Une zailek beti ekarri dute gizarte konpromezurako bide berriak ezartzeko
ahalmena eta egun ere, eskandalu erraldoiaren kariaz han eta hemen jasotzen ari
diren ahots kritiko eta ausarten artean indar garbitzaile berririk sortzen ote
den irrikan gaude. Finantza sistema, panpin-politikoak edota gizateriaren
ergelkeria kronikoa daitezke zulo beltz hilgarriaren muineko faktoreak.
Nork bere kiniela egin dezala eragileen sailkapenerako. Baina, zalantzarik
gabe, balizko konponketa integrala berrarmatze etiko eta militante zintzotik
etorriko da.
Frei Betto kristau brasildarraren dekalogo antzeko bat irakurri dut berriki,
ezkerreko militanteei zuzenduta. Jakina, ez da nahikoa munduari behin betiko
irtenbidea emateko (ezkor baikorrak lioke, aterabide bakarra erabateko
suntsiketa litzatekeela) baina hamar aholku hauen zentzuzko aplikapenak bidea
eramangarriagoa egingo ligukeelakoan nago. Irakur ditzagun:
1) Eutsi goian sumindurari. Eta aldian behin egiaztatu ezkerrean duzula
gogoa. Eguna eta gauaren arteko desberdintasuna bezain normala hartzen du
eskuinak gizarte diferentzia.
2) Oinek zapaltzen duten tokian pentsatu behar du buruak.
Ezin da ezkerrekoa izan, herria bizi den lekuan oinak ezarri gabe.
Teoriarekin ibiltzea praktikara igaro gabe, gezur antzetan ihardutea da.
3) Sozialista zarela, eta zer? Ez lotsatu! Inkisizioak ezin izan zituen
kristautasun zintzoaren balioak hil. Sozialismoa modu ofizialean desagertu
izanak ez luke haren predikua gure baitan erauzi beharko.
4) Izan zaitez kritiko autokritika galdu gabe. Eutsi ideialari zein
praktika eraikigarriari, atsedenik hartu gabe. Ekintzaren etsairik handiena
autoasebetasuna da, eta nor bere buruarekin beti ados egotea. Zaude zabalik
ingurukoen kritikak onartzeko.
5) Eduki garbi militante eta militontoren arteko diferentzia. Aurrenak
sakondu egiten du gizartearekiko bere konpromezua. Bigarrenak, aldiz, azaleko
xehetasun ergeletan geratzen da.
6) Zorrotza izan militantziaren etikan. Ezkerrak printzipioetan
oinarritzen du bere jarduera. Eskuinak, aldiz, interesetan. Militante
ezkertiarrak den-dena gal dezake, morala ezik. Boterean dagoenean ez du bere
funtzioa bere buruarekin nahastu behar.
7) Elika zaitez ezkerraren usadioetatik, adibide eredugarrietatik.
Militantziaren iturri teorikoetatik edateak praxisa ongarri dezake.
8) Txiroekin batera huts egiteko arriskua askoz lehenago dago eurak gabe
asmatu nahi izatea baino. Pobre izateak, berez, ez du pertsona hobea egiten.
Baina eurekin batera saiatzea, lan egitea, justiziarekin bakea egin nahi izatea
bezain zuzena da. Ezkerreko militante batek ez ditu sekula pobreen eskubideak
negoziatuko.
9) Zapaldua defenda ezazu beti, nahiz eta zure lehen bihozkadan ez
daudela zuzen pentsa zenezakeen arren. Haien pairamendua hain handia den, non
erreakzioetan ez dugu sarri boteretsuengan inoiz ezagutuko ez dugun
jarrera ikusiko. Gizartearen sektore guztietan dira gaizkile eta ustelduak.
Diferentzia, ordea, goikoen artean legea aliatua dutela da. Zapalduenganako
zure jarrera aktiboan ez duzu inoiz zapaltzaileen ulertzea erdietsiko.
10) Bihur ezazu otoitz egitea alienazioaren kontrako antidotoa.
Militante bezala hitz egiten dugu eta, askotan, burgesaren bizimoduan
galtzen gara, borrokalarien epaile bilakatuta. Otoitzak -modu askotakoa gerta daitekeena-
gure bizitza hankaz gora jar dezake, hausnarketarako unea ahalbidetuz.
Argazkiak: Tere Anda