehenago gurutzean eginiko aitorpenarengatik? Ni ziur nago suposamendu horri sinetsita ez duela Urdangarinek barkaziorik eskatu. Eta lurreko irabaziak nahiago izan dituela bake izpirituala baino, lapur gaiztotzat hartzen badugu ere. Bada, hori, parasito. Errege-parasitoa.

https://txemax.blogspot.com/2011/11/inaki-urdangarin-eta-aristoteles.html 

azaroa 13, 2011

IÑAKI URDANGARIN ETA ARISTOTELES

Iñaki Urdangarinek zer tamainako delitu egin duen eztabaidagai den uneotan, ikaragarri friboloa iruditzen zait zenbait medio eta pertsonaia publikoren jarrera. Nire adinean ohituta egon behar banuen ere, amorru bizian jartzen naute hainbaten iritzi eta erreakzioek. Eta ahaleginak eta bost egiten ditudan arren, ezin dut konprenitu nola arraio eman daitekeen hainbeste ergelkeria, berez adimentsua suposatu behar zaion giza-kolektibo zabalean. Baina, jaun-andreok,  Espainiaz hitz egiten ari gara!

Urdangarinek epaitegitik igaro behar du, hori hasteko. Eta bere irabazpideei buruzko argibideak eman beharko ditu, beste edozein hiritarrek egin beharko lukeen bezala. Delitu lepora lekiokeen negozio esparrutik Urdangarinek larderia iraingarria erakutsi du besteenganako. Eta hori berezko dohaina den ala sendi politikotik datorkion inoiz asmatuko ez dugun arren, zalantzaren itzala berarengana erori denean espainiar Nortasun Agiri Nazional baten titularra delako erantzun behar du espainiar justiziaren aurrean, argi eta garbi.

Cayo Lara EB-ko koordinatzaile nagusiak eskatu dio erregeari errieta egitea bere suhiari. Hombre! Goazen poliki-poliki. Errieta? Edozein senditan bezala, aitaginarrebak askatasun osoz atera diezazkioke koloreak bere alabaren gizonari. Alderantziz gerta daitekeen moduan. Horrekin bat nentorke. Baina, erregeak? Espainiakoa? Cayo: zer aginte moralarekin?  Nola erakutsiko dio espainiar estatu buruak etikaz ezer bere alabaren senarrari?  Negozioetako etikaz ari naiz. Alde horretatik, aspaldi ikasi genuen Aristotelesek merkataritza chrematisike-ari buruz zioena: bertuterik gabekoa da, eta parasitotzat zeuzkan mazedoniarrak bide horretan iharduten zutenak.

Batzuek monarkiaren ezeztapenerako urrats berri bat ikusi dute Urdangarinen kasuan. Errepublika zalea naizela berretsiz, errepublikarekin ere zumarragarraren modukoak han eta hemen sortzen direla aitortu behar da. Hor dauzkagu Italiako Berlusconi, Frantziako Giscard d´Estaing, Alemaniako Kohl eta abar. Gobernu sistemak ez ditu zintzotasuna, gardentasuna eta etika bermatzen.

Urdangarinen negozioetan usain txarra dago. Hori ez ezik, susmoak ere bai iruzurra burutu denaz. Anakroniko eta ez demokratikoa den erakunde politikoaren partaidea krematistikoki lege txarrez aberastu den ala ez erabaki beharko du epaileak. Edozein modutan, epaia zein den jakin aurretik ere, ni Aristotelesekin nago. Parasitoak dira.


Argazkia: casareal.es