BILATU

otsaila 24, 2020

ASTIA EZ DA DESAGERTU


Bernardo Atxagarenganako nire miresmena ez da gaurkoa. Aspaldi-aspaldi egin genuen bat bidean eta goi mailakotzat daukat bere literatura. Askotan esan dut merezi izan duela nire burua euskalduntzea, beste zenbait satisfakzioren artean Bernardoren literatura sortzezko hizkuntzan irakurtzearren. 

Orain hurrengoan piztu zait berarekiko desadostasun itzal txiki bat -gutiz garrantzi gabea gure egitura animikoan- Bilboko egunkari baterako elkarrizketa irakurri diodanean. Asteasuarrak zioen: astia desagertu da, astiematerako denbora, alperrik galtzekoa...Eta kexu azaltzen zen, denbora berebil batekin alderatzen zuelarik. 

Nik uste dut gizakiak denbora librea galdu beharrean, hainbat eta hainbat kasutan gizakia bera dela galdu dena. Denbora hortxe dago, gure zain, eta gure ondoan segitzeko gogoarekin. Iruditzen zait gizon emakumeok burua ezkutatu dugula balizko denbora libreari beldur, eta mundu artifizioso bat eraiki da, geure itaun artegatuentzako denetariko erantzun faltsuak eskaintzen dituena.

Baina astia ez da desagertu, eta nork bere ondratasun baikorretik balia dezake aukera egiazko denbora espazio zoragarria sorrarazteko. Begiak itxi eta aurrera egin, aurreiritzi guztiak ahaztuz; horixe dugu lehen urratsa astian libreak izateko.


Argazkia: Euskonews

otsaila 20, 2020

JESUS MARI ELEJALDE HIL DA

Jesus Mari Elejalde hil dela jakinarazi dit Cristinak eta lehen unean ez dut erreakzionatu ahal izan. Zentzuak oro bapatean geratu izan balirako sentsazioak gainezkatu nau. Jesus Mari hil? Gizon aparta... irten zait erantzun gisa , galeraren neurria artean antzeman ezinik. Eta goian bego gaineratu dut, automata batek egin izan bailuen. 

Jesus Mari aramaixoarra joan zaigu. Saturralde baserriko abade langilea desagertu da gure artetik eta kulturalki zer hutsune utzi digun zehaztea ezina bada ere, hura betetzeko lan asko egin beharko da. Aramaioko entziklopedia bizia izan da Jesus Mari, ibarreko historiaren artilun gehienen deszifratzailea. Jesus Marik bide egin zuen historia aramaixoarrean zehar eta bidelagun askori eskaini zien eskua bidezidorretatik barrena elkarrekin aritzeko. Bultzagile, animatzaile, zorrotz, bero eta hurbila. Eta, nik behintzat, laguna izan dut, aholkulari baliotsua.


Heriotzaren albistearekin batera “goian bego” automatikoa atera zaidala idatzi dut lehen eta orain lasaixeago ausartzen naiz adieraztera Jesus Marik aurrerantzean bere goiko toki horretan izango duela egoitza, fisikoki inon ez dagoen leku zabal horretan, beren herriaren aldeko ahaleginean eskukada bat maitasun inbertitu duten gizon-emakumeek berezko argiz dirauten espazio ukiezin horretan, eternaltasunaren zutabeak darakuskien eremu kuttunean.

Beti arte Jesus Mari, besarkada batekin!

Argazkiak: JMVM

otsaila 17, 2020

INFLUENCERS?


Mundu digitala gure ingurua aldatzen ari da, azalkiro eta modu sakonean ere. Sare sozialek eta informazio digitalak
hurbiltasuna eragin du komunikazioan eta gizartean -batez ere, normala den bezala, gazteengan- usadio eta jarrerak aldarazi ditu. Nihil novum... eszenategi ekonomikoan hariak esku ezkutuek mugitzen dituztela gogoratzen badugu. 

Horra hor “influencers”en fenomenoa, abiadura supersonikoarekin hedatzen ari dena. Calderon de la Barcak aspaldi utzi zuen idatzita pertsona bakoitzaren bizitza antzoki bat dela, nork berak hautatutako papera antzezten duena, berezko bere zirkuluan. Ba, dramaturgo espainiarrak irudikatuko ez zuen neurri eta indarrean agertzen zaigu egun antzezle ez anonimoen jokaera oldarkorra.

Baina “influencer”ek - eragingarria izan ahal izateko- sinesgarritasuna eduki behar du. Osterantzean iruzurra da. Eta berari jarraitzen diotenak ergelak ditugu, hutsak. Bien bitartean, munduko teatroaren negozioa antzokia alokatzen duenaren eskuetan dago, beti izan den legez.

Oharra: aurrekoarekin ez naiz bakarrik, adibidez, instagramera argazki edo bideo harrigarriak jasotzen dituztenei buruz ari. Espainiar parlamentuan gobernuari Venezuelaz egindako galderaren ostean, pobrezia, pentsio eta nekazarien gain eztabaidatzen hasten denean hemiziklotik alde egiten duten diputatu voxero eta pepero eskuindarrak ere hartzen ditut ustezko "eragile" alutzat. Influencers? Tira, tira!

otsaila 10, 2020

BORROKAN GOROLDIOAREKIN


Urteko sasoi honetara iritsita, behin eta berriz datozkit gogora belenak, maitasun asko eta errealismo gutxirekin prestatzen genituen jaiotzak. Otsailean? galdetuko dit irakurle azkarrak, harrituta nonbait aurreko baieztapenarekin, duela hilabete luze bat iragan baitzen garai aproposa. Ba, bai! Gehiago esango diot: lehen, asteburuetan bakarrik ematen zen fenomenoa. Orain, ordea, eta agerpenetako kadentzia jubilatu nintzenetik aldatu zela ohartu naizelarik, asteko edozein egunetan gertatzen da. Tira, tira... kontraerasoko du azkartxoak. Baietz, ba! Gainera, beti-beti eskuera batekin ari naizela harrapatzen nau oroitzapenak.

Begira: neguko eguraldirik txarrenak gaindituta, otsailean ekiten diot etxeko lorategiko belarra garbitzeari, aurreko udazkenetik nahiko abandonatuta eduki dudana. Hosto hil, adar puxkak, ... eta eskorga mordoa goroldio. Goroldio boteretsua!! Ezin nuen imajinatu naturak horrenbeste ahalmen zuenik, ezen lore, fruitu ezta egiazko sustrairik ez duen landarea zein indarrarekin hedatzen den sinestezina da. 

Baina, nioen lez, belenez oroitzen naiz garai honetan, eta gogorarazlea goroldioa bera da. Izan zen garai bat administraziotik debekatu egin zutela landare hori bere toki naturaletik erauztea, eta belenetan paper berdeak ordezkatu zuen briofitoa. Eta oraintxe noa lur hartzera: hamabosgarren eskorga goroldio kargatzen ari naizela... desagertzear egon ei zen landare horrekin munduko belen guztiak bete nitzakeela iruditzen zait... eta hori eguneko lana oraindik amaitu gabe daukadala.

Argazkia: JMVM

otsaila 03, 2020

BI ZORO GEZURTI


Elkartu dira bi zoro eta milurteko arazoari irtenbidea aurkitu diote. Eta gero muin eman dute elkar, bakoitza bere etxera poz-pozik abiatu aurretik. 

Netanyahu eta Trump, munduko eszenategiko bi eragilerik arriskutsuenak ados jarri bide dira Ekialde Hurbilean Bibliako garaietatik den gatazkari azken puntua emateko. Eta gero Iranera igaroko dira edo Koreara. All for peace. Ze arraio! esan du Trumpek, “Ni ez ninduten txikikeriak egiteko hautatu, inork lortu ez duena loratzeko baizik” Eta lasai geratu da. 

Alde bakarreko aliatuek - eta ze aliatu!- bidez bestaldeko etsaiekin konponketarako oinarria jarri dutela haizatzean musika zerutiarra aditu ordez herioaren epikotasun tragikoak harrapatu nau, eta dardaran ipini. Ezen, ez al ziren bi kanaila horiek soldadutzan egon? Eta ez al zieten irakatsi etsaiari ez zaiola ezta urik eman behar? Noski maite dituztela gerrak! Orduan? Noiztik zarete palestindarren lagun? Esan dut palestinarrena, eta ez arabiarrrena. Horrek beste hausnarketatxo bat beharko bailuke. Nork sinetsiko dizue auzia konpontzeko bidean jarri duzuela, etsaiaren txikizioaren bitartez ez bada?

Bada, hori, esaten nuena. Zoro (arriskutsu)... eta gezurtiak: ezinbesteko osagaiak zanpatzaileen labean opil kirastu pozoitsua prestatzeko.