BILATU

apirila 26, 2021

KIROLA ETA MORALA



Egingo bagenu atzerako mende osoko jauzi bat denboran eta nire herriko udal pleno batean gertatutakoa entzuterik balitz, alkate batek euskal pilota eta krossa kirol inmoraltzat hartzen zituela adituko genuke. Zalaparta sortu zuten baieztapen haiek herri txiki hartako gizartean eta ez da gutxiagorako, denborapasa gisa pilota eta frontoia ezinbestekoak baitzituen jendeak. Krossari buruz, egia esan, ez zen ia ihardespen izan, artean inork gutxik baitzekien nola egosten zen kirol “arraro” hura.

Alkateak - integrista petoa bere ideologia erlijiosoan- herri erantzunaren aurrean defendatu behar izan zuen bere burua, frontoietan artekaria azaldu zenetik jolasaren zentzua zeharo aldatu zela argudiatuz. Ez zen berdina jolasa eta jokoa. Pilotaren zirrikituetatik diruaren interesa sartu zenean jolasak – jolasa erdal solasaren eratorria dugu, gehitzen dut nik- bere inozotasuna galdu zuela azpimarratzen zuen herriko lehen agintariak bere diskurtsoan. Eta beraz, haren ustez, pilotaren praktika inmorala izatera pasatzen zen.

Ehun urte geroago alkate hark burua jasoko balu, zer esango luke? Ez diot minutu bat ere eskaini Europako Futbol Liga (oraingoz) ez jaioari; hala ere, garbi nuen lehen unetik kiratsa zeriola. Baina ez daude garbiago oraingo erakunde usteletatik haren gurpiletan eragozpenak jarri dituztenak, dei dezagun Uefa, boleiboleko federazio... edota Asegarce. Berdin dit. Lehia kirolak
bere izaera errebisatu behar du, morala izango bada.

Argazkia: www.etica.es

 

apirila 19, 2021

MADOFF ETA NFTak

 


Bernie Madoff hil da presondegian, eta bere biktima guztiak albistearekin poztu ahal izan diren arren ez dirudi hildakoaren jukutriaren kariaz galdu zuten dirua berreskuratuko dutenik. Aro modernoko munduko iruzurrik handienaren egilea desagertu da, berak hainbat milioidun aseezinen diruak desagerrarazi zituen modu berdin samarrez: inor konturatu gabe. Eta historiak beste orri bat pasatu du, istorio horrekin ezer ikasi ote den zalantzan geratzen naizelarik, iruzurraren muinean giza-faktore hilezina baitago: kodizia. Madoff bere biktimen diru-goseaz baliatu zen.

Madoff hil den astean beste albiste batek astindu du nire arreta eta gizateria gero eta ergelago ote dabilen pentsarazi dit. Artearen merkatuan NFT bat saldu da, 1’4 milioi dolarretan. Zein den NFT? Nik ere ez nekien berria irakurri arte, eta orain dakidala da pertsonen burugabekeriak mugarik ez duela uste izatea sendoagotu zaidanean. Not Fungible Token, horren akronimoa dugu salgai berriaren izena. Eta zer esan nahi duen? Zerbait bakarra dela, ahalegindu arren inork ezin duela antzekorik eduki. Bitcoin ospetsua baino are ezkutuagoa.

NFT produktu digital bezala eskaintzen da- musika, margo...- eta exklusibitate horretan datza produktuaren balioa. Ez dut uste biziko naizenik NFTak etorkizuneko lanabesak bilakatuko diren ezagutzeko. Eta ez dut baieztapen hori egin mundu honetan denbora gutxi geratzen zaidala dakidalako; ez doa horretatik. Uste dudana da, beste lanabes salgarri batzuk etorriko direla, bata bestearen ondoren, NFTak eta horien ordekoak lurperatuko dituztenak. Eta horrela ad eternum, gizon emakumeon kodizia mugagabea baita.

Argazkia: Wikipedia

apirila 12, 2021

HOMO ERECTUS AGERTU IZAN EZ BALITZ

 


Zuhaitzetara igota segituko ginen, egunak ekarriko zigun janariaren zain.

Ez ginen mezu baten esperoan egongo txertoa noiz jarriko ote diguten.

Ozeano eta oihanetan animaliak oreka naturalean biziko ziren.

Bost axola egingo zigun Erdoganen zorioneko“sofagate”k

Ez zen munduan klima aldaketari buruzko eztabaidarik edukiko.

Ez genuen Ayuso ezagutuko eta Madrilen ez zen maiatzaren 4an hauteskunderik izango.

Ez zen genero ideologiarik emango.

PSOEk ez zigun kartzelen gaineko eskuduntzarik ekarriko, sozialista eta Gernikako estatutua existituko ez zirelako.

Ez genuen Munilla, Francisco, Tawadros, Ali Khamenei eta antzerakoen berri edukiko.

Ez ginen Alavesa eta Eibar futbol mailaz jaitsiko ote diren kezkatuta egongo.

Barrutiak ez zukeen idatziko Arrasaten zakurrek eurek ere dantza dagitela diruarengatik.

Ez zen hamar mandamenduez inon ezer jakingo.

Bakean disfrutatuko genuen zeruetako eguzkiaren berotasuna eta soberan izango zen eutanasiaren legea.

Ez zen kalendariorik izango eta ez genukeen produktibitatea asmatuko.

Extralurtarrak lasai egongo ziren, ez baikenituen gure planetatik kanpoko bizitzarik ote den ikertzera joateko mehatxuarekin beldurraraziko.

Argazkia: Tere Anda

apirila 05, 2021

ADISKIDE BAT DOANEAN...


 Lehenik eta behin aitortu behar dut ez dela nire adiskidea, zerbitzu hornitzailea baizik. Eta berarekin nire gora beherak izan ditut, negozioen munduan normala den bezala. Baina bai, joan egin da, abisatu barik, zurrumurrurik txikienak ere gu horren arrastoan jarri gabe.

Orain, ordea, badirudi ergeltzat hartzen gaituztela edo, baliteke, ni ez naiz operazioa “saldu” nahi digutenak bezain inozoa. Adinarengatik eskarmentu handiagokoa nauzue, zalantzarik gabe, eta horrek bere abantailak ditu, munduan nagoenetik gehiago ikusi baitut. Eta ozen baiezta dezaket negozioen munduan inork ez diola jatorriaren labelari begiratzen, uneko komenientziari baizik. Eta Euskaltelen - bai, horren gain ari naiz- lehengo akziodunek aukera ikusi dute kutxa loditzeko eta ez dute igarotzen utzi nahi izan. Eskubide guztia dute, zer arraio!

Euskaltel erosi dutenek inbertsioari txinpartak ateratzeko bidea ikusten badute, bost, hamar edo berrogei urte barru hemen segituko dute egoitza fiskalarekin. Eta iragarpenak okertzen hasiz gero... agur betiko, euskal ogasunaren kalterako. Azkenean horixe baita axola duena, egungo negozioek ekoizpen zentroa munduko beste muturrean eduki baitezakete. Erreparatu, bestela, urtzagintza sektorearen
euskal labeleko enpresa batek Suez Kanaleko blokeoarekin izan dituen gorabeherei... piezak Indiatik ekartzen zizkion itsasontzia derrigorrez gerarazia.

Duda izpirik ez, idazkiño honen titulua ez da egokiena. Hornitzaile bat doanean ipini beharko nuen.

 Argazkia: Ekain