BILATU

apirila 19, 2021

MADOFF ETA NFTak

 


Bernie Madoff hil da presondegian, eta bere biktima guztiak albistearekin poztu ahal izan diren arren ez dirudi hildakoaren jukutriaren kariaz galdu zuten dirua berreskuratuko dutenik. Aro modernoko munduko iruzurrik handienaren egilea desagertu da, berak hainbat milioidun aseezinen diruak desagerrarazi zituen modu berdin samarrez: inor konturatu gabe. Eta historiak beste orri bat pasatu du, istorio horrekin ezer ikasi ote den zalantzan geratzen naizelarik, iruzurraren muinean giza-faktore hilezina baitago: kodizia. Madoff bere biktimen diru-goseaz baliatu zen.

Madoff hil den astean beste albiste batek astindu du nire arreta eta gizateria gero eta ergelago ote dabilen pentsarazi dit. Artearen merkatuan NFT bat saldu da, 1’4 milioi dolarretan. Zein den NFT? Nik ere ez nekien berria irakurri arte, eta orain dakidala da pertsonen burugabekeriak mugarik ez duela uste izatea sendoagotu zaidanean. Not Fungible Token, horren akronimoa dugu salgai berriaren izena. Eta zer esan nahi duen? Zerbait bakarra dela, ahalegindu arren inork ezin duela antzekorik eduki. Bitcoin ospetsua baino are ezkutuagoa.

NFT produktu digital bezala eskaintzen da- musika, margo...- eta exklusibitate horretan datza produktuaren balioa. Ez dut uste biziko naizenik NFTak etorkizuneko lanabesak bilakatuko diren ezagutzeko. Eta ez dut baieztapen hori egin mundu honetan denbora gutxi geratzen zaidala dakidalako; ez doa horretatik. Uste dudana da, beste lanabes salgarri batzuk etorriko direla, bata bestearen ondoren, NFTak eta horien ordekoak lurperatuko dituztenak. Eta horrela ad eternum, gizon emakumeon kodizia mugagabea baita.

Argazkia: Wikipedia

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina