BILATU

Aramaio etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Aramaio etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

otsaila 20, 2020

JESUS MARI ELEJALDE HIL DA

Jesus Mari Elejalde hil dela jakinarazi dit Cristinak eta lehen unean ez dut erreakzionatu ahal izan. Zentzuak oro bapatean geratu izan balirako sentsazioak gainezkatu nau. Jesus Mari hil? Gizon aparta... irten zait erantzun gisa , galeraren neurria artean antzeman ezinik. Eta goian bego gaineratu dut, automata batek egin izan bailuen. 

Jesus Mari aramaixoarra joan zaigu. Saturralde baserriko abade langilea desagertu da gure artetik eta kulturalki zer hutsune utzi digun zehaztea ezina bada ere, hura betetzeko lan asko egin beharko da. Aramaioko entziklopedia bizia izan da Jesus Mari, ibarreko historiaren artilun gehienen deszifratzailea. Jesus Marik bide egin zuen historia aramaixoarrean zehar eta bidelagun askori eskaini zien eskua bidezidorretatik barrena elkarrekin aritzeko. Bultzagile, animatzaile, zorrotz, bero eta hurbila. Eta, nik behintzat, laguna izan dut, aholkulari baliotsua.


Heriotzaren albistearekin batera “goian bego” automatikoa atera zaidala idatzi dut lehen eta orain lasaixeago ausartzen naiz adieraztera Jesus Marik aurrerantzean bere goiko toki horretan izango duela egoitza, fisikoki inon ez dagoen leku zabal horretan, beren herriaren aldeko ahaleginean eskukada bat maitasun inbertitu duten gizon-emakumeek berezko argiz dirauten espazio ukiezin horretan, eternaltasunaren zutabeak darakuskien eremu kuttunean.

Beti arte Jesus Mari, besarkada batekin!

Argazkiak: JMVM

maiatza 29, 2019

JULIAN UNZUETA ARAMAIXOARRA HIL DA

Julian Unzueta Etxebarria aramaixoarra hil da. Horixe adierazi didate arestian eta lehen erreakzioa txoko honetara albistea azaltzea izan da, automatikoki. Julian adiskidea nuen, aspalditik eta bere heriotzaren berriak ilundu egin nau. 

Julian Unzueta 1929ko uztailaren 18an jaio zen Salesan baserrian. Eta baserri kulturan murgildu zen lehen ordutik, txikitatik egokitu baitzitzaion lanerako ardura.  Zerbitzu publikorako jaioa, udal lanetan nabarmendu zen, batez ere. Aramaioko alkatea izan genuen, denbora zailetan. Gero Arabako diputatua ere bai. Baina, batez ere, jende guztiarentzako bere irekitasunarengatik oroituko dut nik Julian.

Joan da gizon on bat, zintzoa eta, bihotzetik diot, maitagarria. Aramaiok gizaseme handi bat galdu du.

Eskerrik asko, Julian, eta beti arte!



apirila 25, 2016

ESKUTITZ IREKIA BURMUINGABE BATZUEI


Ezezagun horiei, 

Ezgai intelektualak zaretenez gero ezingo duzue eskutitz hau irakurri baina zuen aita-amak edo zuek bezain ergela ez den lagunen batek (baldin badaukazue) egin liezazueke nire mezuaren irakurketa. Ez dakidana da ulertuko ote duzuen. Baina, tira, ni aurrera noa. 

Hilak 16an Goikoetxearen estatua berrinauguratu ondoren Manex Agirrek kantatu zizkigun bertsoetako azkenak honako hau zioen:

                            Umetan zenbat jolas ta txantxa
                                       estatua hau medio,
                                 memoriaren harri  bat zenik
                                       ez genekien propio, 
ta azkenean herriak bere
azala garbitu dio.
Harriak ez du  melodiarik
ez du hortarako balio.
baina hurbildu bere ondora
Musika apur bat dario.


Zuek estatuara hurbildu zarete, bai, baina talibanen modura. Goikoetxearen irudia erasotuz,  Aramaioko herria iraindu duzue. Hiritartasunaren kontra aritu zarete, koldarkeriatik, koldarra izan behar baita egin duzuena egiteko.

Gizarte bizikidetzarako arriskutsuak zaretenez gero gizarteak identifikatu behar zaituzte, kalte gehiago egin ez dezazuen. Horregatik espero dut agintariek atzemango zaituztetela. Mespretxatu egiten zaituztet, zuek Goikoetxearen estatua hondatu duzuen neurri berdinean.