BILATU

apirila 30, 2018

PUTEROA, LAPURRA ETA BESTEAK


"Horixe nahi nukeen nik baina nire adinean..." erantzun zuen PPko senatari batek, Europako erakunderen batean karguduna bera,  itxura guztien arabera diru publikorekin burututako ekintza bat ere etikoa dela eta,  prostitutekin ordaindu ote zioten ikerketa batzordeak galdetu zionean.  Agramunt jaunak -horrela du abizena txori horrek- ez dio mihiari balazta ipini eta lasaitasun osoz adierazi digu bere ibilbide politikoaren tarte gazteagoan sexuaren truke mesedeak egiteko prest egongo zela. Benetan errukarriak tipo horrekin oheratuko ziren putak! Nazkagarria.

Cristina azkenik erori egin da tronutik,  etikotasunaz berari inork ez diola ezer erakutsi behar hamaika aldiz oihukatu ondoren. Masterraren eskandaluak lortu ez zuena nor berarena ez denarekiko zaletasunak ahal izan du, eta zirkunstantziek baztertu egin dute bide politikotik. Lapurrek debekatuta eduki beharko zuten politikan aritzea baina  badakigu ez dela horrela eta peperoen artean zeharo hedatua dago politika poltsikoa betetzeko tranpolina deneko ideia.   Espe, Jose Ignacio, Francisco, eta abarrek irekitako bidetik jo zuen Cristinak. Lapurrak, horiek denak, baina botere faktikoek bedeinkatuta, bizkarrak zainduta, eta edozein txorizo gizagaixok zapalduko zuen ziegatik urrun. Higuingarria.

Aurreko guztia Iruñeko Audientziaren epaiarekin nahastuz koktel hilgarria ateratzen da, okagarria. Eta askori mundutik jaisteko gogoa pizten zaigu, beste galaxia batera jauzi egiteko. Baina hori ezina denez gero, geratzen zaizkigun indarrekin borrokan segitzea beste irtenbiderik ez dugu. Itxaropenak elikatzen gaitu. Eskerrak horri.


Argazkia: JMVM

apirila 23, 2018

NIRE ERRESUMA EZ DA MUNDU HONETAKOA



Garbi dago Munilla gotzainak estu-estu jarraitzen diola Jesusek Pilatosi erantzun bide zionari.  Zeruko ondareak bakarrik ei ditu gogoan eta eskuak zikin ditzaketen aldagaiei muzin egiten die, bere apaltasunetik.  Munilla jaunak ez du mundu honetako eragiketa ekonomikoen nondik norakoaz ulertu nahi, denbora alperrik galtzea adieraziko bailuke.  Frakak bete lan du huskerietan despistaturik ibili gabe, garia ugari den bitartean gero eta behargin gutxiagorekin egin behar baitio aurre lantegiari. Munilla gotzainak bere zerurako zubietan bakarrik sinesten du, eta kito.

Bien bitartean hortxe ari zaizkigu Donostiako eliz-barrutiko milaka lagun,  gotzainaren finantza kudeaketaz kezkatuta, diru kontuak ez baitira inondik ere koadratzen. Kezka berria, hain zuzen, gotzain gipuzkoarraren eliztarrekiko ohiko sintonia ezari gehitzen zaiona. Hori bai marka! 

Aitortu beharra daukat kanpotik begiratuta kezkaz baino tristeziaz ikusten dudala nik barruan gertatzen ari dena, finean eraikin horretan hazi eta hezi baininduten. Baina desitxuratu egin zidaten etxea eta ez dut sarrera tokia antzematen. Orain, gainera, gustura sentitzen naiz nire txabolatxo xume partikularrean.
Argazkia: JMVM

apirila 16, 2018

BITCOIN



Gizakia izadun espekulatzailea da, zentzu zorrotzean. Aurreneko tximino arrazoiduna lur azalean zutik ibiltzen hasi zenetik bide luzea egin du, bihurgune askorekin, eta bata bestearen ondoko katramila zenbatu ezinarekin. Igali eta jakien biltzaile hutsa zela trukean garaile nola atera zitekeen pentsatzeari ekin zionetik gizakiak gizakia otso bilakatu zen eta ondorioz espekulazioa piztu zen gizon emakumeen artean.

Eta bestea engainatzeko lasterketa ero eta luzeko azken aurreko geltokira heldu da gizadia, bitcoin moneta inbentatuz. Orain arteko abentura ekonomiko lazgarriak bat batean ahaztu izan bailituen, gizarte zibilizatua prest bide dago ke koloretsutan inbertitzeko, eskarmentuak ez diola ezertarako balio ostera ere erakutsiz. Pertsonala hor dabilkigu, sosei berehalako etekin estratosferikoa atera guran, lagun hurkoa baino azkarragoa dela frogatzeko. 

"Eta bekokiko izerdiaren truke jango duzu eguneko ogia" paradisuko profezia ahaztu dugula iruditzen zait. Paradoxaz, bien bitartean pentsioen debalorazio dardaragarria gailendu zaigu. Bitcoinek ez dute arazoa konponduko, hori ziur.

Argazkia: Wikipedia

apirila 09, 2018

ASKATASUNEAN BARRENA



Ezagun batek galdetu zidan behin zergatik ateratzen naizen bakarrik eguneroko nire paseoetan. Bi arrazoi eman nizkion: alde batetik, goizeko bost t'erdietan kalera irteteko prest egon daitezkeen oso lagun gutxi aurki nitzakeelako. Eta bigarren eta borobilena, nahiago dudalako nire hausnarketa goiztiarretan lekukorik ez izatea. Osterantzean, ez lirateke erosoak izango. 

Lur planetatik barreneko ibilbidean nire buruaren kontrako partidak nahiago izan ditut, tropeleko nolakotasunetara egokituta kideen artean sor daitezkeenak baino. Nireetan ez ditut aurrera egiteko ukondoak erabili behar. Atsegina iruditzen zaidan iturrian geratzen naiz egarria asetzeko, multzoaren ahotsaren aginduei itxoin barik. Nik gura dudanean, zuhaitz baten gerizpera jo dezaket gorputzaren nekeak arintzeko. Eta, noski, etxerako bidea hartzen dut, inori azalpenik eman gabe. Labur bilduz, ez ditut tropelak laket.

Inoiz edo inoiz, ordea, lagun batzuen gidari gisa aritzea eskatu zait. Eta gustura ibili naiz. Baina ez dut ortodoxian ihardun; aldiz, joan nahi zuten tokira iritsi ahal izateko, erabilitakoaz gain beste hamaika bide bazituztela adierazi diet. Buru bezainbeste aukera, hain justu. Atsegin ditut bideak, bat ere ez karrerak, eta askatasunean dakusat garaipena.
Argazkia: JMVM

apirila 02, 2018

RAVI SHANKAR ASTE SANTUAN



Ravi Shankar

George Harrison beatle ohia izan zen Bangla Desh-en aldeko kontzertua antolatu zuena 1971an, lagun musikari pilo batekin. New Yorkeko Madison Square Gardenera milaka eta milaka pertsona bildu ziren, Harrison, Bob Dylan, Eric Clapton eta horien mailako beste artisten ekarpenaz gozatzeko. Gonbidatu berezi bat Ravi Shankar zitara jole indiarra izan zen.  Beatles bere oinetan izan zituen gizakume hura ekialdeko mistizismoaren eredu artistikoa genuen orduan  eta Square Gardeneko eszenategira irtetean publikoak sekulako harrera beroa egin zion.  Lurrean eserita, Shankarrek lehen notak atera zizkion bere instrumentu gehienentzat ezezagunari eta entzuleek errespetu osoz jarraitu zuten maisuaren ekarpen txikia. Eta hain txikia, minutu inguru iraun baitzuen joaldiak. Amaitzerakoan txalo eta oihuek bete zuten esparru itxia. Hura eromena! Hain aldeko erreakzioaz jabetuta, indiarra publikoari zuzendu zitzaion harrituta: "Zitara afinatzea horrenbeste gustatu bazaizue, zer izango da kontzertuarekin!"

Anekdota hori behin eta berriz etorri zait burura iragan egunetan, telebista aparailuak zerbitzatu dizkigun aste santuko han eta hemengo prozesioetako espektakuluaren aurrean. Badirudi afinatzea dela pertsonalaren asmo bakarra. Kontzertua bere osotasunean ulertzea, barneratzea eta, zer esanik ez!, praktikara eramatea ariketa konplikatu eta astuna ei zaio.